Pujanaren hilketa deitoratu du mugimendu feministak

Ikertzen ari dira ea Pujana hil zutenek beste andre batzuk ere bortxaz atxiki zituzten, sexu esplotaziorako. Beste bi eraso salatu dituzte

Pujanaren hilketa gaitzetsi zuten atzo Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko mugimendu feminista kalera irten zen atzo, Aintzane Pujana donostiarraren hilketa salatzeko. 32 urteko emakumearen gorpua urtarrilaren 4an aurkitu zuten, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta hilaren 13an bi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak: 24 urteko gizon bat eta 23ko emakume bat. Ikerketa sekretupean da, baina, asteon BERRIAk baieztatu duenez, hilketa leporatzeaz gain, Pujana legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea ere egotzi diete atxilotuei. Indarkeria matxistaren kutsua du, hortaz, kasuak, eta Emakumeen Mundu Martxak kalean salatzera deitu du. Donostian ez ezik, Gasteizen eta Iruñean ere egin zuten protesta; Bilbon gaur egingo dute.

«2021. urtea gogor hasi da emakumeen kontrako biolentziari dagokionez. Beste behin ere, emakume bat hila izan da Euskal Herrian», salatu dute feministek. BERRIAren hilketa matxisten mapan, urteko aurreneko biktima da Pujana, baina, 2003tik —orduan hasi ziren instituzioak hilketa matxisten gaineko informazioa biltzen—, 108 dira hildako emakumeak.

Mugimendu feministak instituzioei eskatu die indarkeria matxista «lehen mailako arazo politiko» gisa hartzeko: «Beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure munduan. Inor ez da arduratzen horretaz, baina gizartearen erdiari eragiten digu, eta ozen salatuko dugu ez gaudela prest gaitz hau gehiago jasateko». Era berean, ohartarazi du pandemiak zailtasunak eragin dituela babes sareak antolatzeko, baina autodefentsa feministaren alde egitera deitu dute.

Beste kasu bat ikerketapean

Zenbait hedabidek zabaldu dute Pujana hiltzea leporatutako biek lehenago ere atxiki zutela beste andre bat —gutxienez— sexu esplotaziorako. Komunikabideen arabera, emakume hori prostituziora behartzen zuten, eta jipoitu, ez bazituen haien aginduak betetzen. Andre horrek lortu zuen senideekin harremanetan jartzea eta Donostia inguruko landetxe batetik ihes egitea.

Horrez gain, azken egunetan gizon bat atxilotu dute Tuteran (Nafarroa), eta beste bat Gasteizen, beren bikotekideei eraso egitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.