Astea ondo amaitu nahi dute Realak eta Osasunak, gaur irabazita

ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hiru jardunaldiko astea da hau Espainiako Lehen Mailan. Jokoan izan diren sei puntuetatik lau eskuratu ditu Realak, eta hiru Osasunak. Bada, bi taldeek ondo amaitu nahi dute astea, gaurko partidetan garaipena lortuz. Gorritxoek Mallorcaren zelaian jokatuko dute (14:00, Movistar La Liga); txuri-urdinek, berriz, Elx hartuko dute Anoetan (18:30, Movistar La Liga).

Osasuna emaitza hobeak lortzen ari da etxetik kanpo. Sasoi honetan Sadarretik at jokatu dituen bi neurketak irabazi egin ditu: Cadizen eta Gasteizen. Jagoba Arrasatek, ordea, ez dio garrantzia eman nahi datu horri. «Etxean edo kanpoan izan, gauzei orokorrean erreparatzen diegu. Partidetako momentu onei segida eman behar diegu». Asteazkenean Real Madrilek 6-1 irabazi zion arren, Mallorca talde «ona eta zaila» dela nabarmendu zuen atzoko agerraldian teknikariak. «Aurreko partidetan oso gol gutxi jaso zituen. Gainera, aurkariaren zelaian jokatzea du gustuko, eta korrika egiten uzten badiozu arrisku handia sortzen du». Arrasatek berretsi zuen jakitun zegoela txandakatzeak egin beharko dituela. Baliteke Jose Angel Cote Manu Sanchezen lekuan aritzea, eta Oier Sanjurjo Moncayolarenean.

Realak, berriz, balio handiko garaipena lortu zuen ostegunean Granadan, partida irauliz. Txuri-urdinek bost norgehiagoka daramatzate ligan galdu gabe, eta joko eta emaitza bolada onari eusteko helburuarekin zelairatuko dira Elxen kontra. Imanol Alguacilek arreta osoa gaurko partidan jartzearen garrantzia azpimarratu zuen atzoko agerraldian. «Ezin dugu osteguneko Monakoren aurkako partidan pentsatu. Ondo gaude, baina hau hasi besterik ez da egin. Zaleak etxera harro joatea nahi dugu». Elxen inguruan ere mintzatu zen. «Fisikoki eta taktikoki talde indartsua da. Merezi baino puntu gutxiago ditu». Min hartuta dauden jokalarietatik ez du bakar bat ere berreskuratu Imanolek, eta Alexandre Sorloth gehitu zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.