Jagoba Salvador.
AIRETIK

Superpoliglotak

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zenbat aldiz entzun dugu euskara ikastea oso zaila dela? Are gehiago, hutsetik ondo ikastea ezinezkoa dela dio zenbaitek, egia zientifiko eta unibertsal gisa. RAEren hiztegian, duela gutxira arte, vascuence hitzaren adieretako bat honakoa zen: «Hain nahasia dena, non ezin baita ulertu». Mito zahar bezain oker hori eraisteko nahiko lan izaten dugu, baina pixkanaka lortzen ari garela sinetsi nahi dut. Duela egun batzuk arreta handirik jarri gabe Euskadi Irratiko Faktoria magazina entzuten ari nintzela, bat-batean ezaguna egin zitzaidan solasaldian hartu zuten gaia. Haien 26. hizkuntza ikasteko erronka hastekoak omen ziren Youlden anaia biki britainiarrak. Ez ikasi bakarrik, haien helburua euskaraz bizitzea eta hamar egun barru, Faktoria-n bertan, euskara hutsean elkarrizketa bat egitea zela zioten. Horretarako, Donostiara bizitzera etorri ziren, egunean hamabi orduz ikasteko asmoz.

Orduan gogoratu nituen Michael eta Matthew, sarean noraezean behin baino gehiagotan agertu baitzaizkit hainbat hizkuntza jariotasunez mintzatzen dituztela erakusten. Normalean horrelako bideoez ez naiz guztiz fio, mezu motibagarriz apainduriko trikimailu promozionalen kutsua hartu izan diet. Gurera hurbildu direnean, ordea, pixka bat ikertuta, konturatu naiz hizkuntzalari horiek egiten dutena harrigarria bezain eredugarria dela. Argi dago badutela berezko gaitasun berezi bat, baina era berean, frogatu dute modu eta tresna egokiak aurkituz, posible dela. Gomendagarria da horren inguruan Matthew Youldenek TED Talks plataforman emandako hitzaldia.

Erronkaren hamar egunak joan den ostiralean bete ziren, eta Oihane Yustos kazetaria haiengana joan zen esperimentuaren emaitza ezagutzera; Youldentarren lorpenak edozein euskara ikasle (des)motibatuko luke. Haien esanetan, euskara hizkuntza «berezia», baina «oso logikoa» da. Era berean, euskalkiak izatea deigarria iruditu zaiela aipatzen zuten; mundiala iruditu zait Manchesterko bikiak Orion dugu-ren ordez deu erabiltzen ikasten irudikatzea. Baina haien euskal musikako erreferentziek txunditu naute gehien. Erronka hasi baino lehen Berri Txarrak eta Hertzainak nolabait ezagutzen zituztela kontatzen bazuten, oraingoan ikasketa prozesuan bidelagun izan dituzten bi izen bota zituzten: Madeleine eta Nahiadance. Gora bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.