mikel reina
HIRUKOTIK

Tokiak

2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Bakoitzak bere tokia aurkitu behar du. Bizitzako edozein arlotan. Bere tokiaren bila dabil Baskonia. Hura mugitu baino gehiago, hura mugiarazi dute tokitik. Gasteiztarrak haien proiektuagatik izan dira ezagunak azken hamarkadan. Buesa Arena plaza ezin hobea izan da Europako goi mailako taldeetara jauzi egiteko. Tranpolin bat zen. Oraindik bada, baina ez dute hainbestek jauzi egiten; parte hartzaile gutxiago daude, eta ez daude hain prest jauzi egiteko. Simone Fontecchio izan da azkena; azkena, eta azkenaldiko onenetakoa. Baskoniatik Europako Txapelketan Italiako selekzioko liderra izatera pasatu zen. NBAn ikusi beharko da zein izango den haren jarduna. Utah Jazzek toki aproposa dirudi, goia jo ostean, berreraikuntza lanetan baitaude Salt Lake Cityko taldean

Inor ez dago salbu. Etorrerak edo fitxaketak izan dira Baskonian aldatu direnak. Merkatua ere asko aldatu da, gazteen artean batez ere. Gaur egun, askoz errazagoa edo merkeagoa da NBAra jauzi egitea. Gazteek ondo baino hobeto dakite hori, eta horren inguruan antolatzen dute haien etorkizuna. Estatu Batuetako unibertsitateetako ateak ere inoiz baino irekiagoak daude, horrek dakarren guztiarekin gazteentzat. Joan den astean aipatutako Victor Wembamyamaren adibidea oso argigarria da, baina badaude beste asko. Talde handiek, Euroligakoek batez ere, zailtasun asko dituzte harribitxiak erakartzeko. Harrobiak ere gero eta globalizatuagoak daude, baina onenen artean onenek bakarrik egiten dute jauzi lehen taldera. Aldagai asko sartzen dira jokoan, gehiegi batzuetan.

Real Madrilek, esaterako, arazoak ditu harribitxiei eusteko. Hau da, talde handienetan ere gertatzen ari da; inor ez da salbu. Azken urteetan, Ziga Zamar, Urban Klavzar, Tristan Vucetic, eta Juan Nuñezen kasuak dira argigarrienak; azkenarena, batez ere. Nuñezek ere Wembamyamaren bidea hartzeko hautua hartu zuen. Alemaniako Ulm taldean ari da, Anton Gavelen esanetara; bai, Municheko Bayernen eskolta ohia entrenatzailea da orain. Minutu bila doaz gaur egun gazteak, baina ez elitean, bigarren maila batean; ez dute onenen aurka lehiatu nahi, haien estatistikak puztu baizik. Ulm Eurokopan ari da; Wenbamyamaren Levalloise ez da Europan jokatzen ari; Eurokopan ez da jokatzen astean bitan, Euroligan bezala, eta Alemaniako Liga ere ez da oso gogorra; beraz, itxuraz, min hartzeko arrisku gutxiago dute jokalariek.

Merkatua. Merkatu horretan lekua galdu du Baskoniak. Ez dabil beti bezain fin bulegoetan. Luca Vildozarena inor gutxik espero zezakeen: Baskoniak Europako bere eskubideak izanda argentinarra Izar Gorrira joatea, eta ezer ordaindu gabe. Arraroa oso. Egutegiak, gainera, Izar Gorria ekarriko du bihar Buesa Arenara. Udan ere Roland Smits eta Ignas Brazdeikis izan ziren. Ikusteko dago Baskonian min hartutako Steven Enoch ordezkatzeko merkatura joaten diren. Talentu gaztea erakartzerakoan ere zailtasunak daude. Sidy Cissoko NBAren azpiko mailara joan zen, Europako eskubideak mantenduz, baina argentinarrarekin gertatu denaren ondoren, auskalo.

Fitxaketak txikitako opariak bezalakoak dira: ez dakizu zer dagoen barruan. Lehen, ideia bat izan zenezakeen, baina orain, zailagoa da jakitea zein izango den oparia. Orain arte, Darius Thompsonena seguruena zen. Markus Howardena, egunaren araberakoa: egun batzuetan gustuko duzu, eta hurrengoan pixka bat gutxiago. Daulton Hommes da oraindik guztiz konbentzitzen ez zaituen jostailu hori.

Baskoniak bikain ekin dio Euroligari: jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Hain zuzen ere, txapelketako sailkapenean ere euren tokiaren bila dabiltza Joan Peñarroyarenak. Gutxik sartzen dituzte zortzi talde onenen artean, eta hein handi batean, normala ere bada, taldearen gaztetasuna kontuan hartuta; garrantzi handia du horrek horren liga luze batean. Alba Berlinek hartu dugasteiztarren talentu garatzaile proiektuaren testigua. Alemaniako hiriburuko taldeak oso argi du bere filosofia. Bost taldek irabazi dituzte lehen bi partidak, eta Alba Berlin eta Baskonia dira horietako bi. Hasiera on batek lan asko aurreratzen du; iaz, adibidez, arabarrek galdu egin zituzten lehen bi partidak, eta final-laurdenetatik bi garaipenera geratu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.