Albistea entzun

GASTEIZKO JAIAK

Azkenean itzuli da Zeledon

Bi urtez itxaron behar izan diote gasteiztarrek Zeledoni, baina azkenean itzuli dira jaiak. Atzo arratsaldeko seietan, suziria piztu, eta Zeledon panpinaren jaitsierarekin eman zieten hasiera. Aurten bost emakumek piztu dute suziria, eta herritarrek salto eta kantu artean ospatu dute festen hasiera.
Ziztu bizian zeharkatu zuen Andre Maria Zuriaren plaza Zeledonek.
Ziztu bizian zeharkatu zuen Andre Maria Zuriaren plaza Zeledonek. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eider Etxeberria Soria -

2022ko abuztuak 5 - Gasteiz

Bi urteko etenaren ostean, azkenean bueltatu da Zeledon. Arratsaldeko seietan eman zieten atzo hasiera Gasteizko jaiei, Zeledon panpinaren jaitsierarekin. Pozik hartu zuten denek.

Jaitsieraren aurretik, kalean prest zeuden larrialdietako langileak eta udaltzainak. Plaza betetzen zuten milaka lagunak ospakizunetarako motorrak berotzen ari ziren jada. Istripuak eragozteko, beira eta latak plazara sartzea debekatu zuten, eta, arautegia betetzeko, sarbide guztiak hesitu zituzten, eta poliziak zeuden bertan kontrola egiteko.

Ilara luzeak sortu ziren plazara sartzeko, eta, behin barruan, milaka pertsona bildu ziren, jai giroan ospakizunei hasiera emateko. Ilara egin bitartean, herritarrek gogotik oihukatuz abestu zuten, askok kalimotxoa eta garagardoa edaten zuten bitartean. Zeledonen abestia seiak baino lehen entzun zitekeen plazan, eta alkohol usaina ere nabari zen. Tenperatura 25 graduren bueltan zegoen; alabaina, ez zegoen suhiltzaile kamioirik beste urte batzuetan bezala, jendea busti eta giroa freskatzeko.

Aurten ere bai! Jaietan jai, errespetuz leloa irakur zitekeen San Migel elizaren eskaileren ondoan. Bozgorailuetako musikarekin girotu zuten plaza, eta jendea dantzan jarri. Plaza inguratzen duten etxeetatik, bizilagunek ur pertzakadak botatzen zituzten —suhiltzailerik ezean, batzuek eskertu zuten—. 16:30 aldera, lehenengo suziria bota zuten; txupinazoa oraindik hasiko ez bazen ere, zaratarekin berotzen hasteko deia egiteko. Orduan, jendea oihuka eta txaloka hasi zen.

Hasieran, eguzkiak gogor jotzen zuen plazaren erdigunean, eta bertan pilatuta zeuden lagun asko buruan txapela zutela babestu ziren. Askok festetako zapiak ere soinean zituzten jadanik, Zeledon jaisteko momentuari ezin itxaron; izan ere, tradizioaren arabera, Zeledon jaitsi ondoren jantzi behar da zapia. Batez ere, gazteak ikus zitezkeen oihu, salto eta dantza artean, baina baziren heldu eta haur batzuk ere. Hango eta hemengo biztanleak zeuden plazan: batzuk ardoa botatzen eta elkar zikintzen, argazkiak ateratzen besteak, eta besteren bat izozki bat erosi eta hura jaten ere bai. 17:00etan, kanpai hotsek jo zutenean, jendea erotu egin zen. Airean plastikozko botilak eta zapiren bat ere ikus zitezkeen. Haur bat negarrez hasi zen, baina geroxeago poztu egin zen, gurasoek erosi zioten ur botilarekin jolasean. Ur botilarekin gurasoak eta aitona-amonak bustitzen ondo pasatzen ari zela zirudien. Ura amaitu zitzaionean kexu zen, eta «ura!» exijitzen zuen.

Euskal presoak etxera! zioen pankarta batzuk jarri ahal izan zituzten plaza erdian dagoen eskulturaren inguruko hesian. Horretarako, hesia eta eskulturaren goiko zatia eskalatu behar izan zituzten, eta, lortu zutenean, jendeak txalotu egin zituen. Lau lagunen artean, eskulturaren alde banatan pankarta bat jarri zuten.

Maskararik ez zen ikusten ia. Hala ere, Lucia Pozari, birusak baino gehiago, ziztadek ematen diote beldurra: «Babestu egingo gara gure artean, baina amorrua ematen du ziztatu gaitzaketelako zaindu beharrak». Adierazi zuenez, txupinazoaren alderdi onena «jende berria ezagutzea» da, eta txarrena, «jende gehiegi egotea eta beroa».

Musika gelditu zenean, jendea ero moduan hasi zen oihuka, saltoka eta Zeledonen abestia abesten. Orduan bota zuten suziria, arratsaldeko seietan. Aurten, udalak emakumezkoen presentziaren alde egin duela eta, bost andreren artean eman zioten su: Elena Loyo atleta; Ruth Brito triatleta, entrenatzaile eta enpresaburua; Maria Jose Saez de Kortazar ostalaritzako langilea; Arantza Navarro Tecnaliako ikertzailea; eta Jaione Prado merkataria. Jendeak saltoka eta kantuan erantzun zuen, zapiak astintzen zituztela, eta Zeledon panpina hasi zen jaisten San Migel elizatik behera. Txistulariek ere girotu zuten plaza, eta panpina balkoira iritsi zenean abiatu zen Gorka Ortiz de Urbina plaza zeharkatzera euritako urdina eta zahatoa soinean zituela. Bi minutu eta 45 segundo inguru kostatu zitzaion, bide garbia baitzuen, eta erraz igaro baitzuen.

Segidan, puru usaina nabaritzen hasi zen. Zeledonek, plaza agurtu, eta jendea abesten jarri zuen: plaza osoak saltoka erantzun zion. Hasieran gazteleraz abestu zuen, ondoren euskaraz. Jaien «falta sumatzen» zuela esan zuen, eta, «bi urte pasatu eta gero, gozatzera!» eta «gora gu ta gutarrak!» esanez, aterkia itxi zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Jaiak gasteiztarron topagune dira»

Unai Etxenausia

Kazetari eta parrandazale moduan ezagutu ditu Fiestrasek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Bizitza osoan bi urtez baino ez du huts egin, eta datozen guztiez «gozatzeko asmoa» daukala iragarri du.
2 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jana eta edana azkenera arte

Eider Etxeberria Soria

Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Gasteiztarrek azkenera arte zukutu dituzte festa egunak. Txorizoa eta patatak banatu dituzte kuadrillek, eta buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejiran ibili dira. Tabernariak gustura daude jaiekin.
Jendeak arabiar jaki tipikoez gozatzeko aukera izan du Gasteizko jaietan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Kulturen arteko elkargune

Unai Etxenausia

Arabiar Azoka antolatzen dute Gasteizko jaietan, eta arabiarren eta euskaldunen arteko topagune bihurtu da. Francisco Juan Ayala plazan jarri dituzte saltoki guztiak.
Rafa Gorrotxategi, Tolosako Txokolatearen Museoan. ©JON URBE / FOKU

Bisita gozoa Tolosako museoan

Iraia Irazusta Mujika

Tolosako Txokolatearen Museoa 2020tik dago zabalik. Bisita gidatu zein birtualen bidez ezagutu daiteke, eta hainbat tailer egiteko aukera ematen du, txokolatearekin jolasteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...