Literatura. 'Bizitza ez al da oso arriskutsua? (Habanako gaukaria)'

Kitzikatzeko idatziak

Idazlea: Joseba Sarrionandia. Argitaletxea: Pamiela.

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak Bilboko Kafe Antzokian izandako elkarrizketaren BERRIAko kronika irakurriz ekin diot testu hau prestatzeari; Ainhoa Larrabe kazetariak idatzitako artikuluaren arabera, bi artistek euskal kulturaren diagnosia berregin beharraz jardun dute ekitaldian. Berreraikuntza asmatzeko beharraren inguruan planteatu omen dute jardun hori. Sarrionandia aipatu dute Pott bandako beste bi kideek Bilboko hitzaldian eta, ekitaldi hura eta Sarrionandiaren azken lana lotuko lituzkeen hari ikusezin baten moduan, Sarrionandiak ere birsorkuntzarako eta formulazio berrietarako proposamenak egin ditu.

Durangoko azokan eskuratu nuen iurretarraren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (Habanako gaukaria) saiakera lana. Pamielak argitaratu du egilearen hitzetan bere Habanako «gaukaria» biltzen duen liburu hau. Barruan, egunkarietatik espero den egilearen eguneroko jardunaren zantzuak bilatu beharrean, irakurleak saiakera baten itxurako testua aurkituko du. Saiakera hibridoa eta testu fragmentarioz osatutakoa, hain zuzen.

Liburuari hasiera ematen dion Abisua sarrera-testuan, Habanako gauak lasaiak direla adieraziz hasten da idazlea eta, horren kontrajarpenean, literatura asaldatzailea delako susmoa aitortuz ekiten dio bigarren paragrafoari. Irakurleak testuaren irakurketarekin izango dituen sentipenen intentzio-aitorpentzat jo daiteke. Izan ere, gaukaria izanik, egunkarian aurkitutakoak baino testu lasaigarriagoak espero ditzake irakurleak, gauaren baretasunean idatzitakoak eta irakurtzekoak, baina, preseski, kontrakoa aurkituko du: kitzikatzeko helburuz idatzitako testuak.

Abisuaz gain, beste bost ataletan dago banatua saiakera: Hankak arrastaka dabil gogoa lehena; Badakidan ez dakidana eta berorrek agian badakiena hurrengoa; Ezin zara izan mundu guztiaren kontzientzia hirugarrena; Noizean behin pentsatzen dira gauzak laugarrena; eta, azkenik, Ipurdia aulkitik altxatu gabe. Izenburuek pentsarazten dute gai nagusietakoak direla pasibotasunarekiko kritika eta kontzientziak eragindako nekea.

Bide horretatik, egilearen aurreko zenbait lan gogoratu ditzake balizko irakurleak. Aurreko obsesioak errepikatzen dira liburu honetan ere: literaturaren eta erbestearen presentzia idazlearengan, lotura horrek idazleari sortzen dion larriminaz edota irakurlearengan bilatzen duen jarrera aktiboaz.

Bide batez, ez nituzke Arestides Hernandez Ares artista plastikoaren marrazkiak eta Asun Garikanoren edizioa aipatu gabe utzi nahi. Marrazkigileak www.areshumour.com webgunean du zintzilikatuta bere sormen-lana eta bertan ageri diren irudien artean aurkitu daitezke Sarrionandiaren liburua ilustratzeko erabili diren zenbait irudi: umorearen atalean sailkatuak ditu Arestidesek, eta, egiazki,gaukariari ere umorea gehitzen diotelako sentsazioa izan dut irakurketan zehar; umore beltza, baina. Portadan ageri den irudiak adibide modura balio diezaguke: gorputz-enbor gisa belarri handi bat duen gizaki baten irudi desesperatua. Hurkoarekiko etengabeko hartu-emanak eragiten duen egonezina gogorarazi dit neuri (zeinak, bide batez, kapituluetan zehaztuko dena aurreratzen baitu).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.