Berdintasuna

GUTXINAKA, GERO ETA GEHIAGO

Euskal Herriko alkateetatik erdiak ere ez dira emakumeak, nahiz eta azken hauteskundeetan gora egin duen aginte makila duten andrazkoen kopuruak. BERRIAk elkarrizketatu dituen agintarien ustez, etorkizunean aurrerapausoak ematen jarraitzea ezinbestekoa da berdintasuna lortzeko.

Emakume hautetsien batzarra egin zuten 2017an, Gernikan. JUANAN RUIZ / FOKU.
unai etxenausia
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Oraindik bide luzea dugu aurrean, baina poliki-poliki urratsak egiten ari gara». Euskal Herriko alkateen egoeraren ikuspegia eman du Izaro Elorza Oñatiko (Gipuzkoa) alkateak. Izan ere, azken hauteskundeetan gora egin zuen Euskal Herriko emakumezko alkateen kopuruak, baina oraindik ez dira erdiak ere. Azken datuen arabera, herrialdeka, Gipuzkoak dauka emakumezko alkateen kopururik handiena: 29 dira, herrialdeko alkateen %32. Bizkaian, berriz, 114 alkateetatik 32 dira emakumeak; %28. Araban, 14 emakume alkate daude: aginte makila dutenen %24,5, alegia. Nafarroan 65 emakume alkate daude: %24 dira.Azkenik, Ipar Euskal Herriak, azken udal bozen ostean, andre alkateen kopururik txikiena du: 158 auzapezetatik 28 dira emakumeak; %17,7, hain zuzen.

Azken urteotan emakumeak politikagintzan ahalduntzeko zenbait pauso eman dira Euskal Herrian. Besteak beste, Eudelek eta Emakundek duela bederatzi urte tokiko emakumezko hautetsien lehen sarea sortu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Virginia Woolf Basqueskola. Emakume alkate eta zinegotziak ahalduntzeko eta sarean lan egiteko espazio propio bat eskaintzea da helburu nagusia.

Urtetan, politikagintzan aritzea «urrutikoa eta eskuraezina» izan da emakume askorentzat. Iritzi horretakoa da Maider Arostegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapeza. Lehenik udal zinegotzi gisa eta gero kontseilari gisa aritu zen Miarritzeko Udalean, baina, 2020ko hauteskundeak iritsi zirenean, «ziklo berri bat» ireki nahi zuen bere hiriaren historian, eta alkate izateko aurkeztu zuen bere burua. Haren ustez, politikan emakume izatea ez da «inoiz arazo bat» izan: «Politikak luzera begirako ikaskuntza prozesu bat eskatzen du. Sektore pribatuan neukan esperientziari esker, errazago moldatu nintzen».

Herriari zerbitzua eskaintzeko lanbide gisa ulertzen du kargua Oñatiko alkateak. Elorzak uste du du horrelako kargu batetik «asko» eskaini ahal diela oñatiarrei: «Horrelako kargu batek neuri ikasteko balio dit, baina herriari asko eskaini ahal diodala uste dut. Nire herriaren zerbitzura egiten dut lan».

Halere, hasierak ez ziren errazak izan. Elorzak azaldu du mandatuaren hasieran udaleko gizonezko zinegotziek «ezberdin» tratatzen zutela emakumea eta gaztea izateagatik, eta «ahalduntze prozesu» bati esker aurre egin ziola egoera horri.

Bidea ez zen samurra izan, halaber, Ane Beitia Elgoibarko (Gipuzkoa) alkatearentzat. Hura kargura iritsi aurretik, Elgoibarrek izan zituen emakumezko beste alkate batzuk, eta berak ez zuen «kristalezko muga hori» gainditu behar izan, baina aitortu du halere ez zela erraza izan.

Kultura aldaketa

Politika egiteko orduan, «autoritarismotik» urrun daude Euskal Herriko emakumezko udal agintariak, Elorzaren ustez. Dioenez, beste lidergo mota batekin «erosoago» sentitzen dira: «Kultura aldaketa bat ekarri dugu emakumeok, gauzak beste modu batera egiten ditugulako, modu kolektiboagoan. Baliteke batzuk deserosoago sentitzea». Antzeko iritzia dauka Beitiak ere. Haren esanetan, kultura aldaketa hori gizarte osora zabaltzeko gizartearen «sentsibilizazioan» eman behar dira aurrerapausoak.

«Gizon edo emakume izan, gaur egun beste modu batean egin behar da politika». Argi dauka hori Arostegik. Eta bat dator Elorza ere: uste du politika egiteko emakumeek ekarri zituzten modu berriak, gutxinaka, «orokortuz» joan direla. Beitiarentzat, aldaketaren adibide da Elgoibar: «Emakume ala gizon, uste dut Elgoibarren eta orokorrean Euskal Herrian asko aldatu dela gizartea». Are, uste du sexu kontuari «geroz eta garrantzi gutxiago» ematen zaiola, eta badirela emakumezko edo gizonezko izatea baino «askoz ere garrantzitsuagoak» diren beste hainbat ezaugarri politikagintzan zein beste edozein alorretan.

Feminismoaren urratsak

Feminismoak egindako borrokak garrantzia izan du emakumeek politikara jauzi egiteko orduan. Elorzaren ustez, feminismoak zuzenean eragin du, «zalantzarik gabe», politikagintzan leku egiteko emakumeek izan duten ahalduntze prozesuan. Beitia ados dago Elorzaren adierazpenekin, baina hauxe gehitu du: «Egunerokoan muga asko izan ditugu, eta oraindik ere baditugu, baina geroz eta murritzagoak eta arinagoak dira, eta hori ikuspuntu feministatik gizarte osoarengan eragin duen sentsibilizazioak lortu du». Eta argi dauka administrazio publikoak «eredu» izan behar duela emakumezkoen integrazio politikoan.

Hala ere, emakume alkateen presentzia hobetze aldera udaletako goi karguetara «emakume gehiago» iritsi behar direla dio Elorzak. Bat dator Beitia: «Uste dut, orokorrean, politikan emakumeok ibilbide oparoa dugula aurrean, eta kate horrek aurrera egingo du, pixkanaka bada ere». Arostegiren esanetan, politikan sartu zenean irudikatu zuen«gizon zahar matxisten mundua» gutxinaka aldatuz doa. Apustua argia dela uste dute Beitiak eta Elorzak: «berdintasuna» lortzea bai gizartean, bai politikan. Horretarako «lege eraginkorrak» behar direla uste dute.

Aurrerapausoak ematen jarraitzea ezinbestekotzat jo dute hiru alkateek. «Katea ez dadila eten», esan du Beitiak. Kate horretan, emakume edo gizon izan, «bultzatzen diren politika berritzaileak» dira garrantzitsuenak, Elorzaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.