Danel Agirre.
SASKI DA!

'Becky Hammon efektua'-z harago

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Begiratu begietara. Ezohikoa izan da Espainiako Ohorezko Mailako azken jardunaldia: izan ere, Gironak eta Perfumerias Avenidak asteburu berean galdu dute. Aspaldi gertatu gabeko kointzidentzia ez da inola ere hutsala: bost finalak elkarren aurka jokatzetik datoz, eta azken bi sasoi erregularretan ez zituzten bien artean bost porrot baino gehiago pilatu. Ziklo aldaketak gertukoa eta saihetsezina dirudi, ororen gainetik, Valentziaren proiektuaren ganora dela medio. Gernikarentzat ere zerua zabaltzen ari da. Igandean bigarren urtez segidan gailendu zen Gironan, aintzat hartzeko moduko trinkotasun eta patxada azaldu eta gero. Astez aste hobetuz doa, eta Perfumerias Avenidari ere begietara begiratzeko moduan da: Eurokopan baieztatu berri du.

Txunditu egin ditu. Cleveland Cavaliers zazpigarren da Ekialdeko Konferentzian. Inor gutxik espero zuen halako hasierarik: sotorako hautagai sendoenetakotzat jotzen zen depresioak jotako frankizia, eta egutegi aldrebes samarra zuen. John Beilein Michigan unibertsitateko mitoa —66 urte ditu— behingoz NBAko talde bat gobernatzen ikusteko, hori bai, irrika zegoen. Laguntzaile taldetxorako Lindsay Gottlieb errekrutatu du, saskibaloi alai eta jostalariarekin Ucal-eko neskak NCAAko Lauko Finalera lehenbizikoz sailkatu zituen entrenatzailea. Denboraldi-aurretik jokalarien laudarioak jaso ditu Gottliebek: «Txundituta nauka», aitortu zuen Darius Garland antolatzaile hasiberriak, eta argibide zehatz eta ulerterrazekin hobekuntza agerikoak eragiteko duen abilezia nabarmendu. Emakumezko bederatzigarren entrenatzaile laguntzailea da Gottlieb ligan. Becky Hammon efektua deitu izan zaio azkenaldian kontratazio erreskada horri —San Antonio Spurseko Gregg Popovichen urgazle da duela bost urtez geroztik WNBAko antolatzaile ohia—. Lantaldeotan emakumeak integratzea ez da munta gutxiko kontua; egunero alboan badituzte, izarrek modu naturalean hauteman dezakete laster frankiziak horietako bat goratu eta entrenatzaile izendatzea. Mugarrirako zenbat itxaron beharko dugun asmatzea —urtebete, beste hamarkada oso bat— ez da batere erraza. Askoz ziurragoa: gizonezkoen kirol liga profesionalak oso berandu dabiltza honetan.

Lur hartu ahal duzun bezala. Dion Waiters eskoltak osasun larrialdia izan zuen ostiralean Miami Heat Phoenexetik Los Angelesera eraman zuen hegazkinean. Ustez, taldekide batek emandako kalamuzko gominolak jan berritan kordegabetu zen. Behin lurreratuta, anbulantzia batek pistan jaso, eta antsietate krisiak eman zion. Osatzearekin, hamar partidako zigorraldia ezarri dio frankiziak. Momentuz, Waitersek ez du salatu nahi izan goxokiak nork pasatu zizkion. Min kronikoak pairatu ohi dituzten atletek marihuana trabarik gabe erabil dezaten kanpaina aspalditik ari da bidea egiten Estatu Batuetako liga profesionaletan; Steve Kerr Golden State Warriorseko entrenatzaileak babes irmoa azaldu izan dio, besteak beste. Waitersena bezalako gertaera nahasgarriek ez diote mesede handirik egiten lobbyari.

Azkar, azkarrago. Boston Celticsek orain arte jokatutako zortzi partidetan, Vincent Poirier lautan baino ez da irten pistara: guztira, hogei minutuz. Sasoia martxan ipini baino ez da egin, baina aztoratzeko arrazoirik badu Baskoniako pibot ohiak: Enes Kanter handikoteak min hartu, eta harentzat gordeta ziruditen minutuak ez ditu eskuratu. Poirierren ezaugarriak direla eta, NBArako jokalari aproposa dirudi teorian, baina talde gehienen jarduna are supersonikoagoa bilakatu da aurten. Bostonen, Jayson Tatum 5 moduan ikustea gero eta ohikoagoa da, posizio gero eta lausoagoekin. Portlanden, Mario Hezonja aritu izan da tarteka pibot bakar moduan tarteka. Poirier dagoeneko errotaziotik ia atera duten Nicolo Melli, Hernangomez anaiak, Isaiah Hartenstein, Ante Zizic, Dragan Bender... NBAko aulkiak Europakoak baino askoz bigunagoak dira, baina, jokoaren abiadari so, ezlekuan dira beharbada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.