'Xangai'-ri bihotzez
Bego Ariznabarreta Orbea (Gasteiz, 1953) Luis Espilla gudariaren alaba laugarrena dugu. Lanik franko bazuela zebilen orain urtebetetsu, konfinamendua agindu zutenean. Aita zenaren paper zaharrak zuzentzeari lotu zitzaion, Mariaje ahizpa lagun. Euren aita Luisek paper muturretan eskuz idatziak azaldu zitzaizkien. Etxean behin eta berriz eta askotan aditutako istorio-historiak. «Eta hantxe, txinatarrarena! Inoiz, duda ere egin genuen etxean istorio hura egia ote zen, alegia, txinatar bat gudariekin batera gerran? Gure aitaren ondoan?… Baina gure aitak idatzita utzi zuenez, sarean arakatzen hasi nintzen». Bego Ariznabarretak Espainiako Gerla Zibilean parte hartu zuten txinatarrei buruzko lan batean aurkitu zuen Xangairen aztarna zuzena, hau da, 2001ean Hwei-Ru Tsou eta Len Tsou ikertzaileek txineraz argitaratutako Ganlan Guiguan de Zhaohuan: Canjia Xibanya Niezhan de Zhongguuoren (1936-1939) liburuaren gaztelaniazko bertsioan. «Lehen orrialdean bertan agertu zitzaidan Aking Txan, edo Txen Agen, beren dialektuan. Zegokion orrialdera jo eta irakurri orduko jabetu nintzen gure aita zenaren idazkietan agertzen zen brigadista bera zela! Gaztelaniazko itzulpenaren egilearekin harremanetan jarri eta autoreengana heldu nintzen. Gure aitak idatziek zer zioten jakinarazi nien, eta materiala helarazi… Gure aitak ez zuen informazio okerrik, zuzen zegoen, guztiz, eta, are, hark idatzitakoak lagungarri izan zaizkie Tsou senar-emazteei, zenbait makur zuzentzeko, eta informazioa osatzeko!». Hunkigarria zaio Bego Ariznabarretari. «Gure aita bizirik irten zen, baina Aking Txanen berririk ez da, 1943an libre zela besterik. Nora jo zuen ezin jakin, eginahalak eta bi eginagatik ere! Ikaragarria izango litzateke haren ondorengoekin bat egitea, gure aitak utzitako eskuizkribuak haiekin elkarbanatzea. Gure aitak estimu handitan zeukan Xangai… Idatzia ere utzi zuen gure aitak: 'Xangai adiskidea, Gasteizko txoko honetatik, Euskaditik, besarkada eta agur bero bat, bihotzez, zuri'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu