HAUTAGAIAK

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
FRIEDRICH MERZ
Friedrich Merz (Brilon, 1955) 2018ko primarioetan ere lehiatu zen, baina galdu egin zuen egungo presidentearen aurka. CDUren sektorerik eskuindarrena ordezkatzen du, eta askok ultraeskuinari aurre egiteko hautagai apropostzat dute. Hori bai, hura aukeratzeak talka eragin lezake alderdian: «Ez da sekretu bat Merkelekin ez naizela beti ados egon, baina bion artean ez dago adiskidetza beharrik», adierazi zuen Merzek 2018an, politikara itzuli zenean.

Parlamentuan hitzaldi gogorrak egiteagatik egin zen ezagun. Horietako batean hau esan zuen: «Alemaniara datozenek kultura aleman liberalera egokitu beharko dute».

ARMIN LASCHET
Armin Laschet (Akisgran, 1961) Ipar Renania-Westfalia landerreko presidentea da 2017az geroztik —koalizioa osatu zuen liberalekin, eta alderdian sektore zentristakotzat dute—. Haren lehiakideetako bik ez bezala, harreman ona du Alemaniako kantzilerrarekin, eta, 2018ko primarioetan hautagaitzat zuten arren, Merkelen ordezko izateko lehiara ez aurkeztea erabaki zuen. Diputat izandakoa da Alemaniako Parlamentuan eta Europakoan.

Laschetek Jens Spahn Osasun ministroaren babesa jaso du primarioetarako; Spahn 2018ko barne hauteskundeetan lehiatu zen Merzen eta Annegret Kramp-Karrembauerren aurka, eta boto gutxien jaso zuen hautagaia izan zen. Laschet CDUko presidente aukeratuko balute, Spahn bilakatuko litzateke presidenteordea.

NORBERT ROTTGEN
Norbert Rottgen (Meckenheim, 1965) Kramp-Karrembauerren ondorengoa izateko lehian hautagaitza aurkeztu zuen lehena izan zen, eta alderdiaren buruzagitzara iristeko aukera gutxien dituena. Ingurumen ministro izandakoa «CDUren etorkizuna jokoan» dagoelako aurkeztu da barne lehiara. Alderdiaren beteranoetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.