Nora Fernandez
ARGI ALDIAN

Amaren errua

2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Pasa den astean berri ona jaso genuen gure laborategian: gorabeheraz eta errebisioz beteriko urte oso baten ondoren, 2017 inguruan abiatu genuen lan batek argia ikusiko du laster, nazioarteko aldizkari batean onartua izan baita. Lan honetan ikertu dugu ea amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz masa indizeak zelako inpaktua duen fetuaren plazentaren profil molekularretan. Ikusi dugu amaren gizentasunak fetuan, gaitz metabolikoetan parte hartzen duten geneen alboan, aldaketak sorraraz ditzakeela. Proiektu honetan murgilduta eman ditudan urte hauetan, gainera, bitan izan naiz ama, eta gauza bat dela, bestea dela, nire interes zientifikoa piztu zuten mota honetako galderei erantzuna bilatzen nien artean, bestelako galdera sozial eta politikoagoak ere agertzen eta metatzen joan zaizkit.

Izan ere, urte luzeak dira ikertzaileok gure bizitzako lehen esperientziek, jaio aurretik gertatzen direnek barne, gure osasunean nola eragin dezaketen aztertzen dihardugula. Ikerketa horietako gehienek haurdunaldiaren inguruko amaren ezaugarri eta jokabideetan jarri dute arreta, Bristolgo Unibertsitateko Gemma Sharpek eta beste emakume zientzialari batzuek berriki publikatu dutenaren arabera. Haien esanetan, hau gertatzen da jende gehienak pentsatzen duelako fetua amaren sabelean hazten denez, ama bera izango dela etorkizuneko haurraren osasuna gorpuztuko duen faktorerik garrantzitsuena, beste faktore posible guztien artean zalantza izpirik gabe gailenduko dena. Uste hori hedatua dago oso, eta ez bakarrik zientzialarion artean.

Baina, ba al dago arrazoi zientifiko sendorik haurdun dauden amak hain intentsiboki aztertzeko? Ba, Sharp eta kideen arabera, ez, egia esan. Egia da, bai, gurea bezalako ikerketa askok korrelazio nahiko sendoak topatu dituztela, amek egiten dutenaren eta gerora umeek izango dituzten osasun ezaugarrien artean. Hala ere, ikerketa gehienetan ezin izan da kausa-efekturik demostratu. Bestetik, zaila da esatea fetua eta jaioberria inguratzen duten bestelako faktoreekin alderatuta zenbaterainoko pisua duten amek eta euren ezaugarri eta jokabideek, aitek edo amen bikotekideek, familiek, komunitateek, gizarteak eta ingurumenak duten inpaktua ez baita sekula gehiegi ikertu.

Horrela, haurdun dauden amengan hain intentsiboki zentratzeak oso ondorio kaltegarriak izan ditzake. Lehenik eta behin, amaren kulpa klasiko eta multidimentsionalari aurpegi berri bat gehitzen zaiolako: zientifikoa. Ama beti da errudun, batzuetan bere osasunari buruzko erabakiak hartzeagatik ere. Zer esanik ez, amak gizarteak begi onez ikusten ez dituen jarrerak baditu. Bestetik, amak ezin dira aitzakia izan aitek eta beste faktore batzuek haurren osasunarengan nola eragiten duten sakonki ez ikertzeko. Esaterako, jakina da gizarte mailako baldintza eta desberdintasunek berebiziko garrantzia izan dezaketela umeen garapen eta epe luzeko osasunarengan; baina, noski, errazagoa da amari kulpa leporatzea gizartea kritikoki aztertzea eta eraldatzea baino. Azkenik, arreta handiagoa eskaini behar zaie haurdun dauden emakumeei ematen zaizkien osasun-aholkuei: gurea bezalako ikerketak zilegi dira, baina ez lirateke amaren erruaren mantra justifikatzeko modu sinplistan erabili beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.