Andre Mari Zuriaren jaiak

Hiru protokolo erasoen aurka

Mugimendu feministak, Gasteizko Udalak eta Blusa eta Nesken Batzordeak eraso sexisten aurkako protokolo bana jarri dute martxan. Erasoak salatzeko bi telefono egongo dira.

2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako eraso sexisten aurkako protokoloak martxan dira. Aurten, hiru protokolo izango dira gerta daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta eraso egin dieten pertsonak babesteko: Gasteizko mugimendu feministarena, Gasteizko Udalarena eta Blusa eta Nesken Batzordearena.

Gasteizko mugimendu feministak jaietarako lanketa zehatza egin du, «sexismoa jaien gozamenerako eta elkarbizitzarako oztoporik handienetako bat» dela ulertuta. Jaiak «gutxiengo baten gozamenerako» direla salatu du. Hiru helburu nagusi ditu protokoloak: gizartean kontzientziazioa bultzatzea eta erasoen kontra egitea denen ardura dela ulertaraztea, erasoen aurrean erantzuteko neurriak martxan jartzea eta autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.

Hainbat jai batzorderekin batean banatuko dute protokoloa: herri mugimenduekin txosnagunean, Geu elkartearekin Aihotz plazan eta erdiguneko hainbat tabernarekin. Eraso sexistak «hamaika forma» har ditzakeela gogorarazi dute, eta askotan erasoei zilegitasuna kendu eta gutxietsi egiten direla salatu. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute, «indarkeria matxista amaitzeko tresna, jarrera eta erreakzio guztiak biltzen dituen borroka molde» gisa definituz. Horrez gainera, telefono bat jarri dute erasoen salaketak jaso eta eraso egindako pertsonei babesa emateko: —688-74 44 11—. Elkarretaratzeak deituko dituzte erasoa gertatu eta hurrengo egunerako.

Mugimenduak udalaren azken ekinbidea kritikatu du. Zeledonen jaitsierara morez jantzita joateko deia egin du udala, eta eraso sexisten aurkako kamiseta mezudunak eta baloi moreak banatuko ditu. Hori ikusita, mugimendu feministak esan du eraso sexistak ez direla «kolore morez aurpegia zurituta» desagertuko, eta elkarlana ez bultzatzea egotzi dio udalari. Horrez gainera, Poliziaren «sentsibilizazio feministarik eza» salatu dute.

Udalak, bere protokoloa

Udalak informazio guneak jarriko ditu Posta eta Agirre Lehendakaria kaleetan: 17:00etatik 23:00etara egongo dira irekita. Berrikuntza gisa, «laguntza eta babesa» emango dute gizarte larrialdietarako udal zerbitzuarekin eta Udaltzaingoarekin koordinatuta. Urtero bezala, 24 orduz egongo da telefono bat, erasoak salatu eta argibideak eta babesa jasotzeko —945-13 44 44—.

Gainera, gizonezkoentzat bi hezitzaile egongo dira, gazteen indarkeria matxistaren prebentzioan espezializatuak: kalean ibiliko dira, jai inguruetan. Bestalde, ostalariei, blusa eta neskei eta garraio zerbitzuei kartelak banatu dizkie berdintasunaren aldeko kanpainaren barruan; zenbait eraikin morez argituko dituztela ere jakinarazi dute.

Blusa eta Nesken Batzordea duela bi urte hasi zen protokoloalantzen, erasoak saihestu, aldebakarreko erantzuna eman eta hezkuntza parekide bat sustatzeko. Aurten, berrikuntza bat gehitu diote: LGTBI kolektiboaren kontrako erasoak ere aintzat hartu dituzte.

Endika Saez de Adana Blusa eta Nesken Batzordeko presidenteak «erantzunak ematean eraso egin diotenaren nahia» kontuan edukiko dutela adierazi du. Hala ere, lan horretako burua mugimendu feminista dela eta iniziatiba beraiek izango dutela nabarmendu du: batzordeak mugimendu feministak deitutako elkarretaratzeak babestuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.