Aimar Oroz. Osasunako jokalaria

«Osasunan arrakasta izateak ez dit aldatu bizitza»

Bere betiko taldean bidea egiten ari da Aimar Oroz. Fidela izan zaio beti, eta bere burua urte luzez ikusten du gorriz jantzita. Sevillari sartu zion lehen gola; haren zelaian ariko da gaur Osasuna (21:00, Dazn).

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
Taxoare
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Joan-etorrian dabil jendea Taxoareko prentsa aretoan. Halako batean, Aimar Oroz agertu da (Arazuri, Nafarroa, 2001), Chimy Avila atzetik segika duela. «Esan nik egin zintudala handi lehen partidan!», zirikatu du argentinarrak. Izan ere, hark penalti erabakigarria jaurtitzen utzi zion ligako aurreneko jardunaldian, Sevillaren aurka. Aimarrek ez zuen huts egin, eta, geroztik, Osasunaren giltzarrietako bat bilakatu da. Solasean ez omen da futbolean bezain trebea, baina hitz eta pitz aritu da ia hiru ordu laurdeneko elkarrizketan.

Orkatilako minez izan zara, baina lehiara itzuli zinen Real Madrilen aurka. Guztiz osatuta zaude?

Ondo nago, oraindik zerbait nabaritzen dudan arren keinu batzuk egiterakoan. Kolpe handia hartu nuen orkatilan, eta Kopako hurrengo partida galtzeko arriskua neukan. Azkenean, azkar osatu naiz, betaurreko berezi batzuen laguntzaz. Lesioak gure lanaren parte dira, baina batzuetan, ondoen gaudenean iristen zaizkigu.

Nola ari zara bizitzen azken hilabeteetako arrakasta?

Nik berdin jarraitzen dut. Osasunan arrakasta izateak ez dit aldatu bizitza. Egia da jende gehiago hurbiltzen zaidala hitz egitera, baina, bestela, ez dut aldaketarik nabaritu.

Lehen taldean horren garrantzitsu izaterik espero zenuen denboraldia hasi aurretik?

Ez, ez. Nire planetan ez zen sartzen lehen partidan hasieratik jokatzea, eta are gutxiago gola sartzea. Hortik aurrerakoa ere, noski, ez nuen inondik ere espero.

Penaltiz sartu zenuen lehen gola, Sevillaren aurka. Zer sentitu zenuen Bonoren aurrean jartzean, Sadarreko zale guztiak zuri begira zeudela jakinik?

Baloia Moiri eskatu nion, baina Chimyri pasatu zion. Ordea, oso gogotsu ikusi ninduen hark, eta penaltia jaurtitzen utzi zidan. Asko eskertzen diot. Konfiantza handiz nengoen. Baloia, Bono eta neroni geunden bakarrik. Harmailei ez nien erreparatu.

Baloia sareratu ostean, ordea, zoratzen joan zinen zaleengana.

Nik ere ez dakit zer sentitu nuen. Korrika bizian atera nintzen ospatzera. Aldatu egin ninduten geroago, eta hunkitu egin nintzen aulkian. Lanak izan nituen malkoei eusten.

Zure bigarren partida zen Sadarren, eta bana berdinduta zeundeten. Nortasun handia behar da baldintza horietan penaltia bota nahi izateko.

Akatsei ez zaie beldurrik eduki behar. Hau joko bat besterik ez da, eta ez da ezer gertatzen penalti bat huts egin edo partida bat galtzeagatik.

Zelaitik kanpo lotsatiagoa zara, ezta?

Baietz esango nuke. Zelaian nagoenean, futbolean jokatzen dut, eta kito. Hori da nire tokia. Elkarrizketetan eta halakoetan, ordea, ez naiz horren eroso sentitzen. Nahiago aurkariz inguratuta egon, kazetariz inguratuta baino; hori ziur [barrez].

Oihartzun mediatikoa da zure ofizioaren alderik txarrena?

Niretzat bai, argi eta garbi. Gaizki daramat jendeak kaletik gelditzea eta argazkiak ateratzea. Itzela litzateke kalean inork ezagutu gabe jokatu ahalko banu futbolean. Ez zait nabarmentzea gustatzen.

Zure izena umea zinenetik ibili da bolo-bolo. Talde handien eskaintzak jaso zenituen harrobian. Haatik, oinak lurrean mantentzeko gai izan zara.

Ni nire munduan egon naiz beti. Futbolean jokatuz gozatzea izan da beti nire lehentasuna. Ez dut beste ezertan pentsatu. Asko zor diot gurasoek eman didaten heziketari, eta, lagunartean, beste bat gehiago izan naiz beti. Lagungarri izan zait Arazuri bezalako herri txiki batean bizitzea.

Eta beti leial izan zatzaizkio Osasunari.

Adibidez, Real Madril etorri zen nire bila, baina ni ume bat besterik ez nintzen, eta neure burua ez nuen ikusten etxetik kanpo eta ingurukoengandik urrun bizitzen. Gainera, Osasuna zalea izan naiz betidanik, eta horrek ere, noski, garrantzia izan du erabakiak hartzerakoan.

Osasunan urte luzez jokatuko duzula uste duzu?

Sarritan galdetu didate, eta baietz erantzuten dut. Etorkizunean mila gauza gerta daitezke, baina posible ikusten dut Osasunan urte askoan jokatzea. Kontratua 2026ra arte dut; momentuz, aski.

Ulergarria da Osasunan jarraitu nahi izatea, gorenean guztiz egonkortuta baitago. Sasoi honetan, gainera, onenen pare zabiltzate.

Geroz eta talde hobea dugu, eta, ondorioz, geroz eta gehiago nahi dugu. Lehen Mailan jarraian zenbat daramagu, lauzpabost denboraldi? Lau dira. Begira, ona da zalantza izatea. Erakusten du guztiz egonkortuta gaudela.

Ligan martxa geldotu egin duzue azken asteetan. Kopa jokatzearen ondorioa da?

Ezetz esaten dugu, baina nik baietz uste dut. Kopan ariko ez bagina, ligan puntu gehiago izango genituzke. Fisikoki ez zara horren fresko iristen, partidak oso tarte txikian kateatzen dituzulako. Eta arreta aldetik, burua pixka bat Kopan duzu. Normala da, Osasuna ez baitzen aspaldi finalerdietara iritsi. Aukera historikoa da.

Joan-etorriko kanporaketa jokatuko duzue Athleticen aurka. Nolakoa izatea espero duzu?

Oso bide polita egin dugu orain arte, eta Athleticen aurka bi final jokatuko ditugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu Sevillako finalean egoteko.

Aukeran, hobe itzuliko lehia Sadarren jokatuko balitz?

Horri ez diogu aparteko garrantzirik ematen, ez baitakigu zer gertatuko zen hala suertatu izan balitz. Etxean hastea egokitu zaigu, eta dena emango dugu.

Eta Athletic nahiago izango zenuen finalean topatu?

Ez du inporta. Ondo dago; Osasuna finalean egotea da kontua.

Bat egin dute Osasunaren goraldiak eta zure agerraldiak.

Kasualitatea da. Hala gertatu da, besterik gabe.

Baina ezin uka zuk eta Moi Gomezek taldearen jokoa findu duzuela.

Izan daiteke. Ez dakit. Egia esan, Moirekin oso harreman ona dut lehen egunetik, zelaian nahiz zelaitik kanpo. Oso erraza da haren ondoan jokatzea, oso ona baita.

2017an egin zenuen debuta lehen taldean, baina aukera oso gutxi izan duzu sasoi honetara arte. Nola bizi izan duzu itxaronaldia?

Orduan ez nengoen prest jauzia egiteko. Horregatik, azken urteetan bigarren taldean jokatu dut, eta oso ondo etorri zait. Asko hobetu dut. Gainera, klubetik aparte lan zehatza egin dut alor fisikoan, eta lau urtean hamar kilo inguru gihar hartu dut.

Asko zor diozu Jagoba Arrasateri?

Bai, eta oso eskertua nago harekin. Izan ere, haren eskutik egin nuen debuta Bigarren Mailan, baita Lehen Mailan ere, eta aukera asko ari zait ematen denboraldi honetan. Bigarren taldean nintzela, lasai egoteko esaten zidan, eta zuzenketa batzuk egiten zizkidan.

Denboraldiaurrean lehen taldearekin aritzeko deitu izan zaitu. Udarako aukera horiek gauza handia izango dira harrobiko gazteentzat.

Urduri izaten zara, zure idoloekin batera entrenatzeko aukera duzulako. Gainera, ni 16-17 urterekin deitu ninduten aurrenekoz. Hori bai, asko hobetzen duzu, eta ohitu egiten zara azkenean. Ederra da.

Harrobia funtsezkoa da oraindik Osasunan, ezta?

Bai, geroz eta lan hobea ari dira egiten harrobian, eta, horren erakusgarri , sasoi honetan harrobiko lau agertu gara: Pablo [Ibañez], Diego [Moreno], Iker [Muñoz] eta neroni. Denok gabiltza ongi, eta polita da harrobian taldekide izandakoekin batera jokatzea.

Roberto Torresen eta Oierren hutsunea nabari duzue?

Orain David eta Unai Garcia dabiltza kapitain, eta oso ondo ari dira. Ezinbestean nabaritzen dugu Oierren eta Robertoren falta, baina haien lekukoa esku onetan dago.

Haiengandik asko ikasiko zenuen. Bestela, idolo edo erreferenterik izan duzu futbolaren munduan?

Txikitan, Patxi Puñal nuen idolotzat, eta Ronaldinho ere asko gustatzen zitzaidan. Gero, asko begiratu diet Messiri eta Iniestari.

Zer duzu hobetzeko?

Gauza asko. Fisikoki asko falta zait oraindik. Defentsan ere hobetu dezaket, eta gol gehiago sartu nahi ditut. Gehiago iritsi behar dut areara. Nire indargunea, beti, sormena izan da.

Lagunek zer esaten dizute?

Denetarik dago. Batzuk futbolzaleak dira, baina beste batzuek paso egiten dute. Orain, agian, kasu gehiago egiten diote, baina ez gehiegi. Arazurin betiko Aimar naiz orain ere.

Denbora librean zer egitea duzu gustuko?

Ordu gehienak lagunekin igarotzen ditut, herriko elkartean. Kartetan aritzen gara, eta ping-pong mahaia ere badaukagu. Nahiago dugu herria, hiria baino. Gutxitan joaten gara Iruñera.

Ikasketei ere eskaintzen diezu denbora, ezta?

Bai, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasten ari naiz gaur egun. Nekazaritza Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, euskaraz, baina klaseak ezin nituen entrenamenduekin bateratu. Garbi dut futbolaz gain beste bide bat jorratu beharra dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.