Euskal Herriko Itzulia

Mahaiburuan eseri da

Roglicek irabazi du Itzuliko lehen etapa, Bilbon, erlojupekoan. 28 segundo atera dizkio Pogacarri, eta hortik gora beste hautagaiei. Izagirrek 1.09 galdu du

Mahaiburuan eseri da.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Mahaiaren gainean kolpea emanez hasi du Euskal Herriko Itzulia Primoz Roglicek (Jumbo Visma). Horretarako aukera aproposa zuen atzo, Bilbon jokatu zen erlojupekoan, eta ez zuen alferrik galdu. Frantziako Tourreko mamuek ez zuten kikildu, eta sendotasunez gailendu zitzaion Tadej Pogacarri (UAE); baita gainerako hautagaiei ere. Pogacarri 28 segundo atera zizkion, Adam Yatesi (Ineos) bezalaxe, eta are atzerapen handiagoa izan zuten gainerako liderrek. Mikel Landak (Bahrain), esaterako, 49 segundo galdu zituen. Hainbestean aritu zen arabarra; eskas, ordea, Ion Izagirre (Astana). Aurrean egoteko eguna zuen azken aldiko irabazleak, baina 1.09ko atzerapena izan zuen, eta asko zaildu zaio, horrenbestez, 2019ko garaipena berritzeko erronka.

Erlojupeko motza zen, 13,5 kilometrokoa, eta bi aldapa zituen: bata hasieran, Begoñako santutegitik Santo Domingo gainera iristeko, eta bestea bukaeran, Etxebarria parkera heltzeko malda motz eta tentea —350 metro ziren, %19ko pendizarekin—. Bada, aldapetan ez, maldan behera eta ordekan ezarri zuen bere legea Roglicek, garapen luzeak indarrez mugituta. Asko esloveniarraren erakustaldia ikusi gabe geratuko ziren, oso goiz atera baitzen, ordu biak eta laurden inguruan. Jumbo-Visma taldeak hura bidali zuen aurrena errepidera, eta erabakia ez zitzaion damutu, 17 minutu eta 17 segundoan gelditu baitzuen kronometroa Roglicek.

Denborarik onena ezartzen duenaren aulkian eseri, eta bertan pasatu zuen arratsalde osoa. Izan ziren goiz abiatu ziren beste faborito batzuk, eta, tarteko mugarrian gerturatu arren, helmugan urrun izan ziren denak: 31 segundora geratu zen Maximilian Schachmann (Bora), 36ra Wilco Kelderman (Bora), 39ra Pello Bilbao (Bahrain) eta Jakob Fuglsang (Astana), 45era Richard Carapaz (Ineos), 47ra Emanuel Buchmann (Bora), 1.07ra Michael Woods (Israel), 1.38ra Esteban Chaves (Bike Exchange)…

Roglici hasieran gehien hurbildu zitzaizkionak haren taldekide Jonas Vingegaard eta Tobias Foss izan ziren; 18 segundora sartu zen bata, eta 24ra bestea. Behin-behinean, Jumbo Vismako hiru txirrindulari ageri ziren lehen hiru postuetan. Beste talde batzuek ere bazuten ahotsa goratzeko intentzioa; Astanak, adibidez. Horren erakusgarri dira Omar Fraileren eta, batez ere, Alex Aranbururen denborak; 40 eta 30 segundora helmugaratu ziren hurrenez hurren. Erreferentzia esperantzagarriak ziren Ion Izagirrek egin zezakeenari begira. Alabaina, kale egin zuen ormaiztegiarrak, eta erlojuaren kontra ezohiko ahuldadea erakutsi: 43. postuan bukatu zuen, minututik gorako galerarekin.

Deigarria izan zen Landak Izagirreren aurretik bukatzea: 26. izan zen. Arabarraren ahulgune nagusia bakarkako lana da, baina bere burua defendatzeko gai izan zen atzo. Urrundu egin zaio Roglic, baina inguruan ditu gainerako faboritoak.

Bazirudien Pogacar zela Roglicen marka apurtu zezakeen bakarra. Baina UAE taldeak bazuen beste bala bat: Brandon McNulty. Mendateetan oraindik ez duen sendotasuna du erlojupekoetan estatubatuarrak, eta bi segundo eskasengatik ez zuen ondu Roglicen denbora. Bost segundoren abantaila lortu zuen tarteko mugarrian, baina behera egin zuen gero, plater handia mugitzeko tenorea iritsi zenean. Gauza bera gertatu zitzaion Adam Yatesi (Ineos). Bi segundora hurbildu zitzaion esloveniarrari Santo Domingoko aldapa igota, baina 28 segundo utzi zituen azkenean.

Pogacarren jardunak ere bilakaera hori bera izan zuen. Hura izan zen irteten azkena, Roglic baino hiru ordu geroago, eta, mugarrian herrikideari bi segundo atera arren, hark ere 28 segundo galdu zituen bukaeran. Indarrez hustu egin zen ordekan, udaletxera bidean, eta ezin izan zuen gorputza nahi beste zukutu azken igoeran. Espero zen baino atzerapen handiagoa izan zuen; albiste ona da hori lasterketarentzat, iraultzaren bila joko baitu.

Hasi aurretik, etxera

Zale askok errepide bazterretik ikusi zuten lasterketa, baina pilaketarik gabe, eta maskara jantzita. Kontuz ibiltzea komeni da, koronabirusaren mehatxua gainean baita: atzo hiru txirrindularik utzi zuten lasterketa, birusa hedatzeko beldurragatik. Sergio Henao (Qhubeka) izan zen lehena, positibo batekin harremana izan zuela jakin ostean. Azken PCR proban negatibo eman zuen, baina, halere, etxera bidali zuen taldeak. Kern Pharmako Kiko Galvan, berriz, hiru kontrol gainditua zen azken astean, baina ondoezik sentitu zen atzo, eta, badaezpada, lasterketa utzi zuen. Baita Marti Marquezek ere, Galvanen burbuilakideak. Nafarroako taldeak etxerako bidea hartu behar izan zuen Kataluniako Voltan, bi positibo izan zituela eta.

Bigarren etapa jokatuko da gaur, Zalla eta Sestao artean. Hiru mendate igoko dituzte: hirugarren mailako San Kosme eta Bezi, eta bigarren mailako La Asturiana. Azken horrek helmugatik hamabost kilometrora dauka gailurra. Amaierak goranzko joera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.