Agirre: «Hausnartu egin behar dugu zergatik joan diren Damaris eta Oroz»

Athleticeko kirol zuzendariak azaldu duenez, kluba «azkeneraino» saiatuko da diruren bat jasotzen taldea utzi duten bi jokalari horiengatik

Angel Villacampa eta Joseba Agirre, atzo, prentsaurrekoan. ATHLETIC.
Julen Etxeberria.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Mugimendu asko egon da Athleticen. Funtsezko bi jokalarik talde zuri-gorria utzi dute: Maite Orozek eta Damaris Egurrolak. Oroz Real Madrilen ariko da, eta Egurrola, ziurrenik, Bartzelonan. Kolpea izan da, eta, Lezaman, gertatutakoa ulertu nahian dabiltza. «Hausnartu egin behar dugu zergatik joan diren, eta zergatik ezin izan ditugun konbentzitu gure proiektuan segitzeko. Garrantzitsua da ulertzea zerk egin digun ihes», esan zuen atzo Joseba Agirre kirol zuzendariak.

Autokritika egin zuen Agirrek. Haren ustez,gertatu dena «baliagarria» izango da etorkizunari begira. «Ziur balioko digula jokalari guztiak konbentzitzeko Athletic dela proiekturik eta talderik onena lehiatzeko. Garrantzitsua da Adurizek agurrean esan zuena: lagun talde bat izanda handiei irabaztearen garrantzia. Ahal duguna egin dugu Damarisek eta Orozek jarrai zezaten, baina biek argi zuten kirol arloan ez zitzaiela ematen beraiek nahi zutena. Pena da». Orozez, esan zuen «duela bi urte» egin ziotela berritzeko eskaintza, jokalaria larri lesionatuta zegoela, baina ez orduan eta ez geroago ez dutela jaso erantzunik.

Athleticek ez du dirurik jasoko Egurrola eta Orozengatik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi baitu konpentsazio klausulak ez dutela baliorik jokalari zuri-gorrien kasuan, Athletic ez baitago Espainiako Kluben Elkartean. Bi jokalari horiek 250.000 euroko konpentsazio klausula zuten. Agirrek jakinarazi zuenez, «azkeneraino» saiatuko dira diruren bat jasotzen. Horretarako, BOEk lan ituna argitaratu zain daude klubean, atzerako eragina duen legea izan daitekeen edo ez jakiteko.

Athleticek hiru jokalari garrantzitsu gabe ekingo dio lehiari, Ane Azkona aurrelaria larri lesionatuta baitago. Hala ere, asmo handiko helburuak aipatu zituen Angel Villacampa entrenatzaileak. «Ez nago prest txikian pentsatzera. Athleticen, gorenean dago beti exijentzia. Goian egoteko borrokatu behar dugu».

Sarriegi, ilusioz

Amaiur Sarriegik ere ez du Athleticen segituko, aurrelari donostiarra Realean ariko baita. Agirreren arabera, haren egoerak ez du zerikusirik Egurrola eta Orozenarekin. «Bigarren taldeko fitxa izango zuela esan genion, bere adinarekin [19 urte] uste baitugu onena dela, lehen taldearekin jokatzen ez bazuen. Berak ulertu du Realean aukera izango duela».

Hain zuzen, Realak atzo aurkeztu zuen Sarriegi. «Ilusioz» dago. «Golak sartu nahi ditut, toki bat lortu, eta gozatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.