Realak kolpea eman nahi du gaur Atletico Madrilen zelaian

Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Reala bikain ari da. Hamabi partida jokatu ditu denboraldi honetan, eta bakarra galdu du, Espainiako Ligako lehen jardunaldian, Camp Noun, Bartzelonaren aurka. Ordutik, 11 neurketa jokatu ditu, eta bakar bat ere ez du galdu: zazpi irabazi ditu, eta lau berdindu. Horri esker, lider da Espainiako Lehen Mailan, eta bigarren Europako Ligako multzoan.

Baina txuri-urdinek gehiago nahi dute, eta gaur aukera ona dute mahaian kolpe bat emateko. Ligako txapeldunari egingo diote bisita: Atletico Madrili (21:00etan, Movistar La Liga). Espainiako taldeak lau puntu gutxiago ditu, baina partida bat gutxiago jokatu du. Realak nahikoa luke puntu bat lortzea beste jardunaldi batez lidergoari eusteko. Emaitza ona litzateke, are gehiago kontuan hartuta Atletico Madrili egindako azken zortzi bisitetan puntu bakarra eskuratu duela. Gogoz joan dira txuri-urdinak Madrilera, irabazteko asmoarekin. Hala ere, Imanol Alguacilek atzo nabarmendu zuen «oker» ariko liratekeela pentsatuta Atletico Madrilen helburu berak dituztela: «Haiek azkenera arte borrokatuko dira liga irabazteko. Gure erronka azkenera arte lehia horretan eustea da». Aihen eta Zubimendi ez dira ariko, biak min hartuta baitaude.

Derbia Lezaman

Espainiako Bigarren Mailan, berriz, Amorebietak eta Reala B-k derbia jokatuko dute gaur Lezaman (14:00, Movistar La Liga). Biek dute irabazteko premia, azkeneko postuetan baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.