Naiara Elola.
DENA ETA EZTENA

Oihalak erakutsitako beldurrak

2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Osteguna. Cannesko zinema jaialdiaren berri ematen ari diren kazetarientzat emanaldi berezia da. Jendez mukuru bete da Lumier antzokiko lehenengo aretoa, eta horregatik ireki dute bigarrena. Eseri da bakoitza egokitu zaion tokian, eta iritsi da filma ikusteko unea. Bong Joon-ho Hego Koreako zuzendariaren Okja filma eman behar dute. Baina bada arazo bat. Oihala ez da erabat igo, eta filmeko protagonista Tilda Swinton aktorearen burua moztuta ageri da zenbait eszenatan. Ikusleak oihuka hasi dira. Eten egin dute proiekzioa, zazpi minutuz. Arazoa konpondu, eta hasi da proiekzioa, eta agertu da lehenengoz Netflixen ikurra.

2011n hasi zen filmak ekoizten streaming bidez telesailak eta filmak eskaintzen dituen plataforma, eta zinema mundua hankaz gora jarri du. Aurten, lehenengoz, Cannesko sail ofizialean lehiatuko dira Netflixek ekoitzitako Okja eta Ther Meyerowitz Stories filmak. Pantaila handian ikusteko aukera Frantziako hiri horretan soilik egongo da. Nazioarteko estreinaldia plataforman egingo dute, ekainaren 28an.

Paradoxikoa da Urrezko Palma irabazteko hautagaiak diren filmetako bi zinemetan ikusteko aukerarik ez izatea. Gogor egin du horren kontra zinemako jaialdiko epaimahaiko zuzendari Pedro Almodovarrek: «Film bat lehenengoz ikusten dugunean, pantailak ez du altzari bat izan behar; guk txiki-txiki sentitu behar dugu irudi horien barruan kokatzeko».

Gaur zortzi jakingo da nork irabaziko duen Urrezko Palma. Bitartean, boikot itxura duen erabakia hartu dute Cannesko jaialdiko zuzendariek: 2018an lehiatzeko filmak Frantziako zinema komertzialetan estreinatzea ezinbestekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.