Gizakia Ilargian (I)

Pausoa ematen mende erdi

Bihar 50 urte beteko dira gizakia lehen aldiz Ilargira iritsi zenetik. Gertakaria ikusi zutenek ondo gogoan dute, eta oraindik ere denetariko usteak daude. Euskal hedabideek ere eman zuten gertakari haren berri.

Ikusmina. Apolo 11 Ilargira iristea zuzeneko emankizunean eskaini zuten, zuri-beltzeko telebistan. JUSTIN LANE / EFE.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren arteko Gerra Hotzaren garaian, John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidenteak gizakia Ilargira eramango zuela hitzeman zuen diskurtso batean, 1962. urtean. Halaber, hori lortzeko behar beste diru erabiliko zela adierazi zuen. Orduan, errusiarrek lortua zuten lehen satelitea orbitan jartzea, baita lehenengo biziduna eramatea ere, Laika txakurra; geroago, lehen gizakia eraman zuten espaziora: Juri Gagarin. Baina esan eta egin: AEBetako Apolo 11 misioak lehenengo aldiz gizaki batek Ilargia zapaltzea lortu zuen, 1969. urteko uztailaren 21ean —nazioarteko ordutegia aintzat hartuta—: 20an iritsi zen misioa Ilargira, eta 21ean zapaldu zuten astronautek Ilargia, goizaldean. Zehazki, bi izan ziren Ilargia zapaldu zuten astronautak: Neil Armstrong misioko komandantea eta Edwin Aldrin astronauta —beste bat ere bazegoen misioan: Michael Collins—. Aurten betetzen dira 50 urte gertakari historiko hartatik.

Lau egun behar izan zituen misioak Ilargiraino iristeko, eta aurrez beste hamar saiakera egin zituzten, zazpi urteko prozesu batean. Hildakoak ere izan ziren frogetan. 11.a gizakiekin egindako lehena izan zen. Guda politikoaren erdian, komunitate zientifikoaren helburua zen Ilargiaren datuak jasotzea, eta harri eta hauts laginak ekarri zituzten handik. Misioko astronautak pilotuak eta militarrak izan ziren; ingeniariren bat ere bazen tartean, eta zientzialari bakarra hamabi kideko taldean. Nasak entrenatu zituen Ilargira joateko, eta ez zekiten bueltatuko ote ziren.

Virginia Garcia Aranzadi Elkarteko Astronomia lantaldeko kidearen arabera, teknologikoki aurrerapen handia izan ziren Apolo misio guztiak. «Apolo 1etik 17ra aurrerapen asko izan ziren teknologian, baita materialetan eta informatikan ere, eta, gaur egun, baliabide horiek egunerokotasunean erabiltzen ditugu». Esteban Esteban Astronomiaren Irakaskuntzarako Elkarteko presidentearen arabera, zientifikoki gertaerak ez zuen eragin nabarmenik izan: «Astronomiari dagokionez aurrerapen asko izan baziren ere, hori ez zen helburua. Zientzia tresna zen, baina helburu nagusia Ilargira iristea zen». Materialei eta baliabideei dagokienez, Estebanek azaldu du halako misioetan erabili zirela lehen aldiz pixoihalak eta barra kodeak.

