«Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute»

Geroako Kaltetuak plataformako kideek estatutua aldatzea eta horren berri ez ematea egozten diete zuzendariei eta sindikatuei. Helburu argia dute: euren dirua, nahi duten eran, berreskuratzea.

Federico Lopez, Jose Luis Zubeldia, Juan Mari Perez, Bittor Eskisabel eta Jose Mari Lazkano. RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Hasieran 30 bazkide baino ez ziren, baina, egun, milatik gora langilek osatzen dute Geroako Kaltetuak plataforma. Lau urte daramatzate borrokan, aldarri nagusi batekin: euren dirua, nahi duten moduan, berreskuratzea.

1996an sortu zuten Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea. Garai hartan hiru bide zehaztu zituzten bazkideek egindako ekarpena berreskuratzeko: hileko errenta bidez; guztia aldi berean jasotzea, administrazio organoak ezarritako muga bateraino —6.000 euro garai hartan—; eta sistema mistoa. Baina 2001ean estatutua aldatu zuten, eta azken aukera hori ezabatu zuten.

Duela zortzi urte, 2015ean, Geroak beste behin aldatu zuen estatutua; 45.120 eurotan jarri zuten diru guztia aldi berean eskuratu ahal izateko muga. Kopuru hori gainditzen dutenek dirua soilik errenta bidez jaso dezakete —hilean 188 euro gordin—. Kopuru horretatik beherakoek, berriz, nahi izatekotan kobrantza bakarrean eskuratu dezakete euren diru guztia.

Bazkideek kasualitatez izan zuten aldaketaren berri. «Erretiroa hartu nuenean Geroara joan nintzen, urteetan egindako ekarpena berreskuratzeko. Esan zidaten nire dirua errenta bidez soilik eskuratu nezakeela, mugatik pasatzen nintzelako. Nire egoera berean zeudenekin harremanetan jarri nintzen, eta, pixkanaka, jendea batuz joan da», azaldu zuen Jose Mari Lazkanok. Plataformako kideek salatu dute inork ez ziela eman estatutuaren aldaketaren berri. «Ez zaigu informaziorik iritsi; ez Eusko Jaurlaritzatik, ez sindikatuetatik, ezta Geroatik ere», esan zuen Bittor Eskisabelek.

Txoko guztietara joan dira erantzunen bila, baina ez dituzte inon aurkitu. «Mundu guztiarekin hitz egin dugu: Jaurlaritzarekin, Geroarekin, patronalekin, sindikatuekin eta alderdi politikoekin —Voxekin izan ezik—. Guztiek gauza bera esan dute, ulertzen gaituztela, baina ezin dutela ezer egin», adierazi zuen Lazkanok. Jose Luis Zubeldiak uste du jarrera hori «ulergaitza» dela, «are gehiago, alderdi horietako batzuek erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiten dutenean».

Hain justu, euren dirua nola kudeatu erabaki ahal izatea aldarrikatzen dute Geroako kaltetuek. Bada, Zubeldiak gogora ekarri zuen orain hilabete Ulma eta Orona kooperatibetako bazkideek izan zuten batzarra: «Estatutua aldatu behar bada, abisatzea da gutxienekoa. Bozketa bat egin behar litzateke, Mondragon taldearekin egin zen bezala; enpresaz enpresa, eta, gero, ateratzen dena onartu».

Gipuzkoan bakarrik aldatu zuten estatutua; ez Bizkaian, ez Araban. Juan Mari Perez Txurdo-ren arabera, langileekin kontsultatu zuten aldaketa bi lurralde horietan, eta ezezkoa atera zen. Orain, Gipuzkoako bazkideek gauza bakarra eskatzen dute: errenta bidez ala kobrantza bakarrean, baina norberak nahi duen bezala bere dirua eskuratu ahal izatea.

Sindikatuak dituzte «etsai»

Federico Lopezek hala aitortuta, badago ulertzen ez duten zerbait, hots: «sindikatuen onespena».Berretsi zuten sindikatuak direla haien «aurkari eta etsai handienak». Egun, sindikatuetako 44 ordezkari dituzte Geroan, baina ez dute bat bera ere ezagutzen. Eskisabelen arabera, askotan galdetu die ordezkari horien inguruan, baina ez dute izen-abizenik eman. «Nik jakin behar dut nork defendatzen nauen, ezagutu nahi ditut nire ordezkariak. Iluntasun handia dago», zioen ataundarrak.

«Bozketa horien tartean sindikatuak daude, hori da larriena», esan zuen Txurdok. Plataformako kideen arabera, sindikatuek bazkideen iritzia kontuan izan gabe hartu zituzten erabakiak. Bada, salatu zuten ez zietela estatutuaren aldaketen berri eman, eta «garbi ez jokatzea, egia ez esatea eta adarra jotzea» egozten diete: «LABi, CCOOri eta tarteko beste guztiei». Harekin bat egin zuen Eskisabelek: «Trintxera bat eginda daude. Enpresariak enpresariak dira; politikariak, politikariak, baina sindikatuek horrela jokatzea... ezin sinetsita gaude».

Azken urteotan birritan bildu dira sindikatuak eta Geroako kaltetuak. Baina estatutuaren aldaketari eta 45.120 euroko mugari buruz jasotako erantzunek ez dituzte bazkideak konbentzitu. «Sindikatuek esan ziguten beren filosofia errenta dela. Erraza da hori esatea besteen diruaren inguruan ari zarenean», adierazi zuen Lazkanok. «Ez zuten uste 25 urteren ondoren bi jubilatu borrokan hasiko zirenik, atea jo eta azalpenak eskatuko zituztenik».

Osasuna, jokoan

Bi bidetan zentratu dute borroka: mobilizazioak eta protestak, batetik; eta epaiketak, bestetik. Oraingoz, izan dituzten hamabi epaiketetatik guztiak galdu dituzte: «Asufin elkartekoek hasieratik ohartarazi ziguten, esan ziguten lehenengo epaiketak galdu egingo genituela. Geroak indar handia du». Hala ere, Lazkanok uste du bide judiziala «ondo» doala; «borroka luzea da», dio.

Bada, borrokak luze joko duela aintzat hartuta, zenbait horren amaierara iritsiko ez diren beldur da Lopez. Lau urte bete ditu Geroako Kaltetuak plataformak, eta kideek nabari dute urte horien joan-etorria. «Lau urte hauetan, egunero, esnatu eta buruan dudan lehenengo gauza Geroa da. Horrekin egiten dut amets. Dugun adinarekin, lasai egoteko eskubidea dugu», dio Lazkanok. Egoerari irtenbidea aurkitu nahi diote, lehenbailehen, baina argi dute ez dutela etsiko euren dirua, nahi duten moduan, berreskuratu arte. Izan ere, diru kantitateaz harago doa kaltetuen haserrea: «Ez da bizimodua konponduko digun diru kantitate bat, hori ez da kontua. Okerrena da adarra jo digutela. Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.