Baleontzia sabaia jotzeko prest

Urte eta erdi inguru falta da 'San Juan' baleontziak lehen aldiz ura ukitzeko. Badira bost urte XVI. mendeko ontzi hori berreraikitzen hasi zirela Pasai San Pedroko Albaolan, eta lana asko aurreratu dute. Horrez gain, itsas faktorian beste hainbat proiektu txiki ere egin dituzte urte hauetan. Ikusi bideoa albistearen amaieran.

Tresnak. Tresna berriak eta zaharrak erabiliz ikasten dute zura lantzen. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Pasai San Pedro
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

Mailuen kolpeak entzuten dira, eta zerraren zirri-zarra zuraren gainean. Egur usaina sumatzen da, lurra zerrautsez beteta dago, eta San Juan itsasontzia sabaia jotzear da Pasai San Pedroko Albaolan (Gipuzkoa).

Albaola itsas kultur faktorian, ozeanoak zeharkatzeko garraio itsasontzi bat egiten ari dira 2014. urtetik. Bost urte daramatzate baleontzi horrekin lanean, eta urte eta erdi inguru falta zaie faktoriatik ateratzeko. Ondoren, uretan dagoenean, mastak, belak, poleak, sokak eta falta zaizkion beste hainbat pieza jarriko dizkiote. Baina Xabier Agote Albaolako zuzendariak ez du presarik uretaratzeko: «Garrantzi handiagoa ematen diet itsasontzia eraikitzeari eta bide hori eginez ikasteari, bukaerari baino». Orain, ia egitura guztia eginda dago, eta hiru pisuak banaturik ditu. Itsasontziak saihetsak bistan dituen arren, «lanaren zatirik handiena egina dago», esan du. Faktoriaren zati batek ez du sabairik; bestela, orain osatzen ari diren branka ez litzateke sartuko.

San Juan baleontziak garrantzi handia du historikoki, Euskal Herriarentzat batez ere. «Gure helburuetako bat da euskaldunok dugun itsas ondarea argitaratzea».

Albaolako zuzendariak azaldu du Euskal Herriko arrantzaleen ondarearen garrantzia: « Garai hartako teknikak kontuan izanik, Euskal Herrian oso aurreratuak zeuden, eta itsasoan euskal herritar askok nabigatzen zuten. Gainera, bakarrak ziren baleak modu industrialean arrantzatzen. Ez dugu ulertzen zergatik ezabatu ziguten historia zati hori; tristea da, gure ondarearentzat oso garrantzitsua baita».


Albaolarentzat lanean ari diren boluntarioak. Andoni Canellada / Foku

Garai hartan, baleontziak Euskal Herritik Ternuara joaten ziren baleak arrantzatzera, haien koipea olioa egiteko erabiltzen zutelako, eta 1.000 eta 2.000 upel inguru ekartzen zituzten. Orain Pasaian egiten ari diren baleontzia 1565ean Kanadan hondoratutako San Juan baleontzian oinarriturik dago. «Hondoratu zen lekuan ura hotza denez, ondo mantendu zen, zorionez; horregatik aztertu ahal izan zuten. Neurriak edukita, berriz egin dezakegu guk».

Hondoratu eta 400 urte geroago, 1978. urtean, Kanadako itsas arkeologo batzuek urte askotako ikerketa bat hasi zuten. Urtez urte, piezak atera zituzten, poliki, eta, orain, hobekien ezagutzen den XVI. mendeko itsasontzia da.

Horren ostean, Unescoren ur azpiko ondare kultural bihurtu da. «Unescoren babesa jaso duen munduko ontzi historiko bakarra da, eta guretzat oso garrantzitsua da, lagundu egiten baitigu lana gauzatzen».

Baleontzi historikoa berriz eraikitzeko, orduko material, teknika eta tresnak erabiltzen ari dira. Gehien erabilitako materiala egurra da: dena egurrez egin dute, baita baleontzia egiten ari diren eraikina, aldamio eta eskailerak ere. Bestetik, erabiltzen dituzten tresna batzuk modernoak dira, baina asko erabiltzen dituzte garai hartakoak ere. «Horrela, ikasleek bi motatakoak erabiltzen ikasten dute».

Albaolako aroztegian jende asko ari da lanean. Profesionalak, ikasleak eta boluntarioak. Faktoria nazioartekoa denez, hizkuntza asko entzun daitezke: euskaraz gain, gaztelania, ingelesa, frantsesa, greziera eta beste hainbeste.