Telebistaz zuzenean eman zuten gizakia Ilargira iritsi zeneko unea. Garai hartan, oraindik ere ez zen ohikoa etxean telebista izatea; gutxi batzuek soilik zuten, eta, uztailaren 20tik 21erako gau hartan, familiak zein lagun taldeak batu egin ziren, une historiko hori elkarrekin ikusteko. Garciaren amonak, adibidez, taberna bat zuen Galiziako herri batean, herriko taberna bakarra, eta herritar asko han bildu ziren. Hala kontatu izan dio bilobari. Emilio Martinez barakaldarrak, bestalde, ondo gogoan du eguna: «Guk, kasualitatez, etxean telebista genuen, eta amonarekin, neba-arrebekin eta lehengusu-lehengusinekin batera ikusi nuen Neil Armstrongek nola zapaldu zuen Ilargia». Gauerdia zen, eta, loak jota izan arren, telebistatik begiak kendu ezinda egon ziren Martinezen etxean, ilusioz gainezka. Aurreko egun eta asteetatik zetorkien ikusmina: «Irudiek denbora asko behar izan zuten iristeko; batzuetan ez ziren erabat argiak, eta itxaronaldia luzea izan zen. Armstrongek Ilargia zapaldu zuenean, ikusmin guztia desagertu egin zen; sentsazio hori gogoratzen dut».

Fermin Leizaola etnologo gipuzkoarrak antzeko oroitzapenak ditu. Haren kasuan, etxean telebistarik ez, eta goiko solairuan bizi zen arrebaren etxean ikusi zuten emankizuna: «Espazio ontzia Ilargira iritsi zen, baina handik norbait atera arte denbora igaro zen, eta Houstoneko kontrol eremuaren irudiak ematen zituzten bitartean». 50 urte igaro badira ere, Martinezek eta Leizaolak egun hartako detaile guztiak gogoratzen dituzte, atzo izan balitz bezala: astronautak espazio ontzitik nola jaisten ziren eskaileretan behera, atzerantza; itzalak, irudi aldaketak... «Hori guztia irudiak zuri-beltzean izanda eta etengabe seinalea galtzen zela ikusi genuen etxeetan», gaineratu du Leizaolak. Aitzitik, etnologoa bat dator Garcia eta Esteban astronomia adituekin: uste du gertaera hark aurrerapen teknologiko ikaragarriak ekarri zituela.

Oihartzun gutxi

Hedabideek ere adi jarraitu zuten albistea. Prentsa idatziari dagokionez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan argitaratzen den Herria astekariak aipamena egin zion gertatutakoari. Janbattit Dirassar kazetariak albiste bat idatzi zuen uztailaren 24ko alearen azken orrialdean, Bi gizon ilhargian... izenburupean. Halaxe hasi zuen kontaketa: «Kasik ezin sinetsia da, eta bizkitartean egia: bi Ipar-Amerikano Ilhargian pausatu dira eta han gaindika egin dute egon-aldi labur bat». Gertaeraren garrantzia aipatu zuen: «Denak xoratuak daude. Eta bizkitartean, baditake balentria hori gauza ttipia den oraino ondoko urtetan egiten ahalko direnen aldean». Kritika batzuk ere egin zituen Dirassarrek, amerikarrek egin zuten diru gastuagatik: «Dolarrak miliunka eta miliunka xahuturik, bi gizon helarazi dituzte Ilhargiarat... Baina Lur huntan berean, zonbat behar-ordu guziz premiatsuak hon aise ahazten ditugunak. Hiru jendetarik biga goseak edo erdi-goseak egoki dira». Zeruko Argia aldizkariak uztailaren 27ko alearen azalera eraman zuen gertakaria: Illargia gizonaren mende izenburupean. Zehazki, espazio ontzia Ilargira iritsi zeneko sekuentziaren irudiak eta misioan parte hartu zuten astronauten argazkiak argitaratu zituzten. Hurrengo alean, abuztuaren 3an, bestalde, Aita Onaindiak gertakariaren inguruko iritzi artikulu bat idatzi zuen.

