ESPAINIAREN PLANA

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Espainiak Ahal du. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Proiektua aurkeztu zuen atzo Kongresuan. Hurrengo bilera batean onartuko du, eta hilaren 30a baino lehen bidaliko dio Europako Batzordeari. Bruselaren baiezkoa derrigorrezkoa da Espainiako Gobernuak Next Generation planaren dirua jaso ahal izateko: 140.000 milioi euro, horietatik 72.000 milioi laguntza zuzenetan. Planak dakar 30 gaietan erreformak egitea, baina ez du zehaztapen handirik ematen eztabaida gehien sortzen duen bietan: negoziazio kolektiboarena (lan erreforma) eta pentsioena.

Negoziazio kolektiboa

Badira aste batzuk Espainiako Gobernuak negoziazio ofizialak hasi zituela CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin, lan araudian aldaketak egiteko. Aurrerapauso gutxi egon dira, besteak beste, enpresaburuen elkarteak ez duelako moldaketa handirik egin nahi 2012an eta 2013an PPren gobernuak egindako aldaketetan: enpresako itunen nagusitasuna sektoreetakoen gainetik, kaleratzeen merkatzea, enplegu erregulazioek administrazioen baimena behar ez izatea, lan itunak ez betetzeko erraztasunak... Gobernuaren barruan ere badira iritzi desberdinak: aldaketa gutxi nahi ditu Nadia Calviño Ekonomia ministroak(PSOE), eta gehiago Yolanda Diaz Lan ministroak (UP).

Atzo aurkeztutako planak ez du argirik ematen eztabaida horiei buruz, baina zehazten ditu beste puntu batzuk. Batetik, «barne malgutasunerako neurriak izango dira kaleratzeen eta behin-behinekotasun handiaren alternatiba gisa»; hau da, aldi baterako enplegu erregulazioei buruzko araudi finko bat egingo duela, pandemian izan duten arrakasta ikusita.

Bestetik, kontratuen sinplifikazio bat izango da, Bruselak eskatzen duenaren ildotik. Hiru kontratu mota izango dira: egonkorra, aldi baterakoa eta formakuntzakoa. Egonkorrak izan beharko luke araua, eta aldi baterakoa gorde izaera hori duten lanetarako. Europako Batzordeak beraknabarmendu du «gehiegizko» behin-behinekotasuna dela Espainiako lan merkatuaren gaitz nagusietako bat.

Pentsioak

Oso zehazgabea da Espainiako Gobernuaren proiektua, gai hori eztabaidatzen ari delako sindikatuekin eta patronalarekin. «Erosteko ahalmena bermatzen duen pentsioen eguneratze tresna bat» agindu dio Madrilek Bruselari. Horrek baliorik gabe utziko lituzke PPren eguneratze sistema eta jasangarritasun faktorea, haiekin ez baita bermatzen pentsioek erosteko ahalmenari eustea. Astelehenean, bere proposamena publiko egin zuen Jose Luis Escriva Gizarte Segurantza ministroak: pentsioak aurreko urteko KPIa adina igotzea, baina, inflazio negatiboa denean, ahalmenean gertatzen den irabazia ezabatzea.

Escrivak berak nahi zuen pentsioa kalkulatzeko lan egindako azken 35 urteak hartzea kontuan —25 izango dira aurki—, baina, UPren ezezko borobilaren ondoren, planak dio aukera bat dela epea luzatzea, baina epe bat aipatu gabe. Hedabide batzuen arabera, Escrivak 35 urte proposatuko ditu, baina horien artean «urterik txarrenak» kendu ahal izatea.

Argiago mintzatu da ministroa erretiratzeko adinari buruz: adin erreala —64,5 urte orain— ofizialera hurbildu nahi du —66 aurten; 67, 2027tik aurrera—. Horretarako bidea da erretiro aurreratua hartzen dutenei gehiago jaistea pentsioa. Gainera, erretiroa atzeratzen dutenei 12.000 euro arteko saria emateko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.