Burkina Faso. Bi kazetariren hilketa. David Beriain

Gatazken bozgorailu

Gerra ugariren berri emandakoa zen Beriain; prentsa idatzian aurrena, ikus-entzunezkoetan gero. Ekoizpen etxe propioa sortu zuen, 93 Metros, inoren erabakien mende ez egoteko.

DISCOVERY MAX / EFE.
jon olano
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Gatazka guneetan zaildutako kazetaria zen David Beriain (Artaxoa, Nafarroa, 1977), munduko hainbat eremutako gerrak kontatzen eman baitzuen bere ibilbide profesionala. Gaztetatik joan zen atzerrira; Nafarroako Unibertsitatean ikasketetako lehen ikasturtea amaitu berritan, 18 urte zituela, Argentinako egunkari txiki batean hasi zen kazetaritzan, ustelkeria auziak ikertzen, eta irailaren 11ko atentatuen ostean hasi zen gerra kazetaritzan; La voz de Galicia-n aritu zen, eta Irakera joan zen erreportaje batzuk egitera. Prentsa idatzitik ikus-entzunezkoetara igaro zen ondoren: «Interesatzen zitzaizkidan gaiak hobeki landu zitezkeen ikus-entzunezkoekin. Motibatzen nauten gauzak egiten ari naiz orain, tokietan jendearekin esertzen eta hitz egiten. Halakoetan, errealitate dosi handiak jasotzen ari naiz», azaldu zion BERRIAri 2015ean eginiko elkarrizketa batean.

Afganistan, Irak, Darfur... Apurka-apurka, luzatuz joan zen Beriainek bertatik bertara ezagututako gatazken zerrenda. 2008an, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen kanpalekuak grabatu zituen, eta Jose Manuel Porquet saria jaso zuen Diez dias con las FARC (Hamar egun FARCekin) erreportaje sortarengatik; lan horri esker, finalista izendatu zuten Bayeux-Calvados sarietarako ere.

Hain zuzen ere, esperientzia horretan ezagutu zuen Pastor Alape FARCeko idazkaritzako kide izandakoa; atzo, Alapek gogoan izan zuen Beriain, sare sozialetan: «David Beriain ezagutu nuen erresistentzia armatuaren garaietan, Bolivar hegoaldeko mendietan, bere kazetaritza jarduera koherentzia kritikoz gauzatzen». Alapek «atsekabea» azaldu du «berean» hil delako Beriain: «Egia bilatzeko arriskuan. Bidaia on, eternitatearen berriemaile».

Ikus-entzunezkoetan murgilduta, bere ekoizpen etxe propioa sortzea erabaki zuen 2012an: 93 Metros. Izenak badu azalpena, 2017an Nafarroako Unibertsitateko aldizkariari kontatu zionez: «Nire amona hil zenean sortu genuen. 98 urte zituela hil zen, eta denok genion miresmena. 93 metrokoa da haren etxetik otoitz egiten zuen elizako eserlekuraino dagoen distantzia. Izen hori jarri diogu, ez dugulako ahazten batzuetan istoriorik handienak lekurik txikienean daudela».

Ekoizpen etxe propioa sortzeko erabakiaren arrazoiak ere azaldu zituen iaz, Navarracapital.es atariak eginiko elkarrizketa batean: «Ulertu nuen lortzen nuena delikatuegia zela beste batzuen esku uzteko, azkenean nagusi batek, tokian bertan egon gabe eta iturriekin zenituen konpromisoak ezagutu gabe, erabaki zezan... Konturatu nintzen enpresaria izan behar nuela, ekoizlea».

'Clandestino' saioan

Beraz, ekoizpen etxe propioarekin egin zituen Clandestino saiorako erreportajeak, DMAX telebista katean emandakoak; horretan kontatu zituen, besteak beste, El Salvadorko indarkeria eta Mexikoko Sinaloako kartelaren nondik norakoak. Munduko talde kriminal boteretsuenetako bat da Sinaloakoa, eta lau hilabete eman zituen hango kideekin. «Saioa nire bizitzako ametsa da. Munduari begiratzeko nire modua da. Humanista izan nahi dut, inor epaitu gabe», azaldu zuen 2017ko otsailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.