Irratiei dagokienez, denek ez zuten aukerarik izan albistea emateko: «Kontu estatala zen, haiek zuten esklusiba emateko aukera», azaldu du Nikolas Aldai Herri Irratian aritutako kazetariak. Euskal Herrian,o Herri Irratia martxan zegoen ordurak, eta hantxe ari ziren Aldai bera, Txaro Arteaga eta Joxe Mari Iriondo, besteak beste, kazetari lanean. Herri Irratiak nazioarteko albisteak emateko baimenik ez edukitzeak irratiko lantaldean Ilargiko gertaerak aparteko garrantzirik ez izatea ekarri zuen, Iriondoren arabera. Are gehiago, aitortu du bestelako albiste batzuekin sufritzen zutela ezin emana, baina horrekin ez zutela ezta planteatu ere egin: «Oro har, hotz hartu genuen; gehienek argi zuten gerra politiko bat zela, amerikarren hordago bat». Igandea izan zen Neil Armstrong eta gainontzekoak Ilargira joan ziren eguna; hurrengo egunean, astelehenez, Herri Irratiko karrajuetan aurreko gauekoa komentatu zuten: «Nik sinetsi nuen, baina askok zalantzan jarri zuten», aitortu du Iriondok. Esanguratsua da, era berean, Arteagak aitortu izana ez duela oroitzapen jakinik gizakia Ilargira iritsi zeneko egunaz, alde profesionalari dagokionez. Bestalde, Aldai egun horretan soldadutzan zegoen, baina azpimarratu du Herri Irratian hasierako urte haietan zentsura garai latzak bizi izan zituztela.

Iriondok azaldu duenez, uztailaren 21a baino lehen eta baita gerora ere, hurrengo asteetan, komentario gisa gaiaren inguruko zerbait aipatu zuten irratian: «Gaur egunean halako gertaera batek beste dimentsio bat izango luke telebista eta irratietan».

Iriondok gogoan du etxean ikusi zuela albistea, Espainiako telebistan. Baina batik bat bertsolaritzaren inguruko oroitzapenak datozkio gogora gizakiak Ilargia zapaldu zuenekoaz hitz egiterakoan: «Gai hau askotan erabili izan dut bertsolariei gaia jartzeko. Egun gutxira, gogoratzen naiz gaia jarri niela Lazkao Txiki eta Joxe Lizasori. Gaia sarritan errepikatu zen urte askotan, dialektikarako erraztasuna ematen baitzuen».

Gezur handia

Zenbait adituren arabera, Ilargira joan izanaren ondorioak ez dira asko nabari egungo gizartean, eta horrek gertaera gezurra izan zen ustea zabaltzen lagundu du. Nahiz eta hasieran inor gutxik zalantzan jarri, askok defendatzen dute muntaketa bat izan zela.

Garciak azaldu du gerora egin zen dokumental batengatik agertu zirela zalantzak. «Dokumental baten bidez, konspirazio antzeko bat egin zuten, baina, azkenean, argitu zuten ikuslea harrapatzeko txantxa bat izan zela dena». Jendea manipulatzea oso erraza dela kontatzen du ikus-entzunezkoak. Iriondok ere badio egunkarietan ere argitaratu izan direla Gezur handia deituriko iritzi artikuluak, gizakia ilargira iritsi zela gezurtatzeko helburuarekin. Estebanek dioenez, baina, ezetz diotenen argudioak aztertuz ikusten da argudio horiek aldeko frogak direla. Gertakari garrantzitsua eta erabat benetakoa izan zen Estebanentzat, are gehiago, laster gizakia bestelako toki batzuetara iritsiko dela uste du.

Aranzadiko Virginia Garciaren arabera, gizakiak zituen mugak urrutiago eramateko balio izan zuen Apolo misioak. «Ordura arte ezin zuten Lurretik irten, eta Ilargiraino joatea lortu zuten». Estebanen arabera, garrantzitsuena alde psikologikoa izan zen: «Gure planetatik atera eta beste mundu batera joateko gai garela konturatzea».

Misioa, batez ere, lasterketa politiko bat izan zen, Errusia eta AEBen artekoa. AEBentzat harrotasun izugarria izan zen. Dena den, 50 urtean gutxi izan dira Ilargia zapaldu duten gizakiak, eta AEBetan ahaleginak egiten ari dira gizakia berriz Ilargira eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.