Imanol Karrera. LABeko koordinatzailea

«LAB eta haren eredu sindikala betiko argazki horiekin lotzea izan dute xede»

joxerra senar
Iruñea
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia. Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak uste du sindikatuaren jarduera baldintzatu nahi dutela, langileak desmobilizatzeko.

Zein izan da polizia operazio horren helburua?

Nafarroan, gero eta gehiago dira langileen eskubideen aldeko borrokak. Dinamika indartsu bat dago, kasu batzuetan bateratua. Azken boladan Nafarroan egon diren borroka guztietan egon gara, eta ekarpen garrantzitsua egin dugu. ISN garbiketa enpresak eta CEN patronalak dinamika hori etetea izan dute xede.

Propaganda kutsua ikusi diozu?

Bai, ekintza publikoak izan dira, eta aukera zuten jakinarazpen bidez bide judizialari bide emateko. Alderantziz, bakoitzaren bila joan dira, eta albiste hori bilatu dute asmo politiko batekin: LAB eta haren eredu sindikala betiko argazki horrekin lotzea eta desmobilizatzea. Abagune batean gaude; mobilizazio ziklo batera goaz, pandemiaren eta krisiaren ondorioz. Gainera, administrazioak martxoaren 8ko mobilizazioei mugak jarri zizkien, eta orain gauza bera gertatu da. Emakumeak aktibatzen direnean, halako erabakiak hartzen dira.

Atxilotuen artean garbiketaren sektoreko langileak daude.

Pozik geunden tradizio sindikalik ez duen sektore bat aktibatu delako. Langileen artean, ahalduntze ariketa bat egon da, eta, CCOOk eta UGTk akordioa sinatu arren, saiatu gara ahalduntze hori gal ez dadin. Hori lortuz gero, indarra izango dugu; gainerako borrokak eta mobilizazioak iritsiko dira. Bi langilek blokeatu zuten kamioia, eta gainerakoak ere atxilotu dituzte. Deigarria da nola jokatzen duen botereak emakumeak mobilizatzen direnean.

La Sangiovesa, Huerta de Peralta, eta, orain, garbiketaren sektorea. Atxiloketek baldintzatuko dute zuen jarduera?

Gure ekintza sindikala kontraboterean oinarritzen da. Gure ereduak langileak jartzen ditu erdigunean. Lortu genuen hori Huerta de Peraltan, Sangiovesan eta esparru sozialeko sektorearen gatazkan. Balioa eman nahi diot horri. Langileon beharrak aintzat hartzen dituzunean, ikusten da botereak hori mugatu nahi izaten duela. Jarraituko dugu horrekin. Norabide aldaketan eragin nahi dugu, agenda politikoa baldintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.