ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Osasun-arreta publikoa ez izatearen ordaina

2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
AEBetan egin duten ikerketa baten arabera, osasun-arreta publiko edo unibertsal bat izan balute, 333.000 pertsona baino gehiagoren bizitzak salbatuko ziren COVID-19tik, eta, gainera, herrialdeak dirua aurreztuko zuen.

AEBek, berez, beste herrialdeek baino diru gehiago gastatzen dute osasun-zaintzan. Alabaina, osasun-aseguruen sistemak prebenitu zitezkeen heriotzak eta alferrikako gastuak eragiten ditu. Uste izatekoa denez, COVID-19aren krisian ere halaxe gertatu da, eta horren erakusgarri da heriotza-tasa handiagoa izatea AEBetan, errenta altuko beste herrialdeetan baino.

Izan ere, asegururik ez dutenek ez dute izaten lehen arretako medikurik. Horrenbestez, prebeni daitezkeen gaitzak pairatzen dituzte, adibidez, 2 motako diabetesa. Gainera, gaixotutakoan, ez dira medikuarengana joaten larri egon arte. Horren ondorioz, aurreko urteetan ere, heriotza-tasak altuak izaten ziren. COVID-19ak egoera okertu baino ez du egin.

Scientific American aldizkariaren arabera, pandemiaren aurretik 28 milioi estatubatuarrek ez zuten asegururik, eta, COVID-19aren krisian, beste bederatzi milioik beren asegurua galdu dute, langabezian geratu direlako.

Hasieran aipatutako ikerketan, COVID-19az hiltzeko arriskua alderatu dute, asegurua dutenen eta ez dutenen artean; baita beste arrazoi batzuengatik hiltzeko arriskua ere. Konparazioa zuzena izateko, kontuan izan dituzte emaitza desitxuratu zezaketen faktoreak, hala nola adinaren araberako bizi-itxaropena eta asegurua ez izateak berez dakarren hilkortasun handiagoa. Hala, kalkulatu dute, soilik 2020an, 131.438 pertsonaren bizitzak salbatuko zirela osasun-arreta jaso izan balute. 2022ko martxora bitartean, 338.000 baino gehiagora igo da kopuru hori.

Horrez gain, ikertzaileek kalkulatu dute zenbat kostatuko zen AEBetako populazio osoa aseguratzea, eta zenbat aurreztuko zen horrekin. Ondorioztatu dute aurrezpena hiru bidetatik etorriko zela: zaintza prebentiboan inbertsio eraginkorragoa, gastu administratibo txikiagoak, eta baliabideak (farmazeutikoak eta bestelakoak) negoziatzeko botere handiagoa. Aurreztutakoa handiagoa izango litzateke, aseguratzen gastatutakoa baino.

Beraz, alderdi ekonomiko hutsetik begiratuta ere, AEBentzat onuragarria litzateke osasun-sistema publikoa izatea, lehen mailako arreta unibertsaletik hasita. Halabeharrez, Felix Zubia Olaskoagaren lehen mailako arretari buruzko zutabearekin gogoratu naiz (BERRIAn argitaratua, 2022ko ekainaren 14an). Hau zioen, besteak beste: «Gogora dezagun lehen mailako arreta dela osasun-sistemaren oinarria, osasun-sistema publikoa posible egiten duena, berdintasuna ziurtatzen duena, eta ezinbestean zaindu beharko genukeena». Eta aurreraxeago: «Askotan goraipatzen dugun edozein botika berrik baino bizitza gehiago ateratzen ditu aurrera familia medikuak».

Gure osasun-sistema publikoaren sendotzeak lehentasunezkoa izan beharko luke. Bestela, AEBetako egoera ez zaigu hain arrotza irudituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.