Sanrokeak Laudion

Dantzan datoz festak

Laudioko sanrokeak heltzear dira: gaur irakurriko dute pregoia, eta bihar jaurtiko dute suziria. Bi une horietan, herriko dantza taldeak izango dira protagonista. Herriko elkarteek askotariko nahiak asetzeko egitaraua prestatu dute jaietarako.

Laudioko jaien hasiera, herriko plazan, duela lau urte. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Dantzan datoz Laudioko (Araba) sanroke jaiak. Herriko dantza taldeek izango dute ardura gaurko pregoia irakurtzeko eta biharko txupinazoko suziria pizteko: pregoia Itxarkundia dantza taldeak irakurriko du gaur, arratsaldeko zazpietan. Txupinazoa, berriz, bihar piztuko dute, eguerdiko hamabietan. Txupinazoko suziria Aziak dantza taldeko kideek bidaliko dute zerura, plazan bilduko diren guztiak dantzan jartzeko.

Txupinazo egunean gonbidatu bereziak izango dira bihar: Saharatik eta Txernobil (Ukraina) inguruko herrietatik uda pasatzera etorri diren hamar haur izango dira. Dantzariek suziria piztu eta gero, Laudioko jaiez gozatu eta ondo pasatzeko aukera izango dute haiek ere: bai bihartik hasita ostiralera arte, jaien lehen partean, bai abuztuaren 22tik 26ra arte ere, bigarrenean.

Aurten bigarren urtez ez dute zezenketarik egingo. Iaz hartu zuten erabakia, eta, horren ondorioz, zezenketen aldeko Laudioko Mazzantini elkarteak aurkako jarrera izan zuen. Amets Meaza Laudioko Kultura zinegotziaren esanetan, aurten ez dute kexarik jaso; hau da, uste du herritarrek neurria onartu dutela. Erabakia ez du udalak hartu, zinegotziaren hitzetan: «Jendarteak hartutako erabakia izan da». Meazak azaldu duenaren arabera, «oso jende gutxi» joaten zen zezenketak ikustera.

Bestalde, udalak eraso matxisten kontrako protokolo bat jarri du martxan, herriko mugimendu feministekin eta emakume taldeekin elkarlanean. Jaietako testuinguruan genero rolak gehiago indartzen direnez, Laudioko Udalak jaietarako eta aisialdi eremuetarako protokoloa prestatu du. Horren barruan, diptiko bat idatzi dute: bertan, eraso matxistak identifikatzeko eta eraso horiei erantzuteko argibideak azaldu dituzte. Diptiko horiek hainbat jai eremutan eskuragarri daude jadanik. Hezitzaile batzuk ere egongo dira kalean, diptiko horien bitartez informazioa ematen. Itsasgarriak eta kartelak ere nonahi banatu dituzte, eraso matxisten kontrako mezuak adierazten dituztenak.

Horrez gain, udalak bando bat atera berri du gaiaren inguruan: ez du onartuko lelo sexista edo matxistak dituzten itsasgarri edo txapak saltzea. Hain zuzen, zigortu egingo ditu LGTBI kolektiboko kideei eta edozein adinetako emakumeri egindako erasoak. Halaber, herritarrak deitu dituzte eraso dietenak lagundu edo babestera eta erasotzaileak isolatzera. Jaiak «modu askean, parekidean eta seguruan gozatu»ahal izatea da, Meazaren ustez, gaur egungo erronketako bat.

Sanroke herrikoiak

Laudioko jai lantaldearen barruan, herriko eragileetako zenbait kide urte osoan bildu dira, ate joka datozen sanrokeak prestatzeko. Txosna batzordeak, Jaiak Koordinakundeko kideak, ostalariak, kultur eta kirol elkarteak, jaietako kuadrillak eta indibidualki bertaratu direnak aritu dira programazio «ahalik eta anitzena» prestatzen. Helburua «aniztasuna» izan da, ahalik eta publiko «zabalenera» iristeko.

Meazak adierazi du saiatzen direla elkarteen ekinbide «guztiak» programazioan txertatzen. 150 ekintza baino gehiago antolatu dituzte urte osoko lanaren ostean. Horretarako, 40 elkarte baino gehiagoren elkarlana egon da. Jaietarako iniziatiba eta antolaketako parte hartzea «eskertu» egiten duela eman du aditzera Meazak: «Ez genuke jairik izango haien lanik gabe».

Kultura zinegotziak azaldu du udalak antolaturiko ekintzak gutxi direla: Zumalakarregi kalean eta herriko plazan izaten diren musika emanaldiak, nagusiki. Txosna Batzordeak, Jaiak Koordinakundeak, kirol eta musika elkarteak eta beste hainbatek prestaturiko ekintzak nagusi dira, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.