Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Irratiak salba gaitzala

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Gaixorik igaro dut aste osoa, ohetik mugitu ezinda. Hori asperdura. Alabaina, probetxua atera nahi nion Euskaraldiko belarriprest txapari eta piztu egin nuen irratia, nire bakardadea hil zedin, une batez, bederen. Orduak eta orduak igaro nituen irratsaio batetik bestera jauzi egiten, ahotsen dekadentzia eta gaien gradazioari kasu egiten. Soinu ezberdinez inguraturik, sentitu nuen nire amak behin xuxurlatu zidana: «Zein atsegina den irratia pizturik istorioak kontatzen dizkizun ahotsak alboan izatea, ezta?».

Hala, istorio ezberdinen bila atera nintzen. Igande gauean, Catalunya Irratiko Crims jarri nuen. Carles Portak zuzentzen duen ordubeteko saio hauTrue crime modukoa da. Kapitulu bakoitzean, Katalunianjazo den ez-fikziozko istorio misteriotsu bat kontatzen du kazetariak, desagertzeak eta hilketak nagusi.

Irratsaio honetan, zer kontatu baino, are garrantzitsuagoa da nola egiten den, eta Porta horretan maisua da. Istorio jakin horren protagonisten laguntzaz, eraikitzen du narrazio paregabea: batzuetan atzera egiten du eta, entzuleak ez ditzan bidean xehetasunak galdu, une aproposenean laburbiltzen ditu frogak eta susmagarriak. Patricia Highsmithen nobela bat irakurtzea edo Mindhunter ikustea bezain zirraragarria da.

Poesia gehiago irakurtzeko grina piztu zidan Josu Goikoetxeak Faktoria magazinean astelehenean. Jon Benitoren poema bat eta, horren ondotik, Arantxa Urretabizkaiaren bat. Kolpetik literatura-oparia. Ederki girotu zuten irakurketa. Pozgarria da halakoak belarriratzea.

Ahotsez ari naizenez, eta baita poesiaz ere, asteazkenean Arratsean lurreratu nintzen, Arantxa Iturbe eta Mikel Soto idazlearen arteko solasaldian bete-betean. Suak pizten direnean liburuari buruz aritu ziren: Iturbe zorrotz eta hurbil, Soto umil eta zintzo poesiaz, literaturaz, beldurraz, memoriaz eta, oro har, sorkuntzaz. Egiari zor, gonbidatuaren egiazkotasuna izan zen erabateko baltsamoa.

Asteko soinu-bidaia honetan murgildurik, duela urte dezente nire amaren logelatik zetorren frekuentziaren zaratarekin gogoratu naiz. Eta bere azken astea ere gogoratu dut, ospitalean geundela, etxetik irratia eramateko erregutu zidanean. Ulertu dut, azkenean, zergatik nahiago zituen ahotsak isiltasunaren aurrean. Ulertu dut, bai, irratiaren superboterea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.