Desagertuen eguna gogoratzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari

Foro Sozial Iraunkorreko Nekane Alzelai, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak eskaera eraman zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera: desagerpen behartuen biktimen nazioarteko eguna ofizialki gogoratu dezala Gasteizko ganberak. Gaur-gaurkoz, euskal gatazkari lotutako desagerpenen zazpi kasu daude erregistratuta: 1973an desagertu ziren Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga gazte galiziarrak; 1976an desagertutako Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur; 1979an azken aldiz ikusi zuten Tomas Hernandez; 1980an desagertu zen Jose Miguel Etxeberria Naparra; eta 1983an Landetan desagertu zen Jean Louis Larre.

Praktika hori «herritarren artean izua eragiteko estrategia» izan dela azaldu zuten Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik Legebiltzarrean egindako mintzaldian. «Praktika horrek sortzen duen segurtasunik ezaren sentsazioa ez da desagerrarazitako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio». Drama hori Euskal Herrian presente egon dela azpimarratu zuten, eta pertsonak indarkeriaz desagerrarazi dituzten eragileak ugariak izan direla.

Senide eta lagunek pertsona horiek non dauden ez jakiteak sortzen duen mina «izugarria» dela esan zuten, eta «sendatzen oso zaila» dela. Gertatutakoa jakiteko eskubidea dutenez, Egiaren Batzorde bat abian jartzeko eskatu zuten, eta kontzientziazio lana egiteko, abuztuaren 30ean egiten den nazioarteko eguna Legebiltzarrak gogoratu dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.