Italiako Giroa

Behar zenean piztu da

Hindleyk Giroa lehertu du Marmoladan, eta Carapazi lidergoa kendu dio. Landa bigarren postutik gertuago dago. Covik irabazi du etapa

Behar zenean piztu da.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ezkutuan zebilen Jai Hindley (Bora). Maldan gora erraz zihoan, baina Italiako Giroa ia erasorik egin gabe ari zen igarotzen. Blockhausen esprintean irabazi zuen etapa, eta Aprican segundo batzuk harramazkatu zituen, gainsariei esker. Haatik, lasterketa apurtzeko benetako saiakera bat egitea falta zitzaion. Bada, Giro osoan igorritako zantzuei zentzua eman zien atzo, Marmoladan aurkariak txikitu eta maglia arrosa bere eginda. Mikel Landari (Bahrain) 49 segundo atera zizkion, eta Richard Carapazi, 1.28 (Ineos). Lehertu egin zen ekuadortarra, lidergoari eutsi nahian. 1.25era du Hindley sailkapenean. Dena du alde australiarrak 2020ko arantza atera eta Giroa irabazteko. Landa bigarren koskara igotzen saiatuko da gaur, erlojupekoan, 26 segundora hurbildu baitzitzaion Carapazi.

Eguneko beste garaile handia Alessandro Covi (UAE) izan zen, hark jaso baitzituen besoak helmugan. Etapa ihesaldian erabaki zen, seigarrenez jarraian. Italiarrak merezitako garaipena lortu zuen, azken 53 kilometroak bakarrik egin ostean. Hasieran, beste hamalau txirrindularirekin batera egin zuen ihes, eta denak atzean utzi zituen Pordoin. Bukaeran asko hurbildu zitzaion Domen Novak (Bahrain), baina tinko eutsi zion Covik. 32 segundora iritsi zen Landaren eta Pello Bilbaoren taldekidea.

Ikusmin handia zuen piztua atzoko etapak. Mendiko azken saioa zenez, faboritoak su batean aritzea espero zen, San Pellegrinotik bertatik hasita. Helmugatik oso urrun egonagatik, lasterketa puskatzeko moduko mendatea zen. Begirada guztiak Landarengan zeuden jarrita. Podiuma ia ziurtatua izanda, ausart jokatzeko aukera paregabea zeukan. Galtzeko gutxi zegoen, eta irabazteko asko. Tiraka jarri zuen taldea; ez, ordea, triskantza eragiteko asmoz. Onenek motel igo zuten San Pellegrino, baita Pordoi ere. Horren erakusle izan zen ihesaldia aldea handituz joan izana. Marmoladara ia sei minutuko aldeaz iritsi zen Covi; seguru zen italiarra. Iheskideak, berriz, ia bi minutu eta erdira zituen.

Jazarpenean Novak, Ciccone eta Thymen Arensman (DSM) aritu ziren, baina bikain eutsi zien Covik. Zatirik gogorrena azken bost kilometroetan zegoen, eta han beste estutu bat egin zuen Novakek. Pieza taktiko izateari utzi, eta bizi abiatu zen etaparen bila. Tropelean, berriz, Ineosek lekukoa hartu zion Bahraini. Lasterketa erabakita uztea zen Carapazen intentzioa, baina oker jo zuen kukuak. Lehenik, ezinean gelditu zen Landa. Eta, gero, Hindleyk gurpiletik atera zuen liderra, ihesean ibilitako Lennard Kamna taldekidearen laguntzaz.

Azken hiru kilometroak suziria bezala egin zituen Hindleyk. Txinpartak atera zizkien pedalei, non eta Giroko azken mendate handian. Ondo jakin du noiz agertu. Carapazek, berriz, txakalaldia izan zuen, eta aurreratu egin zuen Landak, besteak beste. Arabarrak ondo kudeatu zituen geratzen zitzaizkion indar apurrak. Bilbaok, berriz, eutsi egin zion sailkapeneko bosgarren postuari, doi-doi: hamabi segundora hurbildu zitzaion Jan Hirt (Intermarche).

Gaur bukatuko da Giroa: hamazazpi kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Veronan. Laua da oro har, baina lau kilometroko koska bat du ibilbidearen erdian. Oker handirik ezean, txapeldun bihurtuko da gaur Hindley. Duela bi urte ere lider gisa iritsi zen azkeneko egunera, baina erlojupeko lehian gailendu egin zitzaion Tao Geoghegan britainiarra (Ineos). Oraingoan, ordea, ezin dio ihes egin garaipenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.