Xabier Unanue. Zestoako alkate, ohia eta bertsozale bildumagilea

«Lehengo bertsolariak edo oraingoak? Garaian garaikoak»

Jaso, gorde eta eman. 42.000 bertsoz osatutako bilduma Zestoako herritarren esku utzi berri du Unanuek. Bertsoaren, zinemaren eta gorde beharrekoen bueltan memoria bihurtutako pasioa da harena.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Zestoa
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Jasotzea baita bata, eta gordetzea bestea. Bere horretan egiten duherriaren ondarea eta memoria Xabier Unanuek (Zestoa, Gipuzkoa, 1943). 80 urteko memoria bizia da ekintzaz, eta izatez. Buruz eta doinuz dakizki bertsoak, formaz eta irudiz zinemako eszenak. Bi pasio horien bueltan hartu eta egin ditu lanak, besteak beste. Jakin-min aseezina da harena, eta oroimen aparta.

Iruitta baserrian jaiotakoa?

Idoieta da berez, baina horrela ezagutzen dugu bai: Iruitta. Han egon nintzen 3 urte bete arte, eta kalera etorri ginen handik.

Ama zenaren esaldi hura...

Hark zioen baserrian jaiotako kalekumea nintzela.

Orduko zer oroitzapen dituzu?

Oso onak. Gogoan dut eskolan mojetan hasi nintzela. Zestoa osoak maite izan duen moja izan genuen andereño: Sor Maxima. Miserikordiako eskolan egon ginen 7 urte bete arte.

Egin zenuen Miserikordiako eskolari buruzko lan bat ere...

Bai jauna. 2019an bete ziren 100 urte Miserikordia sortu zela —gaur egungo San Joan egoitza—. Bi emakumezkok sortu zuten Zestoan. Alkate denbora askoan izan nintzenez, eta estatuetan jartzen duenez alkatea dela egoitza horren buru, gertutik ezagutu nuen eta gordeta neuzkan hainbat dokumentu. Horrela sortu zen lan hori egiteko ideia.

Badakizu Interneten dagoela?

Bai? Ez nekien. Ikusten? Egunero ikasten da zerbait.

1950ean iritsi ziren lasalletarrak.

Eusebio anaia, Julian anaia eta Ignacio anaia. Horiek izan ziren lehenak Zestoara etortzen. Udan etortzen zen Manuel anaia ere: gizon handi eta bizardun bat. Harekin ikasi nituen nik lehen aldiz euskarazko nor-norentzat... Oso pertsonaia kuriosoa zen.

Hori ez zen oso ohikoa izango...

Inolaz ere ez. Orduan gure artean dena egiten genuen euskaraz, baina eskolan sekula ez.

Euskaraz denok, eta pilotan denok?

Frontoian txikian. Bazegoen orduan esaldi bat oso ezaguna Zestoari buruz: Zestoa zela herri bat ez zeukana ez futbol zelairik, eta ezta Guardia Zibilaren kuartelik ere. Frontoia bakarrik [barrez].

Eta pilotariak ere bai?

Historia handia dauka Zestoak pilotan. Horri buruz ere badut lan bat egina, Gurutzeaga frontoiak 100 urte bete zituenean publikatu genuen liburua.

Izen ezagunenak?

Irureta I.a, Irureta II.a eta Irureta III.a izan ziren lehenak. Azken hori, profesionala, Onaindiarekin, Arriaran II.arekin, Ogetarekin-eta jokatu zuena. Jasota daukat haren biografia. Sorazu ere izan zen profesionala, Iribar ere oso ona, eta Etxabe XI.a ere bai.

Gaurkoak ikusten dituzu?

Telebistaz. Altuna III.ak ematen dit atentzioa, baina 80 urte hauetan ezagutu dudan pilotaririk onena Ogeta izan da: ikuskizun erabatekoa, eta diferentzia markatzen zuena.

14 urterekin hasi zinen lanean?

Bai jauna: 1957ko urriaren 14an.

Hori da hori memoria.

Ez zait sekula ahaztuko.

