Jaurlaritzak ohartarazi du ikasleen euskalduntzea «moteldu» egin dela

Ebaluazio diagnostikoaren arabera, DBHko bigarren mailako ikasleen %45ek ez daukate beharrezko euskara mailarik. Datuak ikusita, Jaurlaritzak aditu batzorde bat osatu du, eta neurriak aztertzen ari da. Bideoa albistearen amaieran.

Jaurlaritzak ohartarazi du ikasleen euskalduntzea «moteldu» egin dela.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Geldialdi zantzuak agertzen hasi dira hezkuntzaren esparruan ere. Ikasleen euskalduntzea «moteltzen» ari da, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak ohartarazi duenez. Ebaluazio diagnostikoaren datuak oinarri hartuta, euskararen ikaskuntza aztertu du, eta ondorio argiak atera: DBHko bigarren mailan, 14 urterekin, derrigorrezko eskolaldia amaitzeko bi urte falta dituztela, ikasleen %45ek ez dute erreferentziazko euskara maila (B2 maila). Are, D ereduan bertan, hirutik batek baino gehiagok ez dute lortzen beharrezko maila hori. Eskolaren mugak agerian daude, beraz. Bost ikasleko taldea adibidetzat hartuta, hara banaketa: batek etxean jaso du euskara; bik, eskolan; eta beste bik ez dute lortu erreferentziazko maila. Eta urteotan handitu egin da ehuneko hori.

Eusko Jaurlaritzak 2017ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituen atzo Eusko Legebiltzarrean. ISEIk egiten du azterketa. Lehen Hezkuntzako laugarren mailako eta DBHko bigarreneko ikasle guztiek parte hartzen dute, eta, beraz, emaitzen fidagarritasuna handia da. Bost esparru hauek aztertu dituzte azken ikerketan: matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa. Gorabeherak txikiak izan dira datuetan: Lehen Hezkuntzan jaitsi egin dira zerbait; DBHn, igo.

Aurten, hala ere, ISEIk ikasgai bakoitzeko emaitzetatik haragoko azterketa egin du txostenean. Lan sakonagoa. Horrek aukera ekarri du zehatzago aztertzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza nola dagoen. BERRIAk euskararen egoerari buruzko zenbakiak aztertu ditu bereziki. Izatez, euskarari buruzko datuek kezka sortu dute Jaurlaritzan bertan, eta Uriartek iragarri du aditu batzorde bat osatu dutela. Neurriak aztertzeari ekin diote; besteak beste, arlo pedagogikoan.

Ikasleen %11k, bietan ez

Emaitzak kaskartu egin dira azken urteotan. Gutxieneko mailara iristen ez direnen portzentajea inoiz baino handiagoa da Lehen Hezkuntzan (%37), eta nabarmen hazi da DBHn ere 2010etik hona (%46). Gainerako ikasgaiekin alderatuta, euskaran askoz gehiago dira gutxieneko mailarik ez daukatenak: DBHn, esate baterako, %16 dira matematikan, %19 zientzian, %13 gaztelanian eta %14 ingelesean. Euskaran, %46.

Joera horiek xeheago azter daitezke, hizkuntza gaitasunaren araberako soslaiak osatuta. DBHko datuen arabera, hamar ikasletik batek ez du gutxieneko maila ez euskaraz, ez gaztelaniaz (%11). Gainerako ikasgaietan ere emaitza txarrak dituzte ikasle horiek. Benetako aldea hau da: euskaraz gutxieneko mailarik ez daukaten gehienek —%46tik %34k—, badute maila gaztelaniaz. Kontrakoa, euskaraz maila izatea baina gaztelaniaz ez, salbuespena da: %2.

Euskaraz maila badaukaten ikasleei erreparatuta, gehienek antzerako maila dute euskaraz eta gaztelaniaz (%23). Maila aurreratua dutenetan, desorekak daude: gaztelaniaz maila hobea dute %13k; euskaraz hobea, %4k. Ikasleen %13k dute maila altua euskaraz bezala gaztelaniaz.

Lehen Hezkuntzako datuak ere tankerakoak dira, baina joera batekin: erreferentziazko mailarekin konparatuta, euskara gaitasuna handiagoa daukate.

Ereduen arabera

Europako erreferentzia mailak hartu ditu kontuan ISEIk: Lehen Hezkuntzan, B1; DBHn, B2. Gogoan izatekoa da, hain justu, Jaurlaritzak berak helburu horiek jartzea aipatu duela hezkuntza legerako oinarrizko dokumentuan. Kontseiluak ere hori proposatua du hezkuntzako hainbat eragilerekin batera. «Exijentzia handia» da, ISEIko ikertzaileen esanetan, kontuan izanik gaztelaniaz aritzeko aukerak gehiago direla.

Hizkuntza ereduaren arabera alde handia dago euskara gaitasunean: A eta B ereduetan, ikasle gehien-gehienek ez dute lortzen erreferentziazko gaitasunik euskaraz. Nolanahi ere, muga handiak daude D ereduan bertan ere, nahiz eta gehienek baduten gutxieneko maila —kontuan hartzekoa da D ereduan daudela euskara etxean jaso duten ia denak—.

Sarearen arabera eman dituzte euskarazko ereduko datuak: sare publikoko D ereduan, DBHn %41 ikaslek ez dute lortu gutxieneko maila, eta itunpekoan, %31k. Aldea dago sarearen arabera, baina kontuan izatekoa da hainbat soslaiko ikasleak dituztela batean eta bestean. Euskarazko ereduan, publikoan %11 dira migratzaileen seme-alabak, eta %3 itunpekoan. Etxean euskara jasotakoak %29 dira sare publikoan, eta %43 itunpekoan. Datu horiekin konparatuta, publikoaren ekarpena handixeagoa da proportzioan: publikoan ikasleen %30 euskaldundu dira, eta itunpekoan, %27.

Irabazi gutxiago

Eskolaren bidez lortutako irabaziak aztertzeko bidea ekarri dute, beraz, ISEIren datuek. Hau da joera orokorra DBHko bigarren mailan: bostetik batek, %19k, euskara etxean jaso dute —eta %5ek ez du eskatutako mailarik, halere—. Horiek aparte utzita, parean daude zenbakiak: %40k lortu dute gutxieneko maila eskolan, eta %41ek, ez. Lehen Hezkuntzan gehiago dira etxean jasotakoak, %26, euskararen aurrerabidearen seinale, baina apenas hazi da eskolaren bitartez B2 mailara heldu direnen ehunekoa: %43. Herenek, %31k, ez dute lortu erreferentziazko maila.

Gakoa da datu horien bilakaera aztertzea. Atzerapausoak daude. 2009an, ikasleen erdiek lortu zuten gutxieneko maila eskola bidez; orain baino hamar puntu gehiagok. Kontuan izatekoa da, gainera, D ereduan ari direla gero eta gehiago. Hori ikusita, ISEIk dio hobetzeko bidea ez dela euskarazko orduak areagotzea, baizik eta beste arlo batzuei heltzea: «Esparru metodologiko eta didaktikoko proposamenak, irakasleen hizkuntza hobetzea, eta euskara eskolaz kanpoko eremuetan erabiltzeko aukerak ugaritzea». Adituak esan eta esan ari direna berretsi du: «Hezkuntza sistemak bere kabuz ezin du bermatu ikasle guztien elebitasuna».

[youtube]https://youtu.be/UDn7txJ0fdg[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.