mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Joe Dumars

2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Detroit Pistons taldeak izua hedatu zuen NBAko kantxetan 1980ko hamarkadan. Paseak, erreboteak eta saskiratzeak adina erabili zituzten ukabilkadak, ukalondokadak, matelezurrekoak, zangotrabak, ostikoak, liskarrak eta halako taktika zikinak partidak irabazteko. Hain ziren makurrak, Bad Boys (mutil gaiztoak) ezizena eman ziotela taldeari, eta gainerako taldeetako jokalari eta zaleen artean gorrotatuenak bihurtu zirela. Hala ere, emaitza ezin hobeak izan zituzten, bi denboralditan jarraian titulua irabazi baitzuten, eta, horrez gain, munduko jokalari onenaren taldeari, Michael Jordanen Chicago Bullsi, garaipena oztopatu baitzioten hainbat urtez.

Baina Bad Boys horien artean bazen bertzelako bat: Joe Dumars joko antolatzaile eta eskolta. Dotorea zen bai jokatzen, bai bertze jokalariekin zuen jarreran, eta zalaparta mediatikotik at, umil portatzen zen. Hain zen eredugarria, talde zital haren parte izanda ere, kirol legez jokatzea aitortzen duen sariak gaur egun Joe Dumars Trofeoa izena du.

Felipe VI.a Espainiako erregearen komunikazio estrategia da bera Joe Dumarsen gisa agertzea herritarren aitzinean, hartara, monarkiaren irudia garbitu eta Chicago Bulls batek ez dezan tronutik bota. Baina Joe Dumars izanda ere, taldeari izaera Bad Boys horiek eman zioten, eta jendearen memorian horixe dago. Ez dio anitz lagunduko, gainera, taldeko gaiztoetan gaiztoena bizpahiru egunez zalaparta sortzen ibili izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.