Zurezko baleontzian lanean, egurrezko aldamio eta eskaileretan. A.C. / Foku

«Aroztegian gutxi dira emakumeak, eta daudenak kanpotarrak dira, gehienbat frantsesak eta alemanak», adierazi du Agotek. «Haien herrialdeetan aspaldian gizonezkoenak kontsideratzen ziren lanak orain emakumeek egitea ez dago gaizki ikusirik». Horren inguruan ere lan egiten dutela esan du, eta espero dutela beste batzuek batzea, emakumeak han lanean ikusirik.

Txikitasunaren edertasuna

Berdintasunarekin batera, aniztasuna, ingurumena eta giza eskubideak ere lantzen dituzte. Adibidez, Irlandan bakearen alde nabigatzen aritu ziren. «Itsas ondareak zaintzeaz eta zabaltzeaz gain, balioak ere garatu nahi ditugu gure lanaren bidez».

Albaolako proiektu nagusia San Juan baleontzia da, baina beste proiektu batzuk ere badoaz aurrera. «Baleontzia oso garrantzitsua da, baina ez dugu nahi horrek beste proiektuak ezkutuan uzterik», esan du zuzendariak. «Txikitasunak ere badu-eta bere edertasuna», gaineratu du.

Aroztegian ere denak aritzen dira lanean: profesionalak, ikasleak eta boluntarioak. Badira bi urte Aprendiztegi faktoriako eskola ireki zutela, eta irailean hirugarren taldeak hasiko du ikasturtea. Hiru urtez egongo dira eskolan nazio askotako ikasleak. Zura lantzeko hainbat metodo, nabigazioa eta itsasontzigintza ikasiko dituzte, baita euskal kultura ere. «Hemen denbora asko pasatzen dutenez, euskal kultura eta euskarazko hitz batzuk ikasten dituzte; horrez gain, batzuek erabaki dute euskaltegian izena ematea, eta hori ere pozgarria da guretzat».

Ikasleak, profesionalak eta boluntarioak aroztegian elkarrekin. A.C. / Foku

Irailean hasiko direnak barne, datorren ikasturtean hemeretzi ikasle izango dira, eta horietatik lau dira emakumeak. Zuzendariak azaldu du haientzat aurrerapena dela hemeretzitik lau emakume izatea, normalean ez baitira ia arotz lanetan aritzen.

«Boluntariotza garrantzi handikoa da hemen». Ahoz ahokoari esker edo nonbait irakurrita joaten dira boluntarioak Pasaiako ontziolara. Horiek ere hainbat nazionalitatetakoak izaten dira, eta bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora emango duen faktorian lanean. «Hori, adibidez, AEBetakoa da, eta bi hilabeterako izango da arotz lanetan», esan du Agotek, boluntarioetako bat seinalatuz.

Hainbat proiektu ari dira egiten orain aroztegian. Aurreratuen dagoena Irlandako txalupa bat da. Hezurdura guztia egina du, baina oraindik kanpoko egitura osatzea falta zaio. Txalupa hori enkarguz egiten ari dira; iaz horrelako beste bat egitea eskatu zieten, eta, emaitzarekin oso gustura zeudenez, aurten beste bat egiteko eskatu diete.

Bestea hasi berri duten itsasontzi bat da; nahiz eta ez den baleontzia bezain handia, saihetsak neurtzeko bi pertsona aritu behar izan dira elkarlanean. Orain, saihetsak neurtzen, mozten eta dagozkien tokietan jartzen ari dira, hezurdura osatzeko eta gero guztiz egituratzeko.

Aroztegiko sabaian ikusgarri daude hainbat taldetako traineruak. Horrez gain, han eraikitako batel gorri txiki bat ere badago. Duela 80 urteko Getariako batel baten erreplika da, eta, neurriak hartu ondoren, jatorrizko ezaugarri guztiekin berreraiki zuten. «Guk hemen garai bateko ontziak eraikitzen ditugu, teknologia oinarri hartuta», adierazi du Agotek. «Gainera, museoaren bidez, herritarrei aditzera ematen diegu gure herriak duen ondarea eta historia. Harro egotekoa baita».

[youtube]https://youtu.be/ncl3ie_U11U[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.