Ahalduntzea eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea, erakundeen ardatzak

Martxoaren 8an mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute Emakundek eta Iruñeko Udalak

Emakunderen kanpainaren aurkezpena. IHANA IRIONDO / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Emakumeen Nazioarteko Egunerako kanpainak aurkeztu dituzte Emakundek eta Nafarroako Berdintasun Institutuak. Bi kanpainek hitz berean jarri dute arreta: ahalduntzea. Ordea, erakunde publiko bakoitzak ikuspuntu ezberdin batetik heldu dio. Emakundek arreta jarri du neskek eta emakumeek haien etorkizuna berdintasunean, libreki eta genero mugarik gabe erabakitzeko eskubidean. Nafarroako Berdintasun Institutuak, aldiz, emakumeen elkarteen arteko saretzean eta lankidetzan jarri du arreta, emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatzeko.

Emakundek Erabakitzen dudana izango naiz leloa aukeratu du kanpainarako. Irudian, neska gazteak ikus daitezke, zenbait arlotan erreferente izan diren emakumezkoen marrazkien aurrean: Marie Curie zientzialaria, Clara Campoamor idazle eta politikaria, Frida Kahlo margolaria eta Maria Antonia Uzkudun kirolaria. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du neska askok ahalduntzeko pausoak eman dituztela, eta, horren aurrean, gizarteak horretaz gabetu behar duela. «Neskak prest daude, beraien eskubideez jabetu dira, eta gizarteak haien eskakizunei erantzun behar die». Halaber, Emakunderen kanpainak «erreferenteen beharra» islatzen du, «ezagun zein ezezagunak», hurrengo belaunaldietarako eredu izan daitezen.

Elkarte arteko elkarlana

Nafarroako Gobernuak aukeratu duen leloa da Berdintasuna eraikiz ahalduntze kolektiboaren bidez. Kanpainaren bideoak Nafarroako emakume taldeen bizipenak biltzen ditu, ahalduntze kolektiboaren prozesua islatzeko. Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak horren balioa nabarmendu du: «Emakumeen elkarteen arteko sareak sortuz eta agendak bateratuz emakumeen parte hartze soziopolitikoa handitzen da». Bestetik, Ollok azpimarratu du Nafarroako Gobernuak berdintasuna «ardatz» bihurtu duela. «Horrek ahalbidetu digu instituzio eta erakundeak bateratzea».

Izaskun Landaidak emakumeei eskatu die mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzeko. Iruñeko Udalak eskaera bera egin die herritarrei. Halaber, azken horrek hainbat ekintza prestatu ditu martxoaren 8aren aurretik eta ostean, Orain inoiz baino gehiago, bultzada feminista, pauso bat ere ez atzera lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.