Askatasunaren mugei tiraka

Adierazpen askatasunaz aritu dira Martin Ugalde foroan Laura Mintegi eta Hedoi Etxarte. Alderdi ugaritatik bota diote begirada gaiari: soziopolitika, legea, umorea, kultura...

Laura Mintegi eta Hedoi Etxarte, atzo, Martin Ugalde foroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Andoain
2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Hari mutur askotarikoak ditu adierazpen askatasunaren eztabaidak: adierazpidearenak berarenak, legearenak, baldintza sozioekonomiko eta soziopolitikoenak, kulturarenak, umorearenak... Horietatik tiraka aritu dira Laura Mintegi idazle, irakasle eta Euskal PEN Klubeko presidente ohia eta Hedoi Etxarte poeta, Martin Ugalde foroan. Hala jarri zioten izenburua solasaldiari ere: Adierazpen askatasunaren hari muturrak, 2015ean.Orain, alegia; batez ere, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako Parisko erasoen testuinguruan.

Horien ostean indartu da nolabait eztabaida Euskal Herrian ere. BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik jarri die abiapuntua hizlariei, oraindik kartzelan dauden Egin-eko kideak gogoratu ondoren: «Badu mugarik adierazpen askatasunak?». Printzipioz, ezezkoan dago Mintegi: «Hitzari hitzez erantzun behar zaio». Baina badira hari muturrak, eta korapiloak ere bai sarri.

Nazioarteko PEN Klubean izandako eztabaidak azaldu ditu euskal taldeko presidente ohiak: irizpideak adostu behar zituzten, nor babestu, nor ez. Zer zen adierazpen askatasunaren aurkako erasoa, zer ez. Sarri, errazagoa izaten da gauza bat definitzea, hori zer den esanaz baino, zer ez den zehaztuta. «Terrorismoaz» hasi ziren, eta erabaki zuten ezin zela «terrorismoaz» hitz egin: «Hitz egin daiteke bakarrik terrore ekintzei buruz. Idaztea, inoiz ezin da izan terrore ekintza». Ez idaztea, ez esatea, ez kantatzea... Euskal Herriko kasuak gogora ekarri ditu Mintegik; tartean, musikarienak. Eskertu dio Etxartek, irudipen bat baduelako: «Adierazpen askatasuna mugatzen dela askotan prentsa askatasunera».

Mendebaldean, oro har, jazarpena estatuen aldetik etorri ohi dela nabarmendu du Mintegik, eta horiek salatzen direla, horiei erantzuten zaiela adierazpen askatasuna aldarrikatuz: «Ez gaude oso ohituta bestelako egileen erasoei erantzutera. Halakoetan, ateratzen da tolerantzia hitza, eta dardarka jartzen naiz. 'Nik baimentzen dut, edo ez'. Horren ordez, nahiago dut errespetua».

Charlie Hebdo-ren aferaren ondoren, duda badu Etxartek: «Ea hitz egin ote zitekeen adierazpen askatasunaz». Leninen hitzak ekarri ditu gogora: egon daitekeela adierazpen askatasunaren aldarri bat «kasik luxuaren parte» dena. Hau da, botere aldagaiak, zehazki, ekonomikoak, baduela parte horretan: «Komunikabide handietan ari direnek ere ez dutela adierazpen askatasunik; jana lortzeko, idatzi behar dutela nagusiek nahi dutena».

Askatasun horrek, askatasun bada, ez luke behar horren edo haren araberakoa, menpekoa. Hala dio teoriak. Hari muturrak badira, ordea. Austria aipatu du Mintegik: nazien esku holokaustorik ez zela gertatu esaten zuten kazetariak kartzelan daudela. Eta PEN Klubeko Austriako edo Alemaniako ordezkariek esaten zutela: «Ondo daude kartzelan».

Frantziaz aritu da Etxarte. Argi du: «Frantzian ez dago adierazpen askatasunik». Hiru memoria lege aipatu ditu. Bat, naziek egindako holokaustoari buruzkoa. «Badira irakasleak, holokaustoa zalantzan jartzeagatik, unibertsitatetik bota dituztenak». Bestea, armeniarren holokaustoaren ingurukoa, eta, hirugarrena, esklabotzarena. Eta nola duten indar gutxiago azkenengo biek; batez ere, hirugarrenak.Zer eta nor denaren arabera, alegia.

Legea, umorea, kultura...

Legeek, bere horretan, askorako eman dezakete. Baina erabateko adierazpen askatasuna defendatzen bada, delitu izan behar dira, adibidez, irainak? Mintegiri zuzendu dio galdera Otamendik. «Lehen, erraz erantzuten nuen». Mintegiri, EH Bildurekin legebiltzarkide izan den hiru urteotan, «egunero» deitu diote «terrorista». Hori beste gauza bat dela dio berak. «Legea gaitza definitzeko dago. Eta delitu bat egozten badizute, salagarria da hori; ez esan dizutenagatik, baizik arriskuan zaudelako legearen aurrean».

Umorearen hari muturrari ere heldu dio Etxartek. Azaldu du nola nazien garaian, III. Reichean, txiste asko egiten ziren. Juduei eta abarrei buruz, noski; jazarriei buruz. «Txiste bidez, nola irits daitekeen zapaldua iraintzera. Pertsonak animalia bihurtzeko prozesua da». Galdera egin du: «Umoreak balio du askatzeko, edo zapaltzeko? Erabileraren arabera, munduko ia gauza guztiak bezala».

Eztabaida horretan, zibilizazio edo kulturen arteko talka ere aipatu da Charlie Hebdo aldizkariarendoren. Nola erantzun horri? «Kulturartekotasuna» erantzunik «tamalgarriena» da Etxarterentzat, «paternalista». Ados datoz Mintegi eta biak gauza batean: kultura baino, bakoitzaren egoera soziopolitikoa dago eztabaida horren atzean. Etxarte: «Arrazakeria erabiltzen da gauzak estaltzeko». Mintegi: «Iraina ez da mingarria zure kulturaren aurka doalako, baizik gizarte gisa menpeko sentitzen zarelako. Gizarte bat ahaldundua badago, iraina ez du iraintzat hartuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.