Ana Sarobe. Irakasle erretiratua eta ekintzailea

«Zaintzan aritu garenok ematen du ez dugula ezer egin»

Irakaskuntzan, etxean zein karrikan, Sarobe ez da geldi egoten diren horietakoa: «Lanean egon naizen toki guztietan militantzia izan dut oinarri». Pentsio duinen alde borrokatzen da orain.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Astelehenero-astelehenero karrikan da Ana Sarobe (Arantza, Nafarroa, 1948), beste pentsiodun askorekin batera, borrokan. Hala eman du bizitza, militantziari emana: Iruñeko lehenbiziko ikastoletan, AEK-n, euskal presoen alde nahiz pentsioak defendatzen. Denbora tarte handi batez ez zuen soldatapeko lanik egin, etxeko zaintzez arduratu zelako, eta horrek berandura arte lanean aritzera behartu du.

Arantzan sortua zara. Ikasketengatik utzi zenuen herria?

Hemengo eskolara joan ginen. Hamar urtetan, batxilergoa egiteko, hemengo maisu batek eskola partikularrak ematen zizkidan, eta gero Donostian egiten nuen azterketa. Horrela ezin genuen jarraitu; beraz, Oronoz-Mugairiko mojen kolegiora joan ginen. Hori barnetegia zen, eta 12 urte betetzeko hara joan ginen. Iruñera joaten ginen azterketak egitera, ez baitzen kolegio ofiziala. Gero jarraitu nuen irakasletza ikasten, kolegioan bertan hasi zirelako mojak ematen. Hirugarren mailan hiru geratu ginen, eta Iruñera joan ginen irakasletza bukatzeko.

Ikasketak bukatuta, nola hasi zinen irakasle?

Jorge Cortes Izal ikastolen sortzaileetako bat zen; ez zen euskalduna, baina oso euskaltzalea zen. Semea Arantzan zuen, baserri batean. Jakin zuen irakasletza bukatu nuela, eta etorri zitzaidan etxera Iruñeko lehenengo ikastolan lanpostua eskaintzeko. Horretarako Donostiara joan behar nuen, Pakita Arregik antolatutako irakasleen egoitzara. Ikasturte baterako joan nintzen hara, eta Hernanin praktikak egitea tokatu zitzaidan.

Zer giro zegoen irakasleen egoitza hartan?

Antigua auzoan egoten ginen, eta otorduak eta dena han egiten genituen. Gero mutilak ere izan zirela uste dut, baina nire garaian, neskak bakarrik. Arratsaldean eskolak izaten genituen gramatika edo literaturari buruz. Aita Barandiaran etorri zen noizbait, Juan Antonio Urbeltz... Garai hartan harreman handia genuen Ez Dok Amairu taldekoekin. Pentsa, neska kuadrilla, denak euskaldunak... Antiguan nahiko ezagunak ginen. Haien emanaldietara joaten ginen, haiekin afaltzera edo bazkaltzera... Giro polita genuen. Orain gutxi Donostian bildu ginen argazki bat egiteko; batzuk 40 urte baino gehiago ikusi gabeak.

Gustura egon zinen, beraz?

Urte oso polita izan zen. Antiguan bertan, adibidez, danborradarako auzoko taldeari txanoak egin genizkien. Bagenuen herriko giro abertzalea.

Erresidentzia Iruñean lanean aritzeko bidea zen. Uxue ikastolara joan zinen lanera, ezta?

Hori da. Bi tokitan geunden: Baiona etorbideko etxabe batzuetan egon ginen gu, eta beste batzuk Irrintzi Dorrean aritzen ziren; hor handien gela zegoen. Eskolak egunero egiten genituen, bilerak-eta izaten genituen, eta garai horretan hasi ginen helduei eskolak ematen ere. Talde bat egin genuen Amigos del Paisekin. Ahal genuen bezala irakasten genuen, ez genuelako esperientziarik helduekin, baina bazegoen apaiz bat San Agustin kalean, eta hark oso ongi kontrolatzen zuen gramatika-eta; hark laguntzen zigun. Bi metodo zeuden orduan: Altuna eta Oñatibia. Hori oinarri hartuta, gure erara ematen genuen. Hiru urte egin nituen ikastolan.

Ez beti Uxue ikastolan. Zatiketa gertatu zen orduan, ezta?

Lehengo urtea normala izan zen, eta bigarrenean hasi ziren saltsak. Aste Santuan izan zen zatiketa; ni gaur egun San Fermin ikastola den taldean geratu nintzen; beste taldeak sortu zuen Paz de Ziganda.

San Fermin ikastolako lehenbiziko urteetan zer giro zegoen?

Irakasleok asko militatu genuen; gutxi kobratzen genuen, ez zegoelako dirurik. Baina gurasoek ere lan asko egin zuten; haien umeak hara bidali zituzten gainera. Guk beste pedagogia bat genuen: gaztelaniazko eskoletan garai horretan ez ziren neskak eta mutilak elkarrekin egoten, adibidez. Edo nire gelan ez genuen otoitz egiten. Gero, katalanekin ikastaroak egin genituen, metodologiak-eta modernoagoak zituztelako. Nabaritu zen giro hori ikastolan; aurrerapena izan zen.

Zer familia joan ziren ikastolara?

Maila ekonomiko guztietako gurasoak zeuden. Guraso batzuek ordaintzen zuten, eta ezin zutenek ez zuten ordaintzen. Batzuek baliabide gehiago zituzten, eta konpontzen zen. Ikastola txikiagoa zenean militantzia handia zegoen; denak buru-belarri aritzen ginen, batzordeetan... Orain ez dakit nola funtzionatzen duen. Ez genuen gizarte segurantzarik, baina garai hartan ez ginen medikuetara joaten. Ez dakit, politak izan ziren. Ni egon naizen toki guztietan militantzia izan dut oinarri, gerora AEK-n ere bai.

Zergatik utzi zenuen lana?

Alargun batekin ezkondu nintzen, eta bi alaba txiki-txiki zituen. Gure semea jaio zen; beraz, hiru haurrekin, lana utzi nuen. Gaur egun ez nuke utziko, baina tira, horrela egin nuen garai hartan. Nik beti pentsatu nuen jarraitu behar nuela lanean, baina senar ohiak esan zidan lana uzteko. Gero asko borrokatu behar izan naiz nire pentsioa lortzeko.

Noiz itzuli zinen soldatapeko lanera?

Errioxara joan ginen bizitzera; 16 urte eman genituen han. Seme-alabak handituak, EGA atera nuen. Tuteratik 20 kilometrora geundenez, hango AEK-ra deitu nuen, eta han hasi nintzen Erriberan euskara eskolak ematen. Gero, Donibane Lohizunen beste bi urte egin nituen, senarrarengandik bereizi, eta Iruñera etorri nintzen. AEKn jarraitu nuen; beraz, 15 urte egin nituen han.

Nolakoa zen lan hori Tuteran, garai hartan?

Gau eskoletan irakasten nuen Tuteran, Arguedasen, Corellan... Horretaz aparte, institutuan eta ETI Tuterako Eskola Profesionalean baziren irakasleentzako ikastaroak, Nafarroako Gobernuak antolatzen zituenak. Horietan ere aritu nintzen, baita umeei irakasten ere, eskolaz kanpoko jarduera gisa. Autoan nituen jokoak eta irrati-kasetea, eta herriz herri ibiltzen nintzen euskara irakasten, irakasle ibiltari.

Iruñeko lehenbiziko ikastoletan, Erriberako AEK-n... erdaldunak ziren eremuetan euskara irakasten. Zuretzat zer esan nahi zuen horrek?

Guk etxean euskaraz egiten genuen beti. Ni oso positiboa naiz, eta beti irtenbideak bilatzen ditut. Tuteran eta Erriberako herrietan euskara ikastera ez zen edonor joaten: oso abertzaleak izaten ziren. Kuadrilla egiten genuen; beraz, oso giro polita izaten zen. Korrika pasatzen bazen Corellatik 05:00etan, han izaten nituen eskolaz kanpoko jardueretako umeak itxaroten; oso polita zen.

Donibane Lohizunen pixka bat ezberdina zen, baina han ere oso gustura. Eta gero Iruñera: Iruñerriko AEK-ko koordinatzaile izan nintzen. AEK utzi nuen erretiroari begira, pentsio nahiko kaxkarra geldituko zitzaidalakoan.

Orduan jo zenuen berriz ikasgeletara; publikoan, oraingoan.

Axularren, Hegoalden... eta gero atera nituen oposizioak; berandu, 54 urterekin. Hasieran, A ereduan, euskarazko oposizioa nuelako, eta, gero, D ereduan. Azken urteak LABen egin ditut, liberatuta. 70 urte arte egon naiz lanean, urte asko nituelako kotizatu gabe.

Orain astelehenero karrikara ateratzen zara, ezta?

70 urte bete nituen egunean erretiratu nintzen. Ordurako banuen kontaktua pentsiodun batzuekin, eta Oneka plataforma sortu zen, emakume pentsiodunen plataforma. Ni etxean ibili nintzen urte asko, eta horrek ez du batere kontatzen erretiroan; beraz, buru-belarri sartu nintzen. Pentsioak gaizki daude oro har, baina emakumeenak, okerrago. Gure zaintza lana ez da inon kontuan hartzen; ematen du ez dugula ezer egin. Ez da bidezkoa. Ez dakit zaintza lana ordaindu behar den, baina erretiratzean kontuan hartu beharko litzateke lan hori, kotizatua balitz bezala, gizarterako lan bat egiten ari garelako.

Zaintza lanak ezinbestekoak dira gainerako lanak egiteko?

Pandemian argi geratu da. Gaur egun ikusten ditut aitatxi-amatxi asko, gehienbat amatxi asko, haurrak zaintzen gurasoek lan egin dezaten. Hori ere ez da bidezkoa; gazte denboretan egin dute haien ahalegina, eta, lasaiago bizi behar duzunean, zahartzaroan, bilobekin tokatzen zaio. Konfinamenduan aitatxi-amatxiak arrisku taldeak ziren; orduan, ezin ziren haiekin gelditu. Hor arazoa agerian geratu zen, eta ez dute ezer egin; ez dute konpondu.

Nola ikusten duzu zahartzaroa?

Zahartuta eta erretiratuta zaudenean, gutxietsi egiten zaituzte. Zaku batean sartzen gaituzte denak. Zer? Egun batetik bestera aldatzen da gure egoera? Ni oso ongi nago oraindik, ongi sentitzen naiz, eta gauzak egiteko prest nago. Nik ez dut zahar etxe batera joan nahi. Aukerak eman behar zaizkigu. Galdetu digute ea zer nahi dugun? Ez. Hori da egin behar duten lehenbiziko gauza. Auzoan egon beharko zenuke, eta etxeetako zaintza ere hobetu behar da. Orain ari dira kooperatibak sortzen elkarrekin bizitzeko. Niri gizartean bizitzea gustatzen zait, adin guztietako jendearekin: gazteekin, txikiekin, nire adinekoekin...

Zure belaunaldia zahartzaro kontzeptua aldatzen ari da?

Baietz uste dut. Urtarrilaren 15ean egingo ditu lau urte pentsiodunak kalean daudela, eta hori nabaritu da. Orain, edozer egiten dela ere, deitzen gaituzte parte hartzeko. Leku askotan protagonista izan gara, kalean egon garelako aldarrikatzen; jendea egiten ari ez zena.

Sakabanaketa ere gertutik bizi duzu. Nola baldintzatu du zure bizitza?

Galdu dut kontua zenbat kartzeletan egon garen. Semeak bi alaba ditu, eta hari bisita egin behar izaten diote. Diruak ez dit inporta: Txinara eramango balute ere hara joango nintzateke bera ikustera; oso argi dut. Okerrena urduriak dira. Parisen zegoenean asteburu osoa behar genuen bisita egiteko. Urduri ginen: ea harrapatzen duzun ongi hegazkina, ea arazorik izango duzun funtzionario batekin, ea nola topatuko duzun semea... dena urduria da. Gero ongi, bisitak kristalik gabe direlako, besarkatu dezakezu, eta gero buelta ere gogorra da, han uzten duzulako. Momentuan ahalik eta hobekien egotea da inportanteena.

Dena horren inguruan antolatu behar... Bizitza baldintzatzen dizu horrek?

Hori da. Ni hilabetean behin joaten naiz normalean; atxilotu zutenean, Parisera, eta handik Bretainiara lau asteburu jarraian joan ginen ahizpa eta biok. Gero, bakarrik; ongi mugitu naiz bakarrik. Bisita dudanean dena antolatzen dut horren inguruan. Hori da lehenbizikoa. Gero familiakoak eta lagunak non sartu ikusi... Bai, egia da, horren inguruan antolatzen da nire bizitza.

Hor ere badago zaintza lan bat.

Bai, bai. Gero, hemen manifestazioak daudenean ere joan behar duzu. Gu joaten ez bagara, nor joango da? Ez litzateke gure gauza bat izan beharko, baina gurea ere bada, noski.

Presoen aldeko mobilizazioak apaltzen ari dira?

Orain dela urte batzuk preso gehiago zeuden; orduan, handik edo hemendik ia-ia mundu guztiari eragiten zion nonbaitetik. Agian orain jende askok ez du presorik ezagutzen. Hala ere, Sarerekin ari dira gauzak antolatzen. Aurten Bilbokoa ez da egin, pandemiarengatik, baina herriz herri aukera izan da.

Urteroko data hori garrantzitsua izaten da zuentzat?

Bilbokoa oso polita da, oso handia; familiako kide gisa hunkituta geratzen zara, nahiz eta urtean behin izan. Jendearen harrera sentitzea oso polita da. Azken urteetan Baionara joan naiz, semea Frantzian dagoenez, eta han ere oso gustura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.