Hiriaren bihotzean sustraituta

Gasteizko Florida Parkeak berrehun urte bete ditu aurten. Istorio bitxiak bildumatzeko aukera izan du bi mendeotan, baita landare espezie berezi eta askotarikoak ere.

Hiriaren bihotzean sustraituta.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bada Gasteizen bihotzean beste mundu baterako sarbide bat: estilo frantses erromantikoa gogora ekartzen duten hesiak, forma laberintikoa hartzen duten bidexkak eta egurrezko zubiek zeharkatzen dituzten errekastoak. Gasteiztar guztiek ondo ezagutzen dute Florida Parkea. Arabako hiriburuan ugariak dira berdeguneak, baina guztien artean nabarmentzen da Florida Parkea. 1962tik hona, Gabonetan ikus daitekeen jaiotza erraldoiarengatik ezagutuko dute askok. Beste batzuek kultur etxearen ondoko parke gisa oroituko dute, eta egongo da hango kafetegian txokolate beroa hartu duenik ere.

Hala ere, askoz gehiago eskaintzen du parkeak: hango zuhaitz eta hesien artean gora eta behera ibili beharra dago, txoko bakoitzean gordetzen dituen altxor eta istorioak aurkitu ahal izateko. Izan ere, astia sobera izan du bizipenak bildumatzeko: aurten, berrehun urte bete ditu Floridak.

1820. urtean hasi ziren parkea eraikitzen, baina hasieran, kioskoa inguratzen zuen berdegune txiki bat baino ez zen. Pixkanaka hasi zen bere berdetasuna hiriko erdigunean barreiatzen. Hala ere, 1855. urtean izan zuen hedapenik handiena: orduko parkearen ondoan zegoen Santa Klara komentuaren lorategiak bereganatu zituen, 32.454 metro koadroko eremuraino zabalduz. Gaur egungo itxura berezitua ere garai hari zor zaio; izan ere, udaletxeko lorezainek parkea betirako ezaugarrituko zuen apustua egin zuten: Parisko Maria Antonieta parkeak eredutzat hartuta, berdegunean bihotz itxurako hesiak eta frantses estiloko bestelako elementuak sartzen hasi ziren. Parkeak lurrak hartu zizkion urtean bertan, komentua institutu bilakatu zen, eta geroago barnetegi bat ere izan zen. Azkenean, Eusko Legebiltzarrak hartu zuen leku han, 1980. urtean.

Miguel Angel Domingok berrehun urte horien historia biltzen duen liburua idatzi zuen 2003. urtean, eta aurten, udaletxeak liburua berrargitaratzeko enkargua eman dio Mario Saenz de Buruaga biologoari. «Era guztietako gertaerak jazo dira parkean bi mendeotan: esaterako, kioskoaren ondoko biribilgunean fusilatu zuten Manuel Montes de Oca itsas armadako ministroa Esparteroren altxamenduan, 1840. urtean».

Baina ez da parkeari lotutako pertsonaia bakarra. Berde artean sigi-sagan dabiltzan bidexketatik joanez gero, burdinazko eta harrizko hainbat pertsonaia aurki daitezke. Besteak beste, musika klasikoa eta jazza jotzen duen Wynton Marsalis tronpeta jole estatubatuarra ikus daiteke parkeko eserleku baten kontra jarririk, tronpeta eskuetan duela. Eserlekuan bertan, mundu osoko hainbat jazz musikariren izenak irakur daitezke, egurrean grabatuta. «Jazz musikara horren lotuta dagoen hiri baten omenaldi txiki bat da eskultura hau», azaldu du Saenz de Buruagak.



Kioskoaren alde banatan ageri dira beste lau estatua ere, errege bisigodoenak. «Jendea asko harritzen dute estatua hauek; ez dute ulertzen zergatik dauden hemen». Istorio bitxi bat ezkutatzen da eskultura horien atzean: 1821. urtean, Fausto Otazuk, orduko Gasteizko alkateak, Fernando VII.ari eskatu zion diseinatzen ari ziren parke berrirako estatua batzuk bidaltzeko. «Fernando VII.ak baiezkoa eman zion, eta errege etxeari esan zitzaion estatuak aukeratzeko. Errege bisigodoenak izan ziren bidali zituztenak». Baina Madrildik Gasteizerainoko bidea ere ez zen samurra izan harrizko erregeentzat: «Astoen eta gurdien gainean ekarri zituzten Madrildik honaino, eta hain pisutsuak zirenez, estatuaren bat erdibitu egin behar izan zuten garraiatu ahal izateko».

Gasteiztarren lekuko

Estatuak dira parkeko kioskoaren zaindari. Kioskoaren inguruan sortu zen parkea, eta berdegunearen erdigune izan da gaur egunera arte. Entzutetsuak dira han egin diren dantzaldiak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak. Hala ere, XX. mende hasierako dantzaldiak ospetsuak bezain polemikoak ziren. Gizon emakumeen artean tartea uztea derrigorrezkoa zen garaian, dantza lotua dantzatzen zen Floridan. «Guarda bat ezarri zuten orduan, eta metro batekin dantza egitea onartuta zegoen tartea neurtzera joaten zen», dio liburuaren egileak.

Hala ere, dantzaldiez gain, bikoteentzako elkarleku izan da parkea urte luzez: «Bikoteen arteko kontaktua zentsuratuta zegoen garaietan, Florida ezkutuko topaketen lekuko izan da».

Bikoteen topaketen lekuko zen askotan Amodio zuhaitza izena hartu zuen lore arrosako zuhaitz bat. Ezaguna zen bikote askok horren azpira jotzen zutelako babes bila, eta zuhaitzari zazpi bira emateko ohitura zegoen, bikotekidea aurkitzen laguntzen omen zuelako. Beste bertsio batzuen arabera, berriz, beharrezkoa zen bira bakoitzean harri bat jaurtitzea. Edonola ere, zuhaitzak ez zuen patu samurra izan. 1910. urtean, katedraleko absidea eraikitzeko asmoz, 33 metroko garabi bat ezarri zuten, eta hiru kable ainguratu ziren horri eusteko; horietako bat Amodio zuhaitza delakoari lotu zioten. Hori izan zen arbolaren amaieraren hasiera. 1914. urtean diru faltagatik katedraleko obrak bertan behera utzi baziren ere, garabiak han jarraitu zuen 1931. urtera arte. Kendu zutenerako, altzairuzko kable sendoek itoa zuten arbola, haien garro sendoekin lepoa inguratzen ziotelako. Aurten berreskuratu da Amodio zuhaitza: parkearen urteurrena dela-eta, espezie bereko beste zuhaitz bat landatu dute zuhaitz originala zegoen toki berean: Cercis siliquastrum bat da, Judasen arbola izenez ezaguna.

Altxor botaniko bat

Floridako Parkeak aberastasun botaniko nabarmena dauka, ibilbide botaniko batek zeharkatzen duena. Patxi Heras Arabako Natur Zientzien Museoko botanika irakaslea eta ikertzailea da, eta haren hitzetan, parkeak hiri osoko «aniztasun handienetarikoa» dauka. Orain dela urte asko landatutako arbolak dira, gainera.

Berdegunearen beste berezitasun bat kanpotik ekarritako zuhaitzen eta bertako zuhaixken arteko nahasketa da. Herasek hainbat zuhaitz nabarmendu ditu: besteak beste, kalikanto goiztiarra (Chimonanthus praecox): «Txinatik ekarritako zuhaitz bat da, neguan loratzen dena, Gabonetan. Estetikoki oso ikusgarria da, baina arreta pizten duena, batez ere, jariatzen duen usaina da. Espezie hau ez dago beste inon hirian; gainera, parkean dagoen alea duela urte asko landatu zuten».

Indi gaztainondoa (Aesculus x neglecta) da parkeko beste zuhaitz berezi bat. «Gasteizen asko landatzen da, baina Floridako parkean dagoen alea besteengandik ezberdina da, espezie jakin bat baita: indi gaztainondo horia». Ohiko indi gaztainondoak lore zurixkak ditu, baina parkekoak ematen dituen loreak hori-horiak dira. Berez, zuhaitz horrek ez dauka gaztainondoarekin zerikusirik, baina gaztainen antzerako fruituak ematen ditu, eta hortik datorkio izena.

Tulipa arbola bat ere ikusi daiteke Florida Parkean. Ameriketako Estatu Batuetatik datorren zuhaitz bat da, eta Virginiako tuliparbola ere deitzen zaio. Tulipen antzerako lore deigarri bat dauka. Zuhaitz berezien zerrenda amaigabea da Florida Parkean: ginkgoa, Libanoko zedroa...Hiriaren bihotzean sustraituta daude denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.