KRITIKA. Zinema

Tronu bat tiobiboan

Tom Hanks eta Austin Butler, filmeko une batean. HUGH STEWART / WARNER BROS.
Andoni Imaz.
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

'Elvis'

Zuzendaria: Baz Luhrmann. Aktoreak: Austin Butler, Tom Hanks, Richard Roxburgh, Olivia DeJonge. Herrialdeak: Australia, AEBak. Iraupena: 159 minutu.

Buz Luhrmannen Elvis ikusita, pentsa liteke zinema zorretan zegoela Elvis Presleyrekin. Rock-and-rollaren erregeak hogeitaka film egin zituen 1960ko hamarkadan, baina, garai hori haren bizitzako beheraldia baldin bada, ematen du Hollywoodek filmatutako irudiek berdin balio izan zutela mitoa puzteko eta Presley husteko. Aspaldiko profezia konplitu zela, alegia: kamerek arima lapurtu zioten. Akaso horregatik berpiztu du orain Luhrmannek, hari buruzko filmik handienean, seguruenik, eta anbiziotsuenean, dudarik gabe.

Zinemagileari ez zaio askorik interesatzen 1960ko urteetako garai hura —nola interesatuko zaio, bada, geldiune bat Luhrmanni—, baizik eta haren aurrekoa eta ondorengoa, eta hala kontatu du Presleyren bizitza (Austin Butler), bi zati nagusitan banatuta: lehenengoak, komiki eta opera rock festa ikusgarri batean, erakusten du nola iritsi zitzaion musikaren grazia mutikotan, sorterriko elizako eszena txundigarri batean, eta nola ezagutu zuen Tom Parker koronela (Tom Hanks, bere lanik onenetatik urruti). Superheroien istorio bateko heroia eta bilaua izan litezke, baina baita arrakastaren txanponaren bi aldeak ere: talentua eta negozioa.

Bigarren zatiak, berriz, Presleyren suspertzea eta Las Vegasko azken aroa kontatzen ditu, eta orduan hasten da filmaren gainbehera ere, erakustaldi estetikoa koxka bat jaitsi eta biopic-en konbentzio narratiboetara makurtzen denean.

Izan ere, Luhrmann delirioaren mugan aritu da oraingoan ere, dena nahasiz: filmak, komikiak, artxiboko irudiak, musika sekuentziak... Gaurko garaiaren abiadura jaso zuen jada Moulin Rouge! filmean (2001), eta interesgarria da ikustea nola uztartu diren arreta defizitaren aroa eta haren zinema, Tiktok estetikara iritsiz.

Filmean apenas dagoen Presleyren eszena intimorik, mitoaz ari delako pertsonaz baino gehiago. Azkenean, Elvis, Luhrmannen aurreko lanak bezalaxe, ikuskizunaren munduaren argi-ilunak bizitzaren beraren isla dira. Bi Elvis zeuden bakarrean: AEBak asaldatu zituen ikono erakargarria eta merchandising huts bihurtutako izar baten hondarrak. Puntu batetik besterako bidea ez, bien arteko kontrastea landu du filmak.

Esanguratsua da Luhrmannek istorioa Parkerren bidez kontatu izana, bere asmoa erakusten duelako: Parker iruzurgile bat zen, baina agertokietako ilusionismoan jakintsua ere bai. Ezin da Presleyren bizitza zirku bilakatu, hari traizio egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.