Zahar etxeak. Gipuzkoako lan gatazka

Badira eredu gehiago lanerako

Zestoako San Juan egoitzan lan baldintza eta ratio hobeekin ari dira: han ez da grebarik. Arduradunek diote ikuspegi «ekonomizista» gailentzen ez bada jardun bideragarria berma daitekeela.

Saioa Lasa eta Joseba Ilarramendi, San Juan zahar etxeko atarian. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Zestoa
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Jatorria beste zahar etxe askoren oso antzekoa izan zuen Zestoako (Gipuzkoa)San Juan egoitzak; hango bi ahizpak sustatu zuten orain dela mende bete, eta herriko hainbat eragilek hartu zuten haren gidaritza. «Aldi batean, halakoak izaten ziren miserikordia deituak», gogora ekarri du egungo zentroko zuzendariak Joseba Ilarramendik. Garai hartako gizarte ereduaren arabera antolatutako erakundea izan zen, eta nabarmen aldatu da ordutik, baina, zuzendariaren arabera, baziren han gorde beharreko ezaugarriak: «Hasiera-hasieratik antolatu zuten fundazio modura; irabazi asmorik gabeko erakundea zen. Eta gure ezaugarri nagusietako bat izan da, hain justu, sorrerako espiritu horri eusten asmatu dugula: irabazi asmorik gabeko fundazio bat izatea lehenetsi dugu beti», gogora ekarri du. Ezinbestekoa iruditzen zaio hori egun «uharte» zergatik diren esplikatzeko: izan ere,herrialdean sektorean nagusi diren lan eta arta baldintzekin alderatuta, hobeak dituzte egoitzan, eta langileak ez daude greban.

Ez dute aparteko diru iturririk. «Diru sarrerak egoitza denentzat, oro har, berdinak izaten dira», esplikatu du Ilarramendik. Aldundiarekin itundutakoak dira, oro har, egoitzetako tokirik gehienak: erakundeak diruz lagunduak. Zentroko psikologoa da Saioa Lasa, eta era horretako lekuen garrantzia nabarmendu du, titulartasun pribatu hutsekoak noiz arte pagatu ahal izango dituen ez baitakite egoiliarrek: «Helburua hitzartutako leku bat lortzea izaten da. Izan ere, ez dakizu zenbat biziko zaren: gai izango zaren gastu horri aurre egiteko». Hala, unibertsaltasunaren eta proportzionaltasunaren arteko sistema baten bidez ordaintzen dira tokiak: «Hemen badira egoiliarrak euro bakar bat pagatzen ez dutenak; badira, 2.000 eurotik gora pagatzen dutenak». Zentro publiko bat ez izatearen ondorioz obretarako-eta finantzaketa beren kaxara lortu beharrean ibili behar izateak aparteko zama eragiten diela nabarmendu nahi badute ere, ez dute aparteko diru arazorik: iristen zaie zulorik egin gabe ibiltzeko, lan baldintzetan eta arta zerbitzuetan koska bat gora egonda ere. «Guk besteen etxeetan zer gertatzen den, ezin dugu esan», azaldu du Ilarramendik. «Baina posible da beste lan baldintza batzuetan aritzea: posible da. Aldundia diru publiko asko ari da jartzen: arazoa da diru horrekin zer egiten den». Horregatik, gatazkan erakundeak ardura duela dio: «Garbi».

Langile gehiago dituzte

Batez beste herrialdeko lan itunak ezarritakoa baino %10 handiagoak dira lansariak, langileen eguneko atsedena lanorduen barruan sartuta dute, eta langileren bat falta bada, lehen egunetik ordezkatzen dute. Finkoak dira ia langile denak, eta azpikontratutako zerbitzurik ez dute. Hortxe, sektorearekin alderatuta, hainbat berezitasun San Juan egoitzan. Ratioetan ere, goitik: kalkulatuakdituzte egoiliar denak mendekotasun mailarik handiena balute bezala. «Alegia, eduki daitezkeen ratiorik handienak ditugu. Legeak agintzen diguna baino handiagoak dira», azaldu du Ilarramendik. Lanerako orduan ere, aparteko eran ari dira: «Hierarkiarik gabe». Kanpoko begiek onetsi dute egoitzan daramaten kudeaketa: 2015ean, Euskaliten zilarrezko A lortu zuten; iaz, urrezkoa. Aitzindari izan dira sektorean ziurtagiri horiek lortzen.

2003tik ari da zuzendari Ilarramendi. Milurteko hasiera hartansektorean izan ziren hainbat aldaketak egungo egoera ulertzeko berebiziko garrantzia izan zutela uste du. «Garai hartan, irabazi asmorik gabeko erakundeak eredu ez-profesional gisara ikusten hasi ziren», gogora ekarri du. «Eredu hau gutxiestera egin zen, eta eredu merkantilista baten alde egin zen; hori da garai hartan foru aldundiak egin zuen hautu,nire ustez, garbia. Horren harira, nahiz eta egon gure moduko fundazio gehiago ere, tartean sartu ziren dirua irabazteko asmoa zuten enpresa pribatuak». Joera aski indartsua izan zela adierazi du. «Pribatizazioa, esku hori, denera zabaldu zen: nahiz eta fundazioak irabazi asmorik gabeak izan, azpikontratutako zerbitzuekin lanean hasi ziren. Guk, suertez, asmatu dugu aurreko gure espiritu horri eusten». Gainerakoan, beren martxa ona zailagoa litzatekeela uste du. «Azpikontratatutako zerbitzuak sartzen badituzu, galtzen ari zara aukera zeuk kontrolatzeko: zeure baldintzetan jarduteko. Eta, egun, gurearen gisako fundazioetan ere hori gertatzen ari da: azpikontratatzera egin da. Hori da, nire ustez, sektorea galbidera eraman duena», kritikatu du Ilarramendik.

Zerbitzu klase guztietan

Izaera publikoko zentroak ere izan dira historikoki; udalen ardurapekoak, usu. Aldundiak Kabia erakundean sartzera egin du urteotan. Hor ere ikuspegi «ekonomizistaren» itzala ikusi du Ilarramendik. «Sarri zentro publikoek ere zer egiten dute? Dena azpikontratatu: irabazi asmoa duten enpresen funtzionamendu berdin-berdinarekin». Zahar-etxeetako sukaldeko lanak, garbitasuna, hainbat zerbitzu... Halakoetan azpikontratazioak ohikoak direla dio. Baina are oinarrizkoagoak diren eremuetan ere bai: «Zaintzan: zaintzan ere bai. Zaintzaileak ere badira azpikontratatuta, hein handi batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.