Autopsia hilerri bati

Begoñako hilerria kendu eta parke bat egingo dute Bilbon. Aurretik, ordea, bertako hezurrak ateratzen, aztertzen eta sailkatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertzen ari da. 'Begoñako Argia' izena du proiektuak.

Anartz Ormaza, proiektuaren koordinatzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Bilbo
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Atea zeharkatu, eta denbora gelditu da. Edo denborak atzera egin du. Kanpai hotsek baino ez dute gogorarazten denborak aurrera jarraitzen duela. Isiltasuna. Desagertu egin da bizimodu modernoaren, presatiaren eta teknologikoaren soinu banda karrankaria. Itxitako hilerri bat parez pare. Panteoiak, hilarriak eta hilobi okertuak. Oharkabean pasatu nahi duen katu mesfidatiren bat. Belarrak, asunak eta aihen belarrak hartutako hilobiak. Begoñako hilerria, Bilbon.

Hilerria da, baina bizirik dago. Hamabost bat laguneko talde bat lanean ari da txoko batean. Zulatutako eremu karratu batean. Lurra kentzen ari dira pala txikiekin, arretaz eta kontuz. Gorpuzkiren bat topatuz gero, brotxarekin garbitzen dute. Artisau lana da. Belauniko edo erdi etzanda lan egiten dute, koltxoneta laranja batzuen gainean, lurraren gogortasuna samurtzeko. Giza arrastoak bilatzen, ateratzen eta sailkatzen ari dira.

Amaia Cabrejas belauniko dago, brotxa eskuan. Haren ondoan, 10 bat urteko haur baten hezurdura dago erdi agerian. Garezurra eta saihets hezurrak ikus daitezke. Hezurdurak karea du gainean, «lurperatu eta gero usaina kentzeko». Biologia ikasi zuen, auzitegiko antropologiari buruzko master bat egin zuen, eta Aranzadi zientzia elkarteak kontratatu du, indusketan lan egiteko.

Begoñako hilerriak urteak daramatza itxita, eta Bilboko Udalak parke bat egin nahi zuen. Aranzadik prentsaren bidez jakin zuen.Leku paregabea iruditu zitzaion ikertzeko eta ikertzaile gazteei prestakuntza eskaintzeko, trebakuntzarako campus bat sortzeko. Baita zientziaren zabalkundea egiteko ere. Horregatik, Bilboko Udalari proposamen bat egin zion: hilerria parke bihurtu aurretik ikertzea, bai lur azpia, bai lurraren gaina, eta gero parke bihurtzea. Udalak onartu eta diruz lagundu zuen. Begoñako Argia izena du proiektuak.

Metodo zientifikoa

Hilerriaren ikerketa osoa egiten ari dira: hezurrena; 1936ko gerran hil eta hobiratutakoen hezurrena; panteoi eta hilobiena, bai balio artistikoarena, bai materialena; eta lurrarena. Arkeologoak, antropologoak, historialariak, artearen historialariak, geologoak, medikuak eta biologoak ari dira lanean. Proiektu berezia da, ikuspegi osoa duelako eta, beste hilerri batzuetan ez bezala, metodo zientifikoari jarraituta desagerraraziko dutelako. Autopsia egiten ari zaizkio Begoñako hilerriari.

1813an zabaldu zuten, hildakoak elizetatik kanpo lurperatzera behartu zutenean. Bilboko zaharrena da. Sortu zenean ez zen Bilbokoa, Begoñako Elizatekoa edo Begoñako Errepublikakoa baizik. Begoña 1925ean sartu zen Bilbon.

Bilbo izugarri hazi zen, eta, urte gutxiren buruan, hilerria txiki geratu zen. 1943an lurperatu zuten azken hildakoa Begoñako lurpeko hobietan; 2003an panteoietan. 2006an itxi zuten. Lurperatutakoen senideei aukera eman zieten gorpuzkiak beste hilerriren batera eramateko. Panteoietako gehienak eraman zituzten; lurpeko hilobietako gehienak bertan daude.

Aranzadiko historialariek erakundeetako artxiboak aztertu dituzte. 1936ko gerran hil eta Begoñan lurperatutako 40 lagunen zerrenda osatu dute; gehienak, 1937an hilak. «Batzuek badute hilobia», azaldu du Anartz Ormaza arkitekto, Aranzadiko kide eta proiektuaren koordinatzaileak. «Hilobia dute Margarita eta Karmen ama-alabek. Bilboko bonbardaketa batean hil ziren».

Artxiboetan jartzen du hildakoetako batzuk hobi komunean lurperatuta daudela. Zer ilaratan dauden zehazten du. Hobi komuna eta ilarak aurkitu behar dituzte hildako horiek aurkitzeko eta identifikatzeko. «1936ko gerran hildakoek izango duten tratamendua ez da gainerako hildakoek izango dutenaren berdina», zehaztu du Ormazak.

Hilerritik ateratako hezur bakoitzaren fitxa arkeologikoa eta antropologikoa egiten dute. Hezurretan patologiaren bat agertzen den aztertzen dute. «Hauetako batzuk», Ormazak hilerriko lur zati batera zuzendu du besoa, «Roke, Isidoro eta Joakin, frontean hil ziren, eta ziurrenik patologia bereziak topatuko ditugu haietan». Patologia bereziak tiroen arrastoak izan daitezke. «Zerrendan agertzen da bi lagun tiroz hil zituztela, baina ez du zehazten nola izan zen. Begiratu behar da ea zer-nolako tiroa izan zen». Tiroa jasotako lekuak eta tiroak eragindako zauriak argitu dezake ea exekutatu edo fusilatu zituzten.

Margarita, Karmen, Roke, Isidoro, Joakin... hildakoak izenez aipatzen ditu Ormazak. Ez dira hildako hutsak. Gertuko bihurtu ditu jada.

Hezurrak hobitik ateratakoan, baieztatu egin behar dute ea hezur horiek bat datozen erregistroetan ageri den pertsonaren deskripzioarekin: adina, sexua... Behar izanez gero, DNA probak ere egingo dituzte.

Hilobi guztiak irekiko dituzte: hezur guztiak atera, argazkiak egin, neurtu, aztertu, sailkatu eta zer koordenatu zehatzetan aurkitu dituzten gorde. Sekulako lana da. Horretan ari da Carmen Coch auzitegiko arkeologoa, proiektuko arkeologia zuzendaria. Ez dakite zenbat hildako topatuko dituzten. Haurrak lurperatzen zituzten eremuan hasi dira lanean. Aurrena sastrakak kendu zituzten; gero, hesolekin hilobiak markatu —askok ez dute harririk edo gurutzerik—; eta zulatzen hasi.

Hilobiak banan-banan induskatzen hasi ziren, eta ez zuten hezurrik topatu. Ezta metro bateko zuloak eginda ere. Ondorioz, prozedura aldatu zuten: eremu bat mugatu eta hondeamakina batekin lur guztia kentzen hasi ziren, hezurrak agertzen hasi arte, metro bateko sakoneran. Hilobi bakoitzean haur bat baino gehiago topatu dute. «Ondorioztatzen ari gara zanga luzeak egin zituztela eta hilkutxak bertan jartzen zituztela», zehaztu du Cochek. «Hilkutxak jarri ahala estaltzen zituztela, geruzaka». 1944. urteko hilkortasun handia aipatu du. Bi edo hiru ume hiltzen ziren Bilbon egunero.

Ikasleen prestakuntza

Arkeologoaren iritziz, oso garrantzitsua da unibertsitate ikasleek aukera izatea halako eremu batean lan egiteko. Aste honetan hasi dira kriminologiako ikasleak. «Ziurrenik inoiz ez dute hezur bat ukitu edo hezurdura bat ikusi». Kriminologogai horiek etorkizunean laborategian lan egingo dute, «baina hemen ikasiko dute eta ulertuko dute hezurrek zer bide egiten duten laborategira iritsi arte, zer faktorek eragiten duten hezurretan».

Haurren eremuan kendutako lurra ertz batean pilatu dute. Induskatu egingo dute, lur naturala aurkitu arte, ez gizakiak mugitutakoa. Orduan, beste hezurrik ez dagoela ziurtatuta, berriro estali egingo dute, eta eremu hori erabiliko dute laborategi bat muntatzeko eta beste eremu batzuetako lurra pilatzeko. «Tetris moduko bat egingo dugu».

Proiektuak aintzat hartzen ditu lurraren gaineko elementuak ere. Hilarri, panteoi eta bestelako elementu guztiak katalogatzen ari dira. Geologoak, berriz, haiek egiteko materialak aztertzen.

Laura Damas EHUko Geologia Fakultateko ikertzailea ari da horretan. Garai bakoitzean zer eratako harriak erabili ziren zehazten. Azterketa petrologikoak egiten dituzte: «Harri zati bat hartzen dugu, laborategira joaten gara, eta teknikariek arroka xafla mehe bat egiten digute, 30 mikra baino finagoa, mikroskopio petrografikoen argia zeharkatzen uzten duena eta haren ezaugarriak zehaztea ahalbidetzen diguna: mineralak, egiturak...».

Porlan motak eta porlanaren eboluzioa ere aztertuko dute. Baita materiala nola zahartu den ere. Eta hilerriko lurraren ezaugarrien eta hezurren kontserbazioaren arteko harremana.

«Guztia gorde nahi dudala esaten didate», aipatu du, erdi txantxetan, Damasek. «Baina elementu geologikoak mugatuak dira». Balio artistikoa, historikoa edo geologikoa duten elementuak gorde egingo dituzte, eta etorkizunean han egingo duten parkean jarri. «Egongo dira elementu batzuk erakusteko hau hilerri bat izan zela», nabarmendu du Ormazak.

Hilerriko ateak itxita daude, baina zabaldu egingo dira zenbait ostiral eta larunbatetan, bisita gidatuak egiteko. Lehena, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.