Donostia are txuri-urdinago

Baionaren milaka zale izan dira Anoetan, taldea animatzen. Aurretik giro ederrean ibili dira Donostiako kaleetan, Paueko zaleekin batera egun polit bat igaroz.

Baionako zaleak Anoeta inguruetan. A. CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Txuria eta urdina dira Donostiaren koloreak. Atzokoan are txuri-urdinago jantzi zen Gipuzkoako hiriburua. Ez San Sebastian eguna zelako. Urruti dago urtarrilaren 20a. Ezta Realak partida garrantzitsu bat zuelako ere. Baionako errugbi taldeko zaleak izan ziren hiriari kolore hori eman ziotenak. Bederatzi urteren ostean, Donostiara itzuli ziren atzo. Izan ere, ordutik Anoetan jokatu gabea zen Lapurdiko hiriburuko taldea. Gogotsu zirela nabaria zen, partidaren aitzakian egunaz gozatu baitzuten. Familia zein lagun artean giro polita jarri zuten. Tantaka ere ikusi zen aurkariaren, Paueren, elastiko eta bufanda berderen bat. Baina zale kopuruari dagokionez, garaile argi bat zegoen: Baiona. Zelaian, bestelakoak izan ziren kontuak.

Ikusi gehiago:Anoetan galdu du lehenengoa

Zaleetako asko goizean goiz iritsi ziren Donostiara. Anoeta inguruan autoa utzi, eta Parte Zaharrerako bidea egin zuten. Gehienek elastiko, bufanda edo zapi txuri-urdina zeramaten. Sarriegi plazan zaleak turistekin uztartu ziren. Turistak gidari batek emandako azalpenak entzuten ari ziren bitartean, zale lapurtarrak lasai asko ari ziren terrazetan zerbait hartzen. Horietako bat zen Benedicte Intxauspe. Baionaren bufanda zeraman eskuan. «Bero handia egiten du orain jartzeko. Baina, gero, taldea animatzeko erabiliko dut». Senarrarekin zegoen. «Bioi asko gustatzen zaigu errugbia, eta Baionaren etxeko partida guztietara joaten gara. Gaurkoan ezin genuen huts egin. Gainera, Donostia ezagutzeko ere baliatuko dugu eguna». Eguerdi partea izanik, pintxo batzuk jateko asmoa zuten, eta gero pixkanaka zelaira gerturatzen joatekoa: «Autobusak daudela ikusi dugu, baina oinez joango gara, eguraldi ona egiten duela aprobetxatuz».

Lapurtarrak denboraldi biribila egiten ari dira etxean. Atzo arte partidarik galdu gabe zeuden: «Zale asko etorri gara, eta espero dugu taldeak etxean egongo balitz bezala jokatzea». Desio bat ere aipatu zuen. «Ea denboraldi honetan berriro ere hona bueltatzen garen, finalerdiak jokatuko genituzkeela esan nahiko bailuke. Ederra izango zen».

Desio bera zuen Anne-Marie Lambertek. 20 urte daramatza Baionako bazkide izaten, eta bertako zale taldeko kide da. Lagun batzuekin batera, Baionaren ereserkia abesten ari zen Munto tabernaren atarian. «Jakitun gara oso zaila izango dela. Iristen ez badira ere, oso pozik gaude egiten ari diren denboraldiarekin. Talde igo berria izanda, nik, behintzat, ez nuen espero hain ondo arituko zirenik. Are gehiago taldeak egin zituen aldaketa ugariekin». Jokalarien artean bat nabarmendu zuen: Camille Lopez. «Asko gustatzen zait haren jokatzeko modua, eta sasoi aparta egiten ari da», nabarmendu zuen. Dena den, ez zen Pauez fio. «Ez dago bolada onean, baina beti da talde gogorra eta zaila mendean hartzeko». Partida nola joan zen ikusita, bete-betean asmatu zuen.

Lambertek tarteka kanpoko partidetara joateko ohitura izaten du. «Ahal dudan neurrian egiten dut, errugbia eta haren inguruan dagoen giroa asko gustatzen zaidalako. Taldeak Donostian jokatu duen aldi guztietan egon naiz hemen, eta, aurrekoetan bezala, asko gozatzeko asmoa dut». Hizketan ari zela, zerbitzaria inguratu, eta «Aupa Miarritze!» esan zien txantxetan. Haiek, barrez, Baionaren aldeko kantuak abestuz erantzun zioten. «Aspalditik ezagutzen gaitu. Hona etortzen garen aldiro jaten ditugu pintxoak hemen».

Anoeta inguruak, lepo

Baina Parte Zaharrean ez ezik, handik Anoetarako bide guztian ere ikus zitezkeen Baionako zaleak. Ezin zen falta lapurtarren maskota, Pottoka. Kamioi moduko batean zeramaten, eta zaleak hauspotzen aritu zen. Izan ziren autoaren klaxona joaz, edo Baionaren bandera astinduz erantzun zutenak.

Anoetara gerturatu ahala, gero eta zale gehiago zegoen. Gehienak bazkaltzen ari ziren. Batzuk tabernetan bertan, eta beste batzuk inguruko plazetan etxetik ekarritako ogitartekoekin. Halaxe zegoen Carlos Izagirre. Getxotik etorri zen, etxekoekin. «Zaleak gara, eta seme-alabak ekarri nahi izan dut partida ikustera. Frantziako Liga Europako indartsuenetakoa da, eta ikuskizuna ederra izatea espero dut». Uste du Euskal Herriko errugbiarentzat onak direla halako egunak. «Hemen nolako maila dagoen erakusteko balio digu. Ea Baionan jokatzen duten euskal jokalariek partida ona egiten duten». Zegoen giro ona nabarmendu zuen. «Hori da errugbiak duen gauzarik politena, bi taldeetako zaleen artean dagoen giro ona eta errespetua».

Horren adierazle izan zen Madril Etorbideko plaza. Hantxe aritu ziren bi taldeetako zaleak kantuan elkarrekin. Elastiko berdea zuen Henri Fredericek, Paueko zaleak. «Asteburu-pasa etorri gara, errugbiaren aitzakian. Giro aparta dago». Bere taldeak puntu beharra zuela onartu zuen. «Baiona oso ondo ari da, baina ea ezustea eman dezakegun. Gainontzean gauzak are zailago jarriko zaizkigu mailari eutsi ahal izateko».

Bere taldeak lortutako emaitzarekin pozez egingo du gaur etxerako bidea. Baionako zaleek buru makurrago egingo zuten, baina egunaz gozatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.