Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Gizonen itsasoan igerian

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Grand Marin'

Zuzendaria: Dinara Drukarova. Herrialdea: Frantzia.

Lilik arrantza egin nahi du. Karramarroak arrantzatu nahi ditu Beringo itsasoan, baina ez du sekula halakorik egin. Iragana atzean utzi, eta arrantzara irtengo den barku baten bila joango da. Ezezko ugariren ondoren, Ianek, arraste-ontzi bateko kapitainak, aukera bat emango dio, eta gizonezkoez osaturiko eskifaiaren parte bihurtuko da. Ez da erraza izango, itsasoaren gordintasunari esperientzia eza gehituko zaio, baina, batez ere, gizonezkoen mundu bat nabigatzen ikasi beharko du, eta sparrow (txolarre) deituko dion kapitainari bere indar eta determinazioa erakutsi beharko dizkio.

Dinara Drukarova errusiarrak zuzendu, idatzi eta antzezten du Grand Marin. Zuzentzen duen lehen film luzea izan arren, urteak daramatza zinema munduan, eta eskarmentu handiko aktorea da. Catherine Poulainek idatzitako izen bereko eleberrian oinarritu da Drukarova Liliren istorioa kontatzeko.

Irudi ikusgarriak utziko dizkigu errusiarrak filmak irauten dituen 90 minutuetan zehar. Itsasoaren bortizkeriari arrantza ontzi bateko jardunaldi gogorrak gehituko zaizkio, baita kontrastean itsaso bare batek eman ditzakeen argazki poetikoak ere. Eta, irudi horien artean, igerian, Lili: gizonezkoena den mundu batean gehiago egin eta erakutsi beharko duen emakumea. Bere txokoa egitea ez da erraza izango, baina nondik datorkion ez dakigun determinazioa du Lilik, iraganaz ahaztu eta erotzen duten lau paretetatik kanpo egon nahi du, behin eta berriro erakutsiko dizkigun antxetak bezain aske.

Askotariko pertsonaiaren azalean jarri den aktore baten antzezpena da Drukarovarena. Ez dakigu ezer Liliren iraganari buruz, baina ikus dezakegu ez duela bizitza erraza izan, eta, hala ere, nekatutako pertsonaia bat erakutsi ordez, aurrera egiteko irrikan dagoen emakumea erretratatuko digu, edozeri aurre egiteko prest dagoena. Zuzendaritza lanetan ere oso txukun aritu da. Itsaso bat, bizitza bat, ontzi batean sartu ditu, eta aldi berean itogarria eta askatzailea den istorio bat erakutsi digu. Bada, ordea, filma apur bat herren uzten duen zerbait: gidoia. Askotan ikusi dugun istorio bat da, eta estereotipoetan gehiegi oinarritu dela iruditu zait; pertsonaiei ertzak falta zaizkie borobilak izan daitezen, eta ezaguna dugun guzti hori noiz apurtuko zain igaro dut filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.