Zergatik?

Pilarika eguna tokatu zelako larunbata, 13an igandea, eta astelehenean hasi nintzelako lanean.

Zertan?

Tailer mekaniko batean, Guztiok Bat enpresan, tornuak egiten. Hori izan da nire ofizioa.

Hogei duro astean?

Sobre txiki batean sartuta, astearen amaieran.

Amarentzat?

Jakina. 14 urterekin hasi eta soldadutza egin arteko guztiak amari.

Industriak indar handia zuen orduan Zestoan?

Herri txiki bat izateko, industria garrantzitsua zeukan: Egiguren, Etxabe, Guztiok Bat, Sorazu... Mekanikako tailerrak eta fundizioak.

Pasatu dira kontu horiek?

Horiek joan dira. Industriak Zestoatik alde egin du.

Zergatik?

Nik baino gehiago dakitenek egin beharko lukete azterketa soziologikoa. Iritzi asko daude. Nik beti esaten dut Zestoak industria eta turismoa izan dituela. Bi horiek lotuta egon dira. Bainuetxeak sekulako indarra zeukan. Hamalau hotel egon ziren Zestoan: bost bainuetxean bertan, eta handik kanpora besteak.

Bainuetxean lan egin zenuen?

Botones edo mandatu mutila izan nintzen: 10 urterekin hasi eta 14 bete arte. Bertan lo eta bertan jan. Ekainaren amaieratik festak pasatu arte. Aita zenak ere bainuetxean egiten zuen lana, nire emazteak ere bai —Ispasterkoa da izatez eta bainuetxera etorri zen neskame—. 700 bezero eta 100 zerbitzari: herri bat zen hura.

Baina herritarren etxeetan ere hartzen omen zuten ostatu kanpotar horiek?

Dirudunak hoteletara joaten ziren. Baina ez ziren guztiak dirudunak, eta horiek herritarren etxeetan hartzen zuten ostatu.

Oraingo apartamentu turistikoetan bezala?

Horixe bera [barrez]. Gure etxean hiru anaia ginen, eta ez zen etxe handia. Udan, ganbaran egiten genuen guk lo, eta kanpotarrek gure etxean. Eta ez zen gurean bakarrik gertatzen. Izan ere, belle époque dioten hori Vallellanoko kondeak edo Mutrikuko kondeak biziko zuten, baina beste guztiek ez. Gainontzekoak osasun kontuengatik etortzen ziren, bainuetxeko urengatik, eta ez zuten hango luxua ordaintzeko dirurik.

Zergatik galdu zen hura guztia?

Garai hartan turismoarentzat egiten zen lana, eta gaur egun turismotik nahi dugu bizi. Industrian ere egon dira eguneratu ez direnak, lehengo enpresari eta gerente haien nortasunik izan ez dutenak, eta baldintzak ere ez dira askotan aldekoak izan. Baina ez dut uste sekretu handirik kontatzen ari naizenik, eta ez dut uste Zestoan bakarrik gertatu denik.

Zinearekin izan duzuen pasioa bai, hori Zestoakoa da oso...

Udan beteko dira 60 urte Elizondo zinea inauguratu zela: Cuatro en un jeep pelikula proiektatu zen. Lan bat egina daukat Zestoako zinearen historiari buruz, eta udazkenean aurkeztuko dut. Izan ere, ez da ohikoa Elizak 1953an zine bat sortzea. Hipotesi ezberdinak daude mahaiaren gainean.

Eta zein da zurea?

Historia bat osoa dagoela atzean. Badago Zestoako hotelari batek, Blas Alkortak, egindako idatzi bat. 1908koa da, eta udalari baimena eskatzen dio bere kafetegian zinematografoa proiektatzeko. 1908ari buruz ari gara. Lumiere anaiek egindako lehen proiekzioa 1895ean izan zen, Parisen. Eta begira Zestoako eskaera hori noizkoa den. Badaude datu gehiago: 1928an, bainuetxean, film mutu bat grabatu zen, 25 milimetrokoa. Proiektore bat ere agertu zen gerora. Beraz, badakigu bainuetxean proiektatzen zutela zinea. Zestoan ez zegoen zinerik, baina Asuncion hotelean bazegoen lokal bat proiekzioak egiten zituena, 16 milimetroko proiektore batekin. Beraz, badago halako giro bat turismoak, kanpoko jendeak zituen beharretara egokitzekoa.

[Oraindik argitaratu ez duen liburuaren zirriborroa hartu du esku artean].

Zeinen ausarta den ezjakintasuna! Hemen azaltzen naiz ni aurkezle lanetan, zineaz zerbait nekielakoan. Topaketak sortu ziren gero: begira hemen Aita Barandiaran gurekin 1979an. Idatzi ere egin nituen artikulu batzuk garai hartako zineaz Zeruko Argia-n...

Noiz arte antolatu zenituzten Euskal Zinema Topaketak?

1991n amaitu ziren.

Orduko zer pelikula edo aktore dituzu gogoan?

Super 8ko pelikula haien arrazoia ez zen zine handia egitea. 70eko hamarkadan jende askok egiten zituen grabazioak filmagailuarekin. Guk hori bagenekien, eta topaketen helburua zen Super 8ko formatu horri leiho bat irekitzea. Baldintza bakarra jarrita: euskaraz izan behar zuela, edo itzulita euskarara, edo azpidatzita euskaraz. Horrekin sekulako borroka izan genuen.

Harrobi bat sortu zenuten?

Haietako asko 16 milimetroan aritu ziren gero, eta 35 milimetrora pasatu ziren ondoren. Topaketen itxiera ekitaldia egiten genuenean, afari bat antolatzen zen bainuetxean, eta bertara gonbidatzen genituen gerora euskal zinemaren ikurrak izan direnak. Hor daude argazkietan: Elene Lizarralde eta Kontxu Odriozola aurkezle lanetan, Luis Iriondo, Jabier Elorriaga... Baina gure asmoa ez zen aktoreak sortzea, baizik eta zine mota hori plazaratzea.

Gaurko zinema ikusten duzu?

Gutxiago. Urte askoan jarraitu nuen Donostiako Zinemaldia. Euskadi Irratian ere aritu nintzen esatari modura Begoña del Tesorekin batera. Telebistaz ikusten dut orain ikusten dudan apurra. Edadeak ez du barkatzen.

Barkatu? Zineari buruzkoak dira horiek, baina bertsolaritzari buruzkoak... Noiz hasi zinen bilduma egiten?

1976tik aurrera. Eta esango duzu: «Zergatik?».

Zergatik?

Orduan jabetu nintzelako bertsolaritzaren garrantziaz. Uztapide Uztapide zen. Lehen omenaldia Zestoan 1956an egin zitzaion. Nik 13 urte neuzkan! Eta lehen aldiz bertsoak orduan idatzi zituen: bere omenaldia eskertzeko hamabost bertso. Udalak publikatu egin zituen, nik gorde eta Xenpelar Zentroan daude orain. 1974an antzerki bat antolatu genuen Zestoan, nik zuzenduta. Ordurako Uztapidek bazituen hiru txapel. Aurreneko bertso jaialdia 1976an antolatu genuen. Tartean, Xalbador eta Mattin. Xalbadorrek abestu zuen agurraren amaierak dio: «Uste nuen hilko nintzela zu ezagutu gabe, Zestoa». Eta urte berean hil zen. Jose Mari Iriondo etorri zen gaiak jartzera, eta eskatu zigun ea grabatu zezakeen saioa. Loiola Irratiak gure saioa grabatzea sekulakoa zen, eskatu nion bakarra izan zen grabazioaren kopia emateko. Orduan hasi nintzen urtero Zestoako bertso saio horien grabazioak gordetzen. 1976tik 2000ra arteko jaialdi denak. Loiola Irratiaren bidez, kasetean.

Lan eskerga da...

Bertsoak jasotzen hasi nintzenean, ez nuen inolako asmorik bilduma hori osatzeko. Jasotzea zen kontua: baditut Zestoako zezenketei buruzkoak jasota, pilotari buruzkoak, zineari buruzkoak... Desordenatu samarra naiz, baina badut ordena bat nire baitan. Bertsoen kontuan, ordea, badago detaile bat aipatu beharrekoa.

Zein?

Zestoan bazen beste bertsotzale porrokatu bat: Laxaro Garate Urbistondo. Zapataria zen. Maite zuen Uztapide. Aritzen zen zapatak konpontzen, eta irratiz bertsoak entzuten. Tarteka, grabatu egiten zituen kasetean, eta grabazio batzuetan entzun egiten da bere mailutxoaren hotsa zapata zolen kontra: tok, tok, tok... Nik ez nuen horren berririk, baina hara non etortzen zaidan egun batean; 80 urte inguru zituen. Hiru zapata kaxatan sartuta, 110 kasete ekarri zizkidan. Horiekin eta nik neuzkanekin, pentsatu nuen: «Hemen bertso pila bat zegok». Orduan hasi nintzen ordenatzen.

Transkribatzen, eskuz?

Hasierako denak, eskuz. Gaizki edo ondo. Euskaldun zaharra izan naiz, eta euskaraz ez dut batere ongi idazten. KZ Gunean apuntatu nintzen 2010ean. Erretiroa hartuta nengoen ordurako, eta zerbait egin behar... Atzamar aldrebes hauekin. 69 urterekin piztu nuen lehen aldiz ordenagailu bat. Eta hasi nintzen eskuz idatzitakoak ordenagailura pasatzen.

Gaurko bertsolariei entzuten diezu?

2000. urtetik aurrera-edo utzi nion modu horretan segitzeari. Esan beharra dudana da ez naizela sekula txapelketazalea izan.

Zergatik?

Guk Zestoan zine topaketa antolatu genuen, ez lehiaketa. Han ez zegoen lehenengorik eta bigarrenik: etorri, proiektatu, eta denei eskaini. Pelikulak neurtzea puntuen bidez, artean hori egitea... Eta bertsolaritza txapelketetan ere beste horrenbeste: artea saritzea oso zaila da. Bakoitzak dauka bere iritzia, eta denena da errespetagarria. Eta garbi daukadan bestea da: bertsolari txapelketak egitea ezinbestekoa dela, ezinbestekoa. Bertsolaritzaren erakusleiho beharrezko bat delako, baina niretzat bertsolaritza beste zerbait da.

Eta zenbat aldiz galdetu dizute: lehengoak ziren hobeak edo oraingoak?

Askotan! Lehengo bertsolariak edo oraingoak? Garaian garaikoak. Eta ez bertsolaritzan bakarrik.

Alkate ere izan zinen bi aldiz?

Zinegotzia izan nintzen lehenengo, oraindik alderdi politikorik ez zegoen garaian: 1974tik 1979ra. Bost urteko esperientzia nuenez, alkatetzarako aurkeztu ninduen EAJk, alderdiekin egindako lehen hauteskundeetan. Alkate izan nintzen 1979tik 1983ra, eta utzi egin nuen. Berriz aurkeztu, eta 1995etik 1999ra izan nintzen alkate. Urte asko, garai ezberdinetan, eta urte gehiegi.

Eta urte gogorrak?

Hori ez dut nik esan behar. Garai hari buruz ez dut besterik esateko.

Politikari kasu egiten diozu?

Ez, periodikoetan bakarrik.

EAJko afiliatua zara?

Bai, bai. 1977an afiliatu nintzen.

80 urte bete dituzu.

Bai jauna. Kandelario egunean.

Eta orain zer?

Nire zinema kontu guztiak Euskadiko Filmategian daude, transkribatutako bertsoak herriko liburutegian daude, eta grabazioak Xenpelar Zentroan.

Gustura gelditu zara?

Oso gustura. 80 urte bete baino lehen egin nahi nituen horiek. Baina nire ganbarara etorri bazina, ikusiko zenuke Zestoako beste hainbat gauza ditudala gordeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.