Michael Nesmith

Bere burua berrasmatu zuen musikaria

Telebistarako saio batek The Monkees talde 'prefabrikatuko' partaide gisa aurkeztu zuen Michael Nesmith 1960ko urteetan. Gitarristak, baina, bere talentua erakutsi zuen kantu propioak sortuta.

BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Hirurogei urte egin behar da atzera The Monkees taldeak 1960ko hamarkadaren bigarren erdian ekarri zuena bere neurrian baloratzeko. Musika talde bat protagonista zuen telesail bat eman zuen NBC telebista kateak 1966an, arrakasta handiarekin eman ere, eta The Monkees laukotea gazte belaunaldi baten ikono bilakatu zen istantean. Telebistan nahiz agertokietan, Mickey Dolenzek, Davy Jonesek, Peter Torkek eta Michael Nesmithek osatutako taldeak hasieratik grabatu baitzituen pop argitsuz osatutako diskoak, nahiz eta talde prefabrikatu bat izateak mesfidantza handia eragin musikazale batzuen artean.Lau gazte haien artean berehala nabarmendu zen Michael Nesmith gitarrista eta abeslaria, eta taldea desegin zenean ere bakarkako ibilbide interesgarria egin zuen. Herenegun hil zen, Dolenzekin elkartu eta The Monkeesen agur bira amaitu eta hilabetera.

Michael Nesmith (AEB, 1942-2021) 23 urterekin aurkeztu zen The Monkees taldera batzeko entzunaldietara. Pop musika bere garai gorenean zegoen, telebista esparru gero eta handiagoa ari zitzaion kentzen zinemari,The Beatlesen A Hard Day's Night filma arrakastaz estreinatua zen ordurako, eta Bob Rafelson zein Bert Schneider ekoizleei iruditu zitzaien musika talde bati buruzko telesail batek bere bidea egin zezakeela. The Monkees telesailak pop talde baten abenturak kontatuko zituen, gidoi soil batekin eta abestiei garrantzia emanez.

Entzunaldietara 500 bat lagun aurkeztu ziren, eta haien artean aukeratu zuten telesailerako laukotea. Baldintza bat izan zuten hasieratik: Tommy Boycek eta Bobby Hartek konposatutako piezak izango ziren nagusi taldearen kantutegian, nahiz eta Gerry Goffin eta Carole Kingek ere kantu pare bat idatzi zituzten taldearentzat. Berak idatzitako hiruzpalau kantu sartu ahal izan zituen Nesmithek The Monkeesen lehenengo bi diskoetan, nahiz eta taldeari oihartzun ikaragarria eman ziona Neil Diamondek idatzitako I'm a Believer izan zen.

Autonomia eske

Arrakasta handia izan arren, The Monkees taldeko kideak berehala ohartu ziren euren oihartzuna ez zela The Byrdsek edo The Beatlesek zutena. Telebistan aritzeak maila bat beherago kokatzen zituen kritikarien aurrean. Horren aurrean, autonomia handiagoa lortzeko borrokatu ziren, eta Headquarters hirugarren diskorako lortu zuten bereak izatea kantu gehienak, Nesmithek ez ezik, beste hiru kideek ere idatzi baitzituzten hainbat pieza.

Hortik aurrera, ordea, arazoak hasi ziren taldearentzat. 1968an Bob Rafelsonek eta Jack Nicholsonek zinemara eraman zuten The Monkees telesaila, baina filmak (Head) oso kritika txarrak izan zituen, eta Nesmithek berehala erabaki zuen The Monkeesen aroa bukatuta zegoela beretzat. Hurrengo urtean utzi zuen taldea, eta bere lehenengo diskoa (The Wichita Train Whistle Sings) ia segidan argitaratu zuen. Disko horrek Nesmithen norabide berria erakutsi zuen, country musikari lotuagoa. Izan ere, country-rockaren aitzindarietako bat jotzen da gaur egun, eta 1970eko hamarkadan bere izenean eta First National Band taldearekin grabatu zituen diskoak genero horretako klasiko bilakatu dira.

Orduz geroztik, aldian-aldian batu zen The Monkeesera. Azkenekoz azaroaren 14an, Los Angelesen. Hura izan zuen azken saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.