Donostiako Aste Nagusia

Lehertu da festa Donostian

Bi urteko geldialdiaren ostean, kanoikadaren hotsa entzun, eta eztanda egin du festak Donostian. Piratek ere bota dute euren txupinazoa, eta koloretako txalekoz bete da kaia. Hasi da Aste Nagusia.

Union Artesanako kideek kantatu zuten atzo Artillero abestia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Euriak ez du inor uxatu Alderdi Ederren. Aterkiak ireki eta kanoikadaren zain jarraitu du jendeak. Sartu dira plazan soldaduak, eta igo dituzte udaletxeko atarirainoko eskailerak ere. Eskuin, ezker, eskuin, ezker... Erritmo berean iritsi dira kanoiraino. Lehen ilarako emakume bat aurreratu da, eta hasi da kantuan, ahopeka: «Artillero, dale fuego...». «Oraindik ez, ama», kexatu zaio semea, soinekotik tira eginez.

Union Artesanako kideek ere hartu dute oholtza, ilaran. Eurak dira protagonista aurtengo kanoikadan; izan ere, elkarteak ez ditu alferrik egin 150 urte, eta horrela aitortu nahi izan dio Donostiako Udalak merezimendua.

Arratsaldeko zazpiak izateko bi minuturen faltan ekin diote kantuari Union Artesanako kideek. «Artillero, dale fuego, ezkontzen zaigula pastelero...». Bertan daudenek jarraitu dute, eurekin batera, urteroko abestia: «Eta zeinekin? Eta norekin? Praixku mozkorraren alabakin».

Alderdi Ederreko erlojuak eman du abisua 19:00etan, puntu-puntuan. Belarriak estali dituzte askok, eta begiak itxi: Pum! Une horretan bertan lehertu da festa. Kanoiari eragin orduko hasi da jendea ilusioz txaloka. Eta, berriz ere, pum! Konfeti txuri-urdinak jaurti dituzte airera.

Aurpegitik irribarrea kendu ezinik dago Felix Martinez, Union Artesanako presidentea. Azaldu du «ohore» bat dela Aste Nagusiko kanoikadako protagonista izatea, baina baita «erantzukizun» bat ere: «Errespetua diogu Aste Nagusia bezalako jai bati, baina, era berean, ondo pasatzeko gogoz gaude, ilusioz bizi baitugu». Orain bi urte jaso zuten kanoikadan parte hartzeko proposamena, baina pandemiak bertan behera utzi zuen Aste Nagusia urte hartan. Aurten, ordea, ez diote, noski, aukerari ihes egiten utzi.

Alderdi Ederren ez ezik, jende andana dago Bulebarrean ere; Gazte Nagusi Holi Fest izeneko jaia antolatu baitu udalak lehen aldiz kioskoaren parean. Zetak taldearen Itzulera abestiak egin du oihartzun bozgorailuetan, eta kantuaren erritmoan astindu dituzte gazteek koloretako hautsak; goitik behera kolorez bete arte. Lehertu da, beraz, festa, eta eutsiko diote kanoikadak utzitako oihartzunari datorren larunbatera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.