Laso-Imaz eta Peña-Albisu finalerdien bila ariko dira gaur

Binakakoaren bigarren eta azken kanporaketa jokatuko dute Ogetan: irabazlea, finalerdietara. Irribarria-Rezusta ostiraletik daude sailkatuta

Laso pilota astintzen, eta Peña alboan, ligaxkan, urtarrilean. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketako lehenbiziko pusketa luze bezain erakargarriari gauza bat bakarrik falta zaio erabakitzeko: finalerdietan ariko den azkeneko bikotea zein izango den. Kanporaketa bidez,gaur zehaztuko da zein doanaurrera txapelketan eta zeinetxera: Laso eta Imaz, edo Peña II.a eta Albisu. Ogetan jokatuko dute partida erabakigarria. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta bigarren partida izango da txapelketakoa.

Biak dira Baiko enpresako bikoteak, eta Laso-Imazek laugarren bukatu zuen ligaxkan; Peñak eta Albisuk, berriz, koska bat beherago, bosgarren. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka lehen fasean: lehendabiziko itzulian, Lasok eta Imazek 11n utzi zituzten gaurko aurkariak, Iruñean, iazko azaroaren 27an; bigarren itzuliko norgehiagokan, ordea, Peñak eta Albisuk menderatu zituzten beste biak, 22-14ko emaitzarekin, Markinan, urtarrilaren 22an. Beraz, aurrekariak ezin dira berdinduagoak izan. Gaur hautsiko dute berdinketa, eta sari handia izango du zain irabazleak.

Horrelako beste bat ere bazen jokoan, kanporaketako lehen partidan, eta Irribarriak eta Rezustarentzat izan da saria, ostiral gauean Donostian Ezkurdiari eta Tolosari irabazi eta gero (22-17). Lefen faseko sailkapenaren logika gailendu zen, hirugarren sailkatuak menderatu zuelako seigarrena.

Joan eta etorriko partida izan zen. Aramako aurrelariak eta Bergarako atzelariak abantaila handia izan zuten partidaren lehen zatian. Aurretik joan ziren 15 tanto egin arte (15-9), baina ondorengo minutuetan markagailua irauli zuen Ezkurdia eta Tolosa bikoak (16-17). Erabat estutu zen dena, baina ordutik aurrera, Irribarriaren eta Rezustaren alde jarri zen berriz ere markagailua, eta bost tantoko takatekoa egin ondotik, irabazi egin zuten norgehiagoka.

Horrenbestez, lehendik sailkatuta zeuden Altuna-Martija eta Elezkano-Zabaleta bikoteek badute hirugarren aurkaria. Laugarrena zein den gaur jakingo dute. Gertatzen dena gertatzen dela Ogetan, enpresen arteko alderaketan, Aspek hiru bikote izango ditu finalaren atariko ligaxkan, eta Baikok bakarra, gaurko irabazlea.

Maila nagusiko finala, gaur

Battitta Ducassouk eta Mathieu Ospitalek maila nagusiko buruz buruko finala jokatuko dute gaurHazparneko (Lapurdi) Berria trinketan (15:15, France 3 Nouvelle Aquitaine). Ducassouk seigarrenez irabazi nahi du txapel handia, eta laugarrena izango luke jarraian. Lorpen hori erdietsiko balu, Manu Martiarenarekin eta Waltary Agustirekin berdinduko luke. Ospitalek, berriz, lehenbiziko aldiz jantzi nahi du txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.