ATHLETIC 2 ATLETICO MADRIL 4

Zigor handiegia jaso du

Athleticek itxura ona eman du, Atletico Madril liderraren aurka. Bi aldiz jarri da aurretik. Tirapuk eta Maite Orozek mina hartu dute

Yulema, Athleticeko aurrelaria, erremate bat egiten saiatzen, atzoko norgehiagokan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Yulemak (1. min). 1-1: Sosak (28. min). 2-1: Gimbertek (47. min). 2-2: Olgak (55. min). 2-3: Jenifferrek (68. min) 2-4: Amandak (77. min). Epailea. A. Acevedo. Horiak: Athleticeko Eunateri eta Jonei; eta Atletico Madrileko Lalari.

Hiru jardunaldi igaro eta gero, puntu bakarra du sailkapenean Athleticek. Atzo, nahiz eta bi aldiz aurreratu, 2-4 galdu zuen Atletico Madrilen kontra, Lezaman. Baina zuri-gorriek ez zuten halako porrotik merezi izan. Nor baino nor gehiago lehiatu ziren lider dagoen taldearen kontra, eta itxura ona eman zuten. Baina ez zen nahikoa izan. Bisitariek zelai erditik aurrera dituzten jokalarien kalitatea baliatu zuten bigarren zatian, hiru puntuak urratzeko. Ainhoa Tirapuk eta Maite Orozek min hartu zuten, eta, porrotarekin batera, horixe izan zen albisterik txarrena Joseba Agirreren taldearentzat.

Dena den, atzo ondo egindako gauza onei heldu behar diete zuri-gorriek datozen partidetarako. Esaterako, sasoiko lehen bi golak sartu zituzten. Bat, gainera, partida hasi eta berehala: hamabigarren segundoan. Athleticek zelai erditik baloia atera, baloia luze bat jaurti, eta Yulemak bizkarra irabazi zien Atletico Madrileko atzelariei, eta ez zuen huts egin.

Bigarrena sartzear ere egon zen Yulema bera hamargarren minutuan. Baina haren burukada ondo geratu zuen Lolak. Baloia Atletico Madrilek izan arren, Athleticek kontrolpean izan zuen partida hasieran. Ondo aritu zen. Defentsan ondo eutsi zietenAtletico Madrileko aurrelariei, eta erasoan bizi eta zuzen aritu ziren.

23. minutuan, ordea, lehen ezustekoa iritsi zitzaion Athletici. Ainhoa Tirapuk zelaia utzi behar izan zuen min hartuta. Anderek ordezkatu zuen. Ia hurrengo jokaldian, bisitariek berdinketako gola sartu zuten. Sosak eskuinez jaurtiketa neurtu eta geldiezin bat bat egin zuen, eta baloia sareetara joan zen (28. minutua). Handik gutxira gertatu zen Maite Orozen lesioa (39. minutua).

Bero handia egiten zuenez, jokalariek eskertu zuten atsedenaldia. Lehen zatian bezala, bigarrengoan ere kementsu irten zen Athletic berdegunera, eta, lehen zatian bezala, hasi eta berehala berriro ere aurretik jarri zen. Oraingoan, Vanessa Gimbertek sartu zuen gola, korner batean sortutako jokaldi nahasi batean (46. minutua).

Baina gol bateko errenta txikia da Atletico Madril bezalako talde bat aurrez aurre izanda. Bisitarien entrenatzaileak bi aldaketa egin zituen, eta Olga eta Jennifer Hermoso zelairatu.

Gola sartzeko gutxi behar duten jokalariak dira biak. Irten eta hiru minutura, Olgak berriro ere lehia orekatzea lortu zuen, area txikian Amandaren erdiraketa bat erramatatu ostean.

Kolpe erabakigarria izan zen hori Joseba Agirreren taldearentzat. Hortik aurrera, Atletico Madril nagusitzen hasi zen. Athletic nekea antzematen hasi zen, eta apur bat atzera egin zuen. Beraz,bisitariak maizago gerturatu ziren Andrearen atera, eta, jokaldi eztabaidagarri batean, 2-3 jarri ziren aurretik. Jone Ibañez lurrean zegoen, baina ez zuten baloia kanpora bota, eta Jeniferrek hirugarrena sartu zuen. Amandak utzi zuen erabakita partida 76. minutuan, buruz erdiraketa bat errematatuz. Nekanek izan zuen markagailua estutzeko aukera, 88.ean, baina ez zuen asmatu.

Bestalde, liga hasiera onari eutsi, eta erreskadan hirugarren garaipena lortzen ahaleginduko da gaur Reala, Logroñoren zelaian. Igo berria da etxeko taldea, eta lehen bi partidetan puntu bat lortu du, ezustean Valentziaren aurka berdinduta. Nerea Izagirre eta Sandra Ramajo baino ez ditu utzi deialditik kanpo Gonzalo Arkonadak. Biak min hartuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.