Datorren asteko estreinaldiak

Arrakasta goiztiarra eta ibilbide gorabeheratsua

Renee Zellwegerrek Judy Garland aktore eta abeslariaren rola hartu du 'Judy' filmean

Kritikariek asko goraipatu dute Renee Zellwegerren interpretazioa, eta Oscar sarirako izendapena lortu du. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Arrakastatsua eta gorabeheraz betea izan zen Judy Garlanden ibilbide artistikoa. 1922. urtean sortu zen, artisten familia batean; Frances Ethel Gumm zuen benetako izena. Txikitatik, oholtza gainean egoten ohitu zen, 3 urte zituenean Gumm ahizpekin debuta egin baitzuen.

Dantza eta kantu ikasketak egin ostean, AEBetan barna ibili zen, betiere ahizpekin. 1930eko hamarkadan, izen artistikoa aldatzea erabaki zuten; Garland ahizpak bilakatu ziren, eta, hortik aurrera, Frances Judy bilakatu zen.

13 urte zituenean, Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxe ezagunarekin kontratu bat sinatu zuen, baina zinemarako saltoa ez zen erraza izan Judy gaztetxoarentzat: nonbait gazteegia zen helduen filmetan parte hartzeko, baina helduegia haur filmetan aritzeko. Egoera guztiz aldatu zen estudioak Mickey Rooneyrekin elkartzea erabaki zuenean. Era horretan, garaiko bikote artistikorik ezagunenetakoa jaio zen; hurrengo urteetan bederatzi film egin zituzten elkarrekin.

Nolanahi ere, Judy Garlanden benetako jauzia 1939. urtean gertatu zen, Victor Flemingen The Wizard of Oz filmean rol protagonista eman ziotenean. Aktore lanak egiteaz gain, filmean Over the Rainbow abesti ospetsua kantatu zuen Garlandek. Estreinatu zenean, The Wizard of Oz ez zen oso ondo aritu ekonomikoki, baina filmak izar handi bihurtu zuen Garland. Horrez gain, gay mugimenduaren ikono bihurtu zuen aktore eta abeslaria.

Kontzertu ahaztezina

1940ko hamarkadan film ugari egin zituen, horien artean ezagunenak The Clock eta Meet Me in St. Louis. Azken horretan, Vincente Minelli zuzendaria ezagutu, eta handik gutxira ezkondu ziren. Harreman horretatik Liza Minelli aktore eta abeslaria sortu zen.

Arrakasta artistikoarekin bat, gero eta ugariagoak ziren Judy Garlanden arazo emozionalak eta psikologikoak. Filmaketetan huts egiten hasi zen, eta ospe txarra zabaldu zen haren inguruan.

Horiek horrela, 1950eko hamarkadan Hollywoodeko filmetatik urrundu, eta abeslari moduan hasi zen. Hala ere, zinema ez zuen guztiz baztertu, eta 1954an interpretazio aparta egin zuenA Star is Born filmean.

Abeslari gisa, munduan barna ibili zen, eta 1961. urtean New Yorkeko Carnegie Hall aretoan eman zuen kontzertua bereziki gogoangarria izan zen. Emanaldi horretatik atera zuten diskoak, Judy at Carnegie Hall, arrakasta itzela eskuratu zuen. Baina arrakastak ez zuen asebete, eta ondorengo urteak gorabehera handikoak izan ziren. 1969. urtean hil zen, Londresen, 47 urterekin. Dirudienez, barbiturikoen gaindosi batek eragin zion heriotza.

Hain zuzen, Judy Garlanden bizitzaren azken hilabete horiek dira Rupert Gooldek Judy filmean kontatu dituenak. Azken urteotan fokupetatik kanpo egon den Renee Zellwegerrek egin du Garlandena, eta haren interpretazioa oso goraipatua izan da. Besteak beste, emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako izendapena lortu du Zellwegerrek filmean egin duen lanagatik.

'JUDY'

Zuzendaria. Rupert Goold.

Aktoreak. Renee Zellweger, Rufus Sewell, Finn Wittrock, Michael Gambon, Jessie Buckley.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2019.

Iraupena. 118 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.