Julia Blasco. Sopranoa

«Irekieran kantatzea bada ardura bat»

4 urterekin hasi zen musikan trebatzen, eta egun Donostiako Orfeoiko kidea da. Gaur abestuko du lehen aldiz Musika Hamabostaldian.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiaren irekiera ekitaldian, Facundo Guerrero tenorearekin eta Sarah Perarnaud pianistarekin batera ariko da Julia Blasco sopranoa (Donostia, 1998), gaur. Goizean, 11:00etan, Donostiako Txara II zahar etxean egingo dute emanaldia, eta arratsaldean, berriz, 19:00etan, Andoainen (Gipuzkoa), Sorabilla harrera etxean. Haendel, Mozart, Puccini eta beste hainbat konpositoreren obrak interpretatuko dituzte.

Zer iragar dezakezu gaurko emanaldiei buruz?

Kantu errezital bat egingo dugu, ordubete ingurukoa. Bi abeslarion artean duetoak, opera eta zarzuela kantu batzuk abestuko ditugu, Sarah pianistak lagunduta; ondoren, Sarah bakarrik ariko da.

Musika Hamabostaldian parte hartzen duzun lehen aldia da. Zer da hori zuretzat?

Musika Hamabostaldiak ekitaldia irekitzeko aukera ematen die gazteei, eta irekieran kantatze hori bada ardura bat, baina ilusioarekin hartu dugu, esperientzia polita izango delako.

Aurrez ezagutzen zenituen zurekin batera ariko diren beste bi musikariak?

Facundo bai; nire eskolan ikasten du, eta irakasle bera dugu, baina Sarah Musika Hamabostaldiaren harira ezagutu dugu, hark kontserbatorioan ikasten baitu. Facundo Kantabrian bizi da, eta entseguak egitea ez da hain erraza. Bakoitzak bere lana egin dugu irakaslearekin, eta gero denon artean eraiki dugu obra. Talde polita egin dugu, eta pentsatu dugu agian etorkizunean beste zerbait egitea ere gure kabuz.

Zerk erakarrita hasi zinen musika klasikoan?

Nire gurasoek Donostiako Orfeoian abesten zuten, eta, horregatik, 4 urte nituela hasi nintzen hango tailerretan. Duela pare bat urte erabaki nuen denbora-pasa zen hori nire lanbide bihurtzen saiatzea. Unibertsitateko ikasketak utzi nituen, eta horretan zentratu nintzen. Musikabi akademia pribatuan ikasten dut, eta aurrera begira kontserbatorioan sartu nahiko nuke. Pianoa ikasten ere ari naiz, ikasketetan laguntzeko.

Elkano, Lehen mundu bira filmerako Joseba Beristainek konposatu duen piezako bakarlaria zara. Nolako esperientzia izan da?

Niretzat berria zen estudioko grabaketa bat egitea eta irudi batzuei musika jartzea, baina oso ondo hartu ninduten, eta oso esperientzia polita izan zen.

Donostiako Orfeoiko emanaldietan bakarlari ere ibili izan zara. Horri lotutako proiekturen bat baduzu esku artean?

Faureren Requiem obra egingo dugu Orfeoiarekin, abuztuaren 16an, Oñatiko Arantzazuko santutegian, eta, besteak beste, bakarlari ariko naiz. Bakarlarizarenean, ardura handiagoa da, eta prestaketa ordu gehiago sartu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.