Pello Insausti. Industria ingeniaria

«Enpresen argindar kontsumoan %1 aurrezten da, gehienez»

Ordutegi aldaketaren sistema ez da eraginkorra, Insaustiren ustez. Goizetan enpresak argiztatzen gutxiago kontsumitzeko asmatu zela azaldu du, baina nabarmendu du lantokietan beti daudela argiak piztuta.

Ibai Maruri Bilbao.
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Udan eta neguan ordutegi ezberdina izateari ez dio zentzurik ikusten Pello Insausti ingeniari eta energia aholkulariak (Donostia, 1966). «70eko hamarkadako petrolio krisiaren garaian ipini zuten martxan. Garai hartan, edozertan aurreztu nahi zuten. Bururatu zitzaizkien ideia guztiak ipini zituzten martxan. Baina ez nuke esango hau egokiena izan zenik».

Ordutegi aldaketarekin egiaz aurrezten da? Zenbat?

Oso gutxi. Kalkulu batzuk egin ditut, eta agian enpresa batzuek aurreztuko dute zerbait, goizeko ordutegia dela eta. Akaso norbanako batzuek aurreztuko dugu zerbait, arratsaldeko orduetan. Baina kopuru oso txikiak dira.

Zehatz esanda, zertan aurrezten du enpresa batek?

Argiztapenean bakarrik. Baina enpresa batean argiztapenaren gastua oso txikia izan daiteke. Argindar asko kontsumitzen dute. Ez dut fundizio bat jarriko adibide gisa; irudikatu dezagun tailer mekaniko bat. Energia kontsumoaren %15 inguru izango da argiztatzeko erabiltzen duena. Eta eman dezagun %5 inguru aurreztuko duela horretan. Barregarria da. Argindar kontsumoan %1 aurrezten da, gehienez. Hori, kontsumori dagokionez; dirutan ordaindu behar duenari erreparatuz gero, gutxiago aurrezten dute. Izan ere, argindar fakturak bi osagai ditu: energiaren kostua eta potentziarena. Energian %1 aurrezten baduzu, %0,5 jaitsiko zaizu ordainduko duzuna; 100 euroko fakturan, 50 zentimo.

Kokapenaren arabera, tokian tokiko eguzki orduen arabera, aurrezpena handiagoa edo txikiagoa izango da, ezta? Leku batzuetan besteetan baino gehiago nabarituko da.

Noski, ordutegi aldaketa honek zentzu handiagoa edukiko luke iparralderako, ipar hemisferioan, edo hegoalderako, hego hemisferioan. Ordutegi aldaketak herrialde horietan garrantzitsuagoak dira. Baina ez pentsa: hemen ere ordua asko aldatzen da. Gure aldaketa egokitzen da gehiago goiz partera. Hemen helburua da goizeko aldaketak gutxiago izatea; horregatik, aldaketak arratsaldera pasatzen ditugu. Hau da, neguan oso goiz ezkutatzen da eguzkia, eta udan, oso berandu. Baina goizetan, ordutegi aldaketei esker, eguzkia irteteko ordua ez da arratsaldean beste aldatzen, urtaroaren arabera. Arratsaldez, bost orduren ezberdintasuna egon daiteke goizen ezkutatzen den egunetik beranduen ezkutatzen denera; goizez, bi inguru daude. Enpresek dutenez gasturik handiena, aldaketa haiei begira eginda dago, goizetan gutxiago gasta dezaten.

Baina, lanean hasten direnetik, enpresek argiak piztuta edukitzen dituzte, kalean eguzkia egon edo ez.

Hori da, bai: zuri ordutegi aldaketak aurrezteko aukera ematen dizu, baina, gero, aukera hori aprobetxatzea edo ez, zure kontu geratzen da. Gehienek, enpresa irekitzen dutenetik itxi arte, argiak piztuta edukitzen dituzte. Inork ez du esaten: «Eguzkitsu dago, eta argiak itzaliko ditut aurrezteko».

Orduan, zergatik ez da ordu aldaketarena sekula baztertu?

Inkesta batean, Europako herritarrek esan dute ez dutela aldaketarik nahi, eta horregatik aztertuko dute orain. Nire ustez, arazoa ez da hainbeste ordutegi aldaketa kendu edo ez. Ez dut uste hori adostu ezinik dabiltzanik. Arazoa da iparraldeko herrialdeek urte osoan negukoa eduki nahi dutela, eta beste batzuek, udakoa. Bakoitzak bere interesak ditu.

Euskal Herriari zein ordutegikomeni zaio: udakoa edo negukoa behin betikotzea?

Guri dagokigun ordutegia ez da daukaguna. Gurea Portugal eta Ingalaterrak daukatena da. Hau da, neguko ordutegian geratu beharko genuke. Niri neuri gehiago gustatzen zait udakoa, neguko arratsaldeak luzeagoak izateko, baina, berez, guk urte osoan neguan dugun ordutegia eduki beharko genuke.

Ordutegi aldaketak argindar gutxiago kontsumitzeko balio ez badu, zer beste egin daiteke? Zer aukera daude gaur egun eremu horretan hobera egiteko?

Gauza asko egin daitezke; batez ere, teknologiaren aldetik. Sentsore asko daude, eta gauzak gero eta automatizatuago egon daitezke. Aspalditik daude horrelako teknologiak, baina gaur egun merkeagoak dira. Teknologia mailan zenbat eta ekipo berriagoak dauzkagun, gehiago aurreztuko dugu. Teknologian daukagu erantzuna. Adibidez, bulego batzuetan argiztatze sistema aldatu eta led teknologia jarriz gero, argindar kontsumoaren %50 aurreztu dezakezu. Noski, inbertsio bat egin behar duzu horretarako; sistema aldatzeak kostua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.