KRITIKA. Musika

Iluntze progresiboa

Haken taldeko kideak, artxiboko irudi batean. WILL IRELAND.
Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun

Haken, VOLAeta Bent Knee

Lekua: Santana 27 aretoa, Bilbo. Eguna: Martxoaren 13a.

Luxua da aste erdian maila oneko kontzertuez gozatu ahal izatea. Ingalaterrako Haken talde progresiboak urteekin findu duen talentua erakutsi zuen asteazkenean, Bilboko Santana 27 aretoan. Vector bosgarren eta azken diskoaren kontzertu bira egiten ari dira, eta pozgarria da, berriz ere, gurera etortzea erabaki izana. Duela hiru urte Azkoiengo Minnuendo jaialdira joan izan ez genuenok bigarren aukera aprobetxatu genuen.

Bent Knee estatubatuarrek eta VOLA daniarrek, hurrenez hurren, ekarpen interesgarria egin zuten. Aurrenekoek askotariko doinuak josi zituzten, eta bigarrenek harridura sortu zuten. Argiztapen zoragarriak are gehiago koloreztatu zuen daniarren proposamen progresibo bezain irekia. Pasarte leun zein melodikoak riff indartsuekin eta oinarri erritmiko teknikoarekin tartekatu zituzten. Iaz ateratako Applause Of A Distant Crowd diskoa altxor bat da.

Iluntze progresiboa Haken boskoteak biribildu zuen. Musika progresibo klasikoaren eta modernoaren arteko zubia notaz nota marrazten zuten, zuzenean ere. Bederatzi abestiko errepertorio orekatua hautatu zuten. Batez ere, estudioko azken bi diskoetako —Affinity eta Vector— piezak perfekzio beldurgarriarekin jo zituzten. The Good Doctor eta Puzzle Box izan ziren abiapuntua, denboran atzera egin eta The Mountain diskoa omentzeko. Falling Back To Earth izan zen eman zuten abesti zaharrena. Agertokitik ere dituen pasarte zoragarriak luzitu zituzten.

Emanaldiko une zoragarriena 1985 eta Veil abestiak kateatuta lortu zuten. Ross Jennings abeslaria betaurreko retro batzuekin agertu zen, testuinguruan kokatzeko. Jarraian, geruzekin, pixkanaka eta orkestrazioarekin eraiki zuten segundo bakar bat ere soberan ez duen pieza. Lehen agurra esan aurretik The Architect zainduarekin gozatu zuten. Ordurako, Diego Tejeida teklatu jotzailea batera eta bestera zebilen.

Ezustekoa bukaerarako utzi zuten. Crystallised abestiarekin sortzeko duten gaitasun paregabea aldarrikatu zuten. Bost ahotsetara egiten duten jolasa zuzenean ikusi izana pribilegioa da. Hori da hitza. Pribilegioa da horrelako taldeak gurera etortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.