KRITIKA. Zirkua

Zirku malutak Durangon

Agus Perez -

2019ko urtarrilak 2

Maluta jaialdia

Artistak: Maria Villate, Laia Sales, Francesco Caspani, Maitane Azpiroz, Aime Morales. Zeremonia maisua: Gorka Ganso. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Abenduak 28.

Gabonetako datak ume-emanaldiz beteta agertzen zaizkigu, eta Durangon badira lau urte Maluta jaialdia eskaintzen digutela formatu sinple bezain eraginkor batekin: bost zirku-artista batzen dira gaualdian, eta haietariko bakoitzak bere espezialitateko ekitaldia jokatzen du Gorka Gansoren hitzik gabeko gidaritzapean. Egia esan, ni beti joaten naiz bere tontakeria sublimeak ikustearren, baina artista gonbidatuen erakustaldiak ez dira bazterrean lagatzeko modukoak, eta aurten ere maila bikaina eman dute haiek guztiek.

Ganso kaletik zuzenean sartu da aretora, bere ganorabako itxura paregabearekin eta bizikleta zahar baten gainean. Eskuleku aurrean maletatxo bat zeraman, eta handik irten diren elementuak ezinbestekoak izan dira artista bakoitzaren ekitaldia aurkezteko, parodiatzeko edo, besterik gabe, emanaldiari jarraitutasuna emateko.

Maria Villate akrobatari tokatu zaio lehen txanda. Artista bizkaitarrak buruz behera eta eskuen gainean burutu ditu bere ariketak, hankekin dantza politak eginez eta atzeko ispilu malguan islatzen ziren irudiekin jolastuz. Sasoi betean dagoela erakutsi digu bere saioan zehar, urterik urte gaitasun handiagoa daukala eta irudimenik ez zaiola falta. Laia Salesek (Valentzia, Herrialde Katalanak) patinatzen eman du bere ekitaldi osoa, baina berezitasuna esku artean ibili duen kristalezko bola izan da. Askotan iruditu zaigu bizirik zegoela diametroan hamar bat zentimetro edukiko zuen esfera, hain ziren trebeak eta sinesgaitzak artistaren esku eta besoen mugimenduak. Ordu askotako entrenamenduak, inspirazioak eta abegikortasunak bola bera bezain borobila bihurtu dute saioa.

Francesco Carpani italiarra etorri da jarraian, hemezortzi balderekin jongler-lanetan, eta zur eta lur utzi gaitu dorre eta forma ezinezkoak trebezia handiz eraikiz, umore ona eta dinamismoa lagun. Gero, Maitane Azpiroz nafarrak trapezioa eta zuzenean editaturiko musika uztartu ditu, eta nik esango nuke bere ariketa orbangabeak nazioarteko mailan egon daitezkeela, eboluzioen diseinu eta fineziagatik eta artistak haietariko bakoitzean hartu dituen arrisku fisikoengatik. Azkenik, Venezuelako Aime Moralesek ere eman du dudarik gabeko nazioarteko maila bere pertsonaia samur eta dibertigarriarekin eta uztai bakarreko Cyr gurpilean egin duen erakustaldiarekin.

Esan bezala, Gansok egin du zeremonia-maisuarena, eta bere aurkezpen ekitaldien artean bereziki gogoratuko ditugu argia eskuz harrapatu eta beste norabait botatzeko abilidadea, zerura igo den lehoi maitekorraren esketxa, Carpaniren balde zuriekin egindako funikularra eta, zelan ez, istripuz hildako pelutxezko katuaren saio bikaina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna