Garesti dago adieraztea

Dozenaka herritar daude egun auzibidean adierazpen eta iritzi askatasunarekin lotuta. Pintaketak egitea kartzelarekin ordaintzen da orain, presoen eskubideak argazki bidez aldarrikatzea ere bai, eta egunkarietan gutuna argitaratzea ere bai, besteak beste.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatu eta egunerokoaren aurkako erasoen bidea amaitu denean, ezin esan daiteke Euskal Herrian adierazpen askatasuna bermatuta dagoenik. Ez soilik badirelako Egin egunkarian jarduteagatik oraindik preso daudenak; ezta azken urteetan dozenaka egunkari, irrati, aldizkari eta webgune indarrez itxiak dituztelako ere. Adierazpen askatasuna ez da unibertsala Euskal Herrian 2014. urtean. Horixe erakusten dute azken egun, aste eta hilabeteetan gauzatutako zenbait auzik:

GREBALARIAK



Bi urte eta erdiko kartzela pintaketa batzuengatik



Pintaketa batzuk egiteagatik, bi urte eta erdirako espetxeratu berri dituzte Urtzi Martinez eta Jon Telletxea Bilboko Deustua auzoko gazteak. Iragan larunbatean sartu zituzten kartzelan, 2012ko martxoan lan erreformaren aurka egin zen greba orokorrean Bilboko epaitegi ondoan margoketak egin izana leporatuta.

IRITZI ARTIKULU BATEGATIK



Urtebeteko kartzela



Une batetik bestera espetxeratzeko arriskuan dira Julen Orbea, Maku Basabe, Aitor Zelaieta eta Ziortza Aiensa Bilboko Zazpikaleetako gazteak. Maite Perez auzokidea hil zenetik 25 urte bete zirela eta, haren izaerari eta ibilbideari buruzko iritzi artikulu bat argitaratu zuten BERRIAn, Gara-n eta zenbait webgunetan, 2012ko abuztuan. Urtebeteko espetxe zigorra jarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Mikel Sanchezi 7.300 euroko isuna jarri dio, eta adingabea zen beste lagun bat hilaren 28an epaituko dute Madrilen, Adingabeen Auzitegian.

IKURRINA JARTZEAGATIK



Epaiketa



Iazko sanferminetako txupinazoan Iruñeko udaletxe aurrean ikurrin erraldoia jartzea leporatuta epaitu zituzten Mikel Valdivieso, Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso eta Iñigo Ramaio, aurreko astean. Bi urteko espetxe-zigor eskaera dute arrantzale bizardunek.

'TOPATU'-KO KAZETARIAK



Informatzeagatik



Joan zen astean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Topatu.info atariko kazetari Iraitz Salegik eta Nekane eta Izaro Zinkunegik. 2013ko martxoan Urduñan egin zen Gazte Danbadaren berri emateagatik inputatu dituzte. Hil berri zen Xabier Lopez Peña presoaren aipamena egin zen ekitaldi nagusian, eta hori zabaltzeagatik jarri dituzte auzibidean. Aurrez beste sei lagun dauzkate auzipetuta ekitaldiagatik; guztiak, «terrorismoa goratzea» egotzita.

EUSKAL JAIGAZTETXEKOAK



Urteurrena ospatzeko pintaketengatik



Iruñeko auzitegian hiru lagun epaitu zituzten duela bi aste, Euskal Jai gaztetxearen XX. urteurrenaren berri ematen zuten pintaketak egiteagatik. 624 euroko kalte-ordaina eta sei eguneko etxeko atxiloaldia eskatzen diete. 300 euroko isuna ere jaso dute.

HASIER ARRAIZ



Interpretazio politikoagatik



EAEko Auzitegi Nagusian deklaratu zuen Hasier Arraiz Sortuko presidenteak irailean, bigarrenez, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzteneko ekitaldian trantsizio garaiari buruz egin zuen interpretazio politikoagatik. Fiskalak auzia artxibatzeko eskatu du.

FILM LABUR BATEN EGILEA



Irudietan pintaketa bat egiten ikusten delako



Umorezko film labur batean pintaketa bat egiteagatik «terrorismoa goratzea» egotzita inputatu zuen Guardia Zibilak Leitzako gazte bat, abuztuan. Horrez gain, herria isunez itotzen ari direla ohartarazi dute: urtebetean 52.000 euro pilatu dutela. 35 bat herritarrek 50 isun baino gehiago jaso dituzte; 450 eta 900 eurokoak protestetan parte hartzeagatik, eta 3.000 eurokoak festetan pankartak jartzeagatik.

TATUAJE BAT IZATEAGATIK



Ertzaintzaren isuna



Abuztuan, ertzain batek Pili Irastorza hernaniarrari esan zion zigortu egingo zuela, amnistiaren aldeko irudia tatuatua izateagatik. Txillidak 1976an sortutako irudia du hankan, eta badira hogei urte marraztua duela. «Zer egin behar dut, hanka moztu?», galdetu zuen, harrituta.

ARITXULEGIKO BASOA



Memoriaren aurka



Oiartzungo mendialdean zegoen Gudarien Basoa suntsitu, zuhaitzak sustraietatik atera eta bost lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak ekainean, «terrorismoa goratzea» egotzita. «Amnesia duen herria nahi dute», esan zuten atxilotuek askatzean, oroimenerako eskubidea aldarrikatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak inputatuta daude.

TWITTERLARIAK



Sarekada handia



Sare sozialetan aritzen diren 21 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak apirilean; horietako 15, Euskal Herrian. ETAren aldeko mezuak zabaltzea egotzi zieten. Zenbait hedabideren arabera, 200 herritar zelatatzen ari zen Guardia Zibila, eta jarraitzaile asko zutenak atxilotu eta inputatu zituzten.

PRESOEN ARGAZKIAK



Kartzelan, urtebeterako



Fernando Sota Tafallako herritarra espetxean dago maiatzetik, 197/2006 doktrina ezarria zuten eta aske behar zuten herriko bi presoren argazkiak jartzeagatik. Urtebeterako dute preso.

ZENON ABOKATUA



Torturak salatzeagatik



Ertzaintzak 2010ean Ondarroan egin zuen sarekadan atxilotutakoek torturak jasan zituztela salatu zuen Alfontso Zenon abokatuak jendaurrean, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu zena egin zuen arduradun. Kalumniengatik zigortu zuten abokatua, 2014ko martxoan: 18 hilez eguneko 12 euro ordaintzera, auziaren kostuak pagatzera eta Aresi 5.000 euro